Europako Clean Industry Deal-ek Euskadirentzat dituen aukerak aztertu ditu Euskal Industria Deskarbonizatzeko Foroak

Argitalpen-data: 


      IMG_2866.jpeg
  • Foroa hainbat eragilek (hala nola industria-klusterrek eta Eusko Jaurlaritzak) deskarbonizaziorako irtenbide teknologikoei buruz eztabaidatzeko topaleku gisa finkatu da.
  • Mikel Jauregi sailburuak azpimarratu duenez, "industriaren bitartez zentzuzko deskarbonizazio baterantz aurrera egiteko apustua egin dugu. 1990. urteaz geroztik, % 45eko murrizketa lortu dugu industria-emisioetan, baina gehiago eskatzen diogu geure buruari eta ez gara konformatzen. 2050. urterako “net-zero” helburua lortzeko lanean dihardugu. Europak Clean Industrial Deal ekimenaren alde egin duen apustua Euskadiren apustua ere bada, eta garatzen ari garen Industria Plan berria ildo horretatik doa”.
  • Euskal Industria Deskarbonizatzeko Foroaren bosgarren topaketak Clean Industrial Deal berria izan du ardatz, hots, Europako Batzordeak industriaren lehiakortasuna indartzeko eta klima-neutraltasunerako trantsizioa bizkortzeko garatu duen legegintza-ekimena.

 

Euskal Industria Deskarbonizatzeko Foroak 2023an sortu zenetik bosgarren topaketa egin du gaur, BEC - Bilbao Exhibition Center-en. Jardunaldian, DCARTECH Aliantzako hainbat industria-klusterrek hartu dute parte (Aclima, AFV, Energiaren Klusterra, Paperaren Klusterra, Siderex, ACICAE eta HEGAN izenekoek), eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso da, Net Zero Basque Industrial Super Cluster ekimenaren koordinatzailea den SPRIren bitartez.

90 erakundeko 140 pertsona baino gehiago inskribatu dira, eta deskarbonizaziorako irtenbide teknologikoen eskariaren eta eskaintzaren arteko topaleku gisa finkatu da Foroa.

Oraingoan, jardunaldiak Clean Industrial Deal berria izan du ardatz, hots, Europako Batzordeak industriaren lehiakortasuna indartzeko eta klima-neutraltasunerako trantsizioa bizkortzeko garatu duen legegintza-ekimena. Hainbat hitzaldi eta mahai-ingurutan, Europako estrategia berri horrek euskal industriarentzat deskarbonizazio-erronkei aurre egiteko izango dituen inplikazioak eta eskainiko dizkion aukerak aztertu dira.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik amaierako diskurtsoan azpimarratu duenez, “deskarbonizazioa erronka handia da euskal industriarentzat, baina aukera handia ere bai. Azken 35 urteetan, oso lan handia egin dugu, eta, 1990. urteaz geroztik, % 45eko murrizketa lortu dugu industra-emisioetan. Baina gehiago eskatzen diogu geure buruari, eta lana dugu oraindik. Herrialde gisa, helburu garbia dugu: 2050. urterako “net-zero” lortzea. Europak Clean Industry Deal ekimenaren alde egin duen apustua Euskadiren apustua ere bada, eta garatzen ari garen Industria Plan Berria ildo horretatik doa. Euskadik prozesu horretan egingo duen ekarpena industriarekin eta industriaren bitartez zentzuzko deskarbonizazio baterantz aurrera egitea izango da. Horretarako, funtsezkoa da hori guztia modu ordenatu eta orekatuan egitea, eta EBko lehiakortasuna eta fabrikazio garbia bultzatzea. Hori lortzeko teknologia eta berritzeko ahalmena ditugu”.

 

Deskarbonizatzeko Foroaren bosgarren topaketa

Energiaren Klusterreko zuzendari nagusi Jose Ignacio Hormaechek eta Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allendek eman diote hasiera ekitaldiari, eta euskal industria-jarduera deskarbonizatzeko eragileen arteko lankidetza eta aliantzak nabarmendu dituzte.

Ondoren, SPRI Taldeko zuzendari nagusiaren ondoko Cristina Oyonek Net-Zero Basque Industrial Super Clusterraren egoeraren berri eman die bertaratuei, eta ekimenaren esparruan landutako azken aurrerapenak aurkeztu ditu. 

Bestalde, Tecnaliako energia, klima eta hiri-trantsizioko zuzendari Jose Luis Elejaldek Q-Cero Aliantza aurkeztu du. Iberdrolak, itdUPMk eta Tecnaliak bultzatuta, industrian eta eraikinetan energia termikoaren eskariaren deskarbonizazioa bizkortzea du helburu, eta dagoeneko 100 kide baino gehiago ditu atxikita. Q-Cero aliantza entitateek egungo egoerari buruz hitz egiteko, lorpenak erakusteko, botila-lepoak identifikatzeko eta sektore guztietan beroaren deskarbonizazioa bizkortzea, lehiakortasunari eustea eta trantsizio energetikoaren aukerak aprobetxatzea eta haiek gauzatzen laguntzea ahalbidetuko duten proposamenak lantzeko leku komun gisa sortu da.

Era berean, Iberdrolako Klima Aldaketa eta Aliantzetako zuzendari Gonzalo Sáenz de Mierak parte hartu du, eta Clean Industrial Deal-ek ezarritako estrategia horretan elektrifikazioak duen garrantzia azpimarratu du, funtsezko bektorea baita Europan energia lehiakorra eta arrazoizko prezioan izateko eta autonomia energetikoa hobetzeko.

Ondoren, Corporate Leaders Groups Europe-ko zuzendari Ursula Woodburn-ek Clean Industrial Deal argitaratu berriaren gako nagusiak aurkeztu ditu, eta Net-Zero Basque Industrial Super Clusterrean lehenetsitako industriak eta ildo estrategikoak bereziki eraginpean hartzen dituzten alderdiak azpimarratu ditu.

Ernest&Young-en Energiaren Sektoreko bazkide eta buru Marta Sánchezek "Clean Industrial Deal eraginkorra eta efizientea Europarentzat" txostena aurkeztu du. Bertan, Europako industriaren deskarbonizazioa bizkortzeko eta haren lehiakortasuna indartzeko neurriak aztertzen dira.

Amaitzeko, Jose Ignacio Hormaechek (Energiaren Klusterra), Emilio Hidalgok (Sidenor), Patxi Rodriguezek (Fagor Ederlan), Asier Ochoa de Eribek (Heidelberg Materials), Iñaki Sanchezek (Papresa) eta Jose de la Sen-ek (Sener) moderatutako mahai-inguru batean Clean Industrial Deal ekimenak euskal industrian duen eraginari buruz eztabaidatu da.

 

Net-Zero Basque Industrial Super Cluster

Net-Zero Basque Industrial Super Clusterren helburua da euskal industrian zero emisio garbietarako trantsizioa bizkortzea, industrian energia-kontsumoaren deskarbonizazioa eta energia-efizientzia bultzatzea eta, aldi berean, garapen teknologikoan eta berrikuntzan oinarritutako merkatu-aukeren sorkuntza bultzatzea.

Ekimena Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren bitartez, Euskadiko bi energia-enpresa nagusien (hots, Iberdrola eta Petronor-Repsol enpresen) parte-hartzearekin. Halaber, berotegi-efektuko gasen emisiorik handieneko euskal industriak biltzen dituzten industria-klusterrek parte hartzen dute, baita Energiaren Klusterrak ere, deskarbonizaziorako irtenbideak aurkeztu ditzaketen balio-kateen ordezkari gisa.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)