Kriminologiaren Elkargo Ofiziala sortzeko lege-proiektua onartu da

Argitalpen-data: 


      Gobernu_Kontseilua.jpg

Gobernu Kontseiluak, 2024ko azken bileran, Kriminologiaren Elkargo Ofiziala sortzeko Legearen Proiektua onartu du. Elkargoa sortzeak helburu du Euskal Autonomia Erkidegoko kriminalitatearen azterketa hobetzea. 

Lege-proiektua Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, bertan onartua izan dadin.

UPV/EHUk urteak daramatza Kriminologiako Gradua ematen eta elkargoa sortzeak kriminologiako tituludunen interesak hobeto defendatzea ekarriko du, haien jarduna koordinatuz.

 

Alokairuko babes sozialeko 227 etxebizitza Bilbon

Halaber, Jaurlaritzak argi berdea eman dio Bilbon babestutako 227 etxebizitza berri sustatzeari. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 23 milioi euro inbertituko ditu ekimen honetan.

Batetik, Peñascal auzoan babes ofizialeko 84 etxebizitza eraikitzeko kontratua baimendu da. Guztira 17 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo da, urte anitzeko plan baten bidez, eta 2028an amaitzea aurreikusten da.

Bestetik, Zorrotzaurren, Bilboko hiri-berroneratzearen epizentroetako batean, alokairu eskuragarriko babes sozialeko 143 etxebizitza sustatzea ere onartu da.

 

5 milioi euro metereologia-aurreikuspeneko ekipamenduetarako

Gobernu Kontseiluak 5 milioi euroko inbertsioa onartu du meteorologia-arloan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren denbora errealeko neurketa-sistemak eguneratu eta berritzeko.

Muturreko metereologiari eta klima-aldaketari eraginkortasun handiagoarekin aurre egitea eta erantzutea da helburua.

Gaur onartutako inbertsioa instalazio eta tresna tekniko berrietara bideratuko da, bereziki, radar meteorologikoetara, buietara eta plubiometria neurtzera bideratutako sentsorizaziora.

2024an 232 abisu edo alerta meteorologiko aktibatu dira (2023an baino 32 gutxiago). Abisu horiak izan dira ugarienak, 207 guztira. Euskalmetek ere 25 alerta laranja aktibatu ditu aurten. 2024 honetan ez da inoiz alarma gorririk aktibatu behar izan.

 

900.000 euro, bizikidetzari eta giza eskubideen errespetuari buruzko proiektuetarako

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 900.000 euro bideratuko ditu datorren urtean bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak diruz laguntzeko.

Gobernu Kontseiluak deialdia onartu du gaur eta legez eratutako izaera pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta bizikidetza eta giza eskubideak helburu badituzte eta programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen badituzte. Halaber, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edo kanpoan duten biktimen elkarteek parte hartu ahal izango dute programa honetan, elkartekideen artean, Euskadin gertatutako ekintza terroristen biktimak badituzte.

 

Euskadik beste sei familia siriar hartu ditu

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Gobernu Kontseiluan jakinarazi duenez, Siriatik etorritako sei familia berri iritsi dira Euskadira eta familia horiek babes komunitarioaren ereduaren baitan hartu dira.

Zentzu horretan, gaurko Gobernu Kontseiluak Bilboko Elizbarrutiko Caritasek, Gizarteratzeko Loiolaetxea elkarteak, Alboan fundazioak eta Ignacio Ellacuria Gizarte Fundazioak Auzolana babes komunitarioko programa garatzeko jasotzen dituzten dirulaguntzak luzatzea onartu du.

Guztira, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak ia 95.000 euro bideratuko ditu gizarte erakunde horietara.

Babes komunitarioko programa hau errefuxiatuen babeserako eskubidea ziurtatzetik harago doa; izan ere, laguntza handiagoa eskaini nahi du, tokiko laguntza sareak sortuz.

 

Euskarazko harrera-ikastaroak finantzatzeko lankidetza-hitzarmena HABErekin

Gaurko Gobernu Kontseiluak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin (HABE) duen hitzarmena luzatzea ere erabaki du, EAEn bizi diren 16 urtetik gorako etorkinentzako euskarazko harrera-ikastaroak finantzatzeko. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak 70.000 euro bideratuko ditu.

Ikastaro hauen helburua Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren eta euskararekin harremanik izan ez duten Europar Batasunetik kanpoko etorkinen artean euskararen ikaskuntza sustatzea da.

Ikastaro horien helburua ez da soilik prestakuntza-prozesuak eta lan-merkatuan sartzeko prozesuak erraztea, baita interakzio soziala eta ahalduntze pertsonala erraztea ere, atzerritar jatorriko pertsona hauek ingurune soziala ezagutzeko eta menderatzeko.

 

Euskadiko Mugikortasun Jasangarrirako Plana

Gobernu Kontseiluak datorren hamarkadarako Euskadiko Mugikortasun Jasangarrirako Planaren hurrengo faseari ekiteko baimena eman du gaur.

Euskadiko Mugikortasun Jasangarrirako Planaren helburua da garraio modu desberdinen integrazioan aurrera egitea, haien eraginkortasuna hobetzeko, iraunkortasun-irizpideen arabera eta irisgarritasun unibertsala bermatuz.

Tren, autobus, mugikortasun aktibo eta ibilgailu pribatuez gain, aireko, itsasoko, logistikako eta merkantzietako mugikortasuna ere kontuan hartuko ditu planak.

Plana bost urtean behin berrikusiko da, eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, bertan eztabaidatu dezaten, Mugikortasun Jasangarriaren Legeak ezartzen duen bezala. Helburua talde parlamentarioen, herritarren eta gainerako administrazio publikoen ekarpenak biltzea da.

 

Gobernuak luzatu egin du nekazaritzarako, basogintzarako, arrantzarako, elikagaietarako eta landa-garapenerako mailegu eta finantza-kostuetarako laguntzen epea

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Sendotu Programaren nekazaritza-, basogintza-, arrantza-, elikagai- eta landa-garapeneko sektoreetako maileguen berme gisa finantza-laguntzak eskatzeko epea luzatzeari.

Programa honek 17.550.000 euroko aurrekontua du. Laguntzak Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde laguntzaileek emandako maileguen eta interes-tasen hobarien bidez egituratzen dira.

Sendotu programak hainbat laguntza ezartzen ditu nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, elikagaien eta landa-garapenaren sektoreetako pertsona fisiko edo juridiko pribatuentzat, inbertsio-proiektuak finantzatzeko.

 

Prentsa-txostena

Gai zerrenda

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)