Eusko Jaurlaritzak proposamen berriak aurkeztu ditu sukaldeko eta garbiketako langileen baldintzak hobetzeko eta elkarrizketarako konpromisoa berretsi du

Argitalpen-data: 

Joan den abendutik, Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek sukaldeetako eta garbiketako langileen hitzarmenari buruzko negoziazioei ekin diete, langileen egonkortze-prozesua amaitu arte negoziazio horiek atzeratzea elkarrekin adostu ondoren. Prozesu horretan, bi alderdiek bilera-egutegi bat adostu zuten. Hala ere, lehenengo bilera egin baino lehen, sindikatuek greba deialdia egin dute.

"Funtsezko sektorea da, ezinbesteko lana egiten duena ikastetxeen eguneroko funtzionamenduan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean lan-baldintzak hobetzearen aldeko apustua egiten dugu, eta sindikatuekin negoziazioetan aurrera egiteko eta akordioak lehenbailehen lortzeko prest gaudela berresten dugu ", adierazi du Blanca Guerrerok, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak.

Hezkuntza Sailak hainbat neurri aurkeztu dizkie sindikatuetako ordezkariei joan den urtarrilaren 27an. Horien artean, urteko lanaldia murriztea, langile-figura berriak sortzea eta baimenak handitzea.

Eusko Jaurlaritzak negoziazioetan aurrera egiteko eta elkarrizketa- eta lankidetza-borondatea berretsi du. Alderdi guztiak gonbidatzen ditu elkarrekin arduraz eta zorroztasunez lan egitera, benetako aurrerapenak lortzeko eta sukaldeetako eta garbiketako langileentzat hobekuntzak bermatzeko, hezkuntza-sistema osoa hobetze aldera.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)