Familien V. Planak kutsu malguagoa izango du eta familien ikuspegia txertatuko du

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritza Familien Laguntzarako V. Plana diseinatzen ari da
  • Azken bi urteetan (2023 eta 2024), Euskadin 102,2 milioi euro gastatu dira hazkuntza bultzatzeko laguntzetan.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak, gaur Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk egin duen interpelazioaren aurrean, Eusko Jaurlaritza Familiei Laguntzeko V. Plana diseinatzen ari dela baieztatzen du.

Diseinu horri ekin aurretik, IV. Planaren ebaluazioak argi utzi ditu jarraitu beharreko ildo batzuk. Lehendik dauden kontziliazio-politikak eta gurasotasun-programak indartu behar dira. Era berean, komenigarria da enpresen inplikazioa sustatzea eta premia bereziak dituzten kolektiboei lehentasuna ematea, hala nola guraso bakarreko familiei, familia ugariei edo desgaitasunen bat duten kideren bat dutenei.

Familientzako laguntzei dagokienez, adibidez, prestazio ekonomikoak areagotu eta unibertsalizatu egin dira, eta haurrak zaintzeko zerbitzuak eskuragarriagoak dira. Umeen ongizateari dagokionez, nabarmendu behar da haurren eta gazteen osasun mentaleko zerbitzuak eta programa pilotu soziosanitarioak bultzatu nahi direla.

Plan berriaren helburu nagusia, beraz, umeen, nerabeen eta familien ongizatea benetan hobetzeko laguntzak indartzea da. Plan horrek berrikuntza esanguratsuak dakartza. Alde batetik, familien ikuspegia txertatzen da, eta, nola ez, haurtzaroarena eta nerabezaroarena. Bestalde, ikuspegi malguagoa lortu nahi da. Joera berri horri esker, jarduera guztiak ez dira hasieratik zehaztuta egongo eta, beharren arabera, Familiei Laguntzeko V. Plana egokitzen joango da.

Planak udalei, Foru-Aldundiei eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei zuzendutako jarraibide argiak eta zehatzak izango ditu. Ez da eremu horretan egiten diren jarduera guztien katalogo bat izango, familien egoera hobetzeko aurrerapen argia diren jarduketa instituzionalak detektatzeko baliabide bat baino.

Europako testuinguruan, Euskadi 0-3 urteko haurren eskolatze-tasa handiengatik, aitatasun-baja luzeagoengatik edo familiei laguntza ekonomikoa emateko tarteko mailengatik nabarmentzen da baita laguntza fiskalen garrantzi handiagatik ere. Hazkuntzarako laguntzen lerroari dagokionez, laguntza horiek lortu ahal izateko gutxieneko baldintzak erroldatzea eta bizikidetza dira.

Autonomia Erkidego batzuetan ez dago horrelako laguntzarik, beste batzuetan baldintza gehiago eskatzen dira, eta hainbatetan Euskadin baino kopuru txikiagoa ematen da. Azken bi urteetan (2023 eta 2024), Euskadin 102,2 milioi euro gastatu dira hazkuntza bultzatzeko laguntzetan.

Gobernu honek lehentasuna ematen dio seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabide ekonomikoak bermatzeari, haurren pobrezia prebenitzeari eta gizarte-bazterketaren belaunaldien arteko transmisioa murrizteari. Ideia hauetan oinarrituta Familiei Laguntzeko V. Planaren diseinua osatuko da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)