Joan den abendutik, Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek sukaldeetako eta garbiketako langileen hitzarmenari buruzko negoziazioei ekin diete, langileen egonkortze-prozesua amaitu arte negoziazio horiek atzeratzea elkarrekin adostu ondoren. Prozesu horretan, bi alderdiek bilera-egutegi bat adostu zuten. Hala ere, lehenengo bilera egin baino lehen, sindikatuek greba deialdia egin dute.
"Funtsezko sektorea da, ezinbesteko lana egiten duena ikastetxeen eguneroko funtzionamenduan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean lan-baldintzak hobetzearen aldeko apustua egiten dugu, eta sindikatuekin negoziazioetan aurrera egiteko eta akordioak lehenbailehen lortzeko prest gaudela berresten dugu ", adierazi du Blanca Guerrerok, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak.
Hezkuntza Sailak hainbat neurri aurkeztu dizkie sindikatuetako ordezkariei joan den urtarrilaren 27an. Horien artean, honako hauek daude: urteko lanaldia 1.472 ordura murriztea kategoria guztietarako (horrek esan nahi du 100 ordu gutxiago izango direla), adinaren araberako lanaldia murriztea 60 urtetik aurrera, lanbide-figura berriak sortzea, baimenak luzatzea, eszedentzia-aldi berriak sartzea eta lan-osasuna hobetzeko neurriak hartzea, besteak beste.
Halaber, Sailak funtsezko konpromisoak hartu ditu negoziazio horretan, hala nola funtzioak eta lan-kargak eguneratzea, ordezkapenak egiteko hautagaien araudia berrikustea eta pixkanaka beteko den egutegi baten bidez euskalduntze-prozesua indartzea, besteren artean.
Eusko Jaurlaritzak negoziazioetan aurrera egiteko eta elkarrizketa- eta lankidetza-borondatea berretsi du. Alderdi guztiak gonbidatzen ditu elkarrekin arduraz eta zorroztasunez lan egitera, benetako aurrerapenak lortzeko eta sukaldeetako eta garbiketako langileentzat hobekuntzak bermatzeko, hezkuntza-sistema osoa hobetze aldera.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)