- Herritarrei deia egiten die martxoaren 8rako antolatutako mobilizazio eta ekitaldietan parte hartzera eta #NiFeministaNaiz traola erabiltzera
- Aurten Beijing-eko adierazpenaren 30. urteurrena eta Euskal Berdintasunerako lehen Legearen 20. urteurrena ospatzen dira
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak herritarrak gonbidatzen ditu martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunean antolatzen diren ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzera eta "Ni feminista naiz" euskal erakundeek bultzatutako kanpainaren leloarekin bat egitera, besteak beste, sare sozialetan #NiFeministaNaiz traola erabiliz.
Emakundek gogorarazi du mundu mailako ultra-eskuinaren erreakzio-testuinguru batean gaudela, zeinean emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza ukatzen den, emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen den eta berdintasun-politikak mespretxatzen diren. Horren aurrean, beharrezkoa da pertsona eta eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztien inplikazioa, emakumeen eskubideak bermatzeko eta gizarte-eredu berdinzaleago baten alde egiteko.
Aurten, berdintasun-politikak garatzeko erabakigarriak izan diren bi mugarri ospatzen dira. Alde batetik, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena ospatzen da, mundu osoko emakume eta neskatoen ahalduntzerako programarik garrantzitsuena. Halaber, 20 urte bete dira Euskadin Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen Legea onartu zenetik.
Horregatik, Emakundek gogorarazi du garaia dela berdintasun politikek eta feminismoak ongizateari, berdintasunari eta pertsonen eskubideei egindako ekarpena aitortzeko, bereziki une honetan, batzuek feminismoa zalantzan jartzen ari direnean, eta berdintasunaren aurkako ideiak zabaltzen, bereziki gazteen artean.
Horrela, Emakundek herritarrak animatzen ditu Martxoak 8a modu aktibo batean ospatzera, antolatutako ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartuz. Gainera, herritar guztiak sare sozialetako #NiFeministaNaiz kanpainarekin bat egitera animatzen ditu.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)