Susana García Chueca sailburuak nabarmendu du 12 urtetik beherakoentzako garraioaren doakotasuna "geratzeko" neurria dela

Argitalpen-data: 


      _DSC0068.jpg
  • Sailburuak eskertu egin du garraio publikoko operadoreen prestasuna "herritarrentzat ona den" eta "familien ohiturak eta konpromisoa sortzea" bilatzen duen neurriarekiko
  • Susana García Chuecak uste du erabakia "tarifa-politika homogeneoagoa gauzatzearen" ildoan doala

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak positibotzat hartu du atzo Euskadiko Garraio Agintaritzaren bileran operadore nagusiek garraio publikoaren doakotasuna 12 urtera arte zabaltzeko erakutsitako prestasuna. "Pixkanaka ezarriko dugun neurria izango da, lurralde bakoitzak errealitate desberdina duelako eta lurralde-arduradunek erabaki egokiak hartu beharko dituztelako beren erabaki-eremuetan", zehaztu du sailburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

"Garrantzitsuena da neurria positiboki hartu dela, Euskadin geratzeko datorren neurria baita. Unea aprobetxatu nahi dut eskerrak emateko EGAn parte hartzen duten eragile eta arduradun guztiei, Jaurlaritzarekin batera, haien prestutasunagatik, ulermenagatik eta partekatzen dugun neurri bat onartzeagatik, herritarrentzat ona baita ", adierazi du García Chuecak.

Neurri hori indarrean sartzeari dagokionez (Euskadi osoko 130.400 haurrek jasoko dute, eta urtarrilaren 7tik aurrera Bat, Barik eta Mugiko herritarren arretarako bulegoetan eskatu ahal izango dute txartel pertsonalizatua), sailburuak ziurtatu du: "ahalik eta azkarren joango gara, prozesuek behar dituzten egokitzapen tekniko eta administratiboak egiteko denbora behar dugu". "Oso garrantzitsua da neurri hori lurralde-mailako garraiobide guztietan egokitu ahal izatea. Ulertu dugu hobe dela elkar joatea eta lurralde bakoitzean neurria operadore guztiok batera martxan jartzea", ziurtatu du.

Neurriaren helburuei dagokienez, onuradunei ematen zaien laguntza ekonomikoaz gain, sailburuak azaldu du "familien aldetik ohiturak eta konpromisoa sortzea" bilatzen dela. "Adingabe bat garraio publikoan badoa, horrek ere pertsona heldu bat beraiekin doala esan nahi du. Gazteek kontzientziazio berezia dute klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta autoak aparkatuta uzteko konpromiso berezia dute; horrek eragin positiboa du haien osasunean eta planetaren osasunean ", adierazi du. Gainera, gogorarazi du "hilabetez hilabete garraio publikoaren errekorrak” lortu direla deskontuei esker, eta hori el abian jartzeko Eusko Jaurlaritzak orain arte 42 milioi euro erabili dituela azpimarratu du.

2025erako erronkak

Datorren urteari begira, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak adierazi du mugikortasunean "iraultza" ekarriko duten obrekin jarraituko dutela hiru lurralde historikoetan, eta herritarrak "erosoago, jasangarriago eta modu  eskuragarriagoan" mugitzeko balioko dutela. Eta adibide gisa aipatu ditu Topoa Donostiatik igarotzen den trenbidea, Gasteiztik Zabalganarako tranbia luzatzea edo Bilboko metroaren 5. lineako lanak.

Halaber, 2025erako Bat, Barik eta Mugi txartelen elkarreragingarritasuna ezarri du helburu gisa, baita tarifen integrazioan aurrera egitea ere: "Euskadin oso bide interesgarria abiatu da, eta legealdi honetan indartu nahi dugu, tarifa-politika homogeneoagoa egitea, kolektiboen egoera pertsonalei erantzungo dieten tarteekin".

Gainera, gogorarazi du urtarrilaren 1etik aurrera Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko duela aldiriko trenen zerbitzuaren kudeaketa, eta García Chueca sailburuak "erronka garrantzitsutzat" jo du hori, eta "hobekuntzak nabaritzen hastea" espero du. Ildo horretan, Arabako aldirietako sarea eta Bizkaiko C-3 linearen berrantolaketq martxan jarriko direla nabarmendu du, baita Karrantza eta Aranguren lotuko dituen anezka eta  irisgarritasunean egingo diren hobekuntzak ere.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)