Javier Hurtado sailburuak legegintzaldiko lehenengo Turismo Mahaia deitu du ildo estrategikoak azaltzeko

Argitalpen-data: 


      mesa_turismo.jpg

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak legegintzaldi berriko lehenengo Euskadiko Turismo Mahaia deitu du, Jakes Agirrezabal Turismo eta Merkataritzako sailburuordearekin, Clara Navas Turismoko zuzendariarekin, Izaskun Gomez Merkataritzako zuzendariarekin eta Daniel Solana Basquetourren zuzendariarekin batera.  

Bileran foru-aldundien, Euskadiko hiriburuetako udalen eta Eudelen, merkataritza-ganberen, unibertsitatearen eta turismo-eskolen, ostatu-enpresen eta ekitaldiak antolatzeko enpresen, bidaia-agentzien eta turismo-gidarien, turismo aktiboko enpresen, ostalaritza-elkarteen, kontsumitzaile-elkarteen eta sindikatuen ordezkariak ere izan dira.

Bere hitzaldian, sailburuak turismo-industriak Euskadin bizi duen une gozoa azpimarratu du, sektorea desestazionalizatzeko azken urteetan egindako ahaleginak islatzen dituen hazkunde eutsiarekin. Datuen arabera, 2024an, Euskadiko turismoak % 1,4 egin zuen gora udako hilabeteetan eta % 4 uda-garaitik kanpora.  

Sailburuak legegintzaldi honetarako ildo estrategikoak azaldu dizkio sektoreari, arlo arautzailean legegintzaldirako funtsezko hiru helburu ezarrita. Lehenik eta behin, Turismoaren Lege berria egitea. Horrek arau-esparrua egungo erronka globaletara egokitzeko aukera emango du, hainbat elementu gehituz, besteak beste, energia-jasangarritasuna, turismo inklusiboa eta irisgarria, Turismoaren Kode Etikoa eta iraupen laburreko alokairuen Europako Erregelamendua. Horrez gainera, sektorean ikuskapen- eta zehapen-prozedurak optimizatzeko tresnak ere barne hartuko ditu.

Bigarrenez, Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) garapena nabarmendu du. Baliabide turistikoak antolatzeko eta babesteko tresna estrategikoa da, horien jasangarritasuna sustatuz eta erabilera helmugen karga-ahalmenarekin bateragarri eginez. Eta, azkenik, egonaldi turistikoen gaineko zerga sustatuko dela jakitera eman du, horren helburua izanik Euskadi bisitatzen dutenek hobetzen ere laguntzea.

Sailburuak Sailaren 2025erako aurrekontu osoa ere laburbildu du. Aurrekontuaren zenbateko osoa 57,8 milioi eurokoa da, aurreko urtekoa baino % 8,3 gehiago, eta horietatik 21 milioi turismoaren arlora bideratuko dira.  Inbertsio-lehentasunen artean lurralde-proiektuetarako laguntzak, merkaturatze-programak, ekintzailetzari laguntzea, sektoreko elkarteentzako dirulaguntzak eta gobernantzarako eta erakundeen arteko lankidetzarako ekimenak daude.

Gainera, Euskadik 4 milioi euro jasoko ditu Europako Funtsetatik, bi programa estrategikotarako: Turismoaren Jasangarritasun Sozialeko Plana, sektorean enplegu jasangarria eta lan-ongizatea sustatzea helburu duena, berdintasun, aniztasun eta genero irizpideak txertatuz; eta gaitasun digitaletan prestatzeko programa, sektoreko 700 langile baino gehiago gaitzeko eta turismo-enpresa txiki eta ertainak digitalizatzen laguntzeko diseinatua.

Amaitzeko, sailburuak azpimarratu du ildo estrategiko horien helburu nagusia dela turismo-politiken ardatza pertsonak izatea, ongizatea, behar sozialak eta garapen jasangarria lehenetsiko dituen eredu bat sustatuz. “Arreta pertsonengan, euren ongizatean eta beharretan, jarriko duen turismoa nahi dugu.  Eredu horri esker sektore dinamikoa, orekatua eta gizarte osoarentzat balioa sortuko duena garatzen jarraitu ahal izango dugu”, esan du bukatzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)