"Ingurunean dauden ziurgabetasunek zentratuta egotea eskatzen dute. zenbat eta babes handiagoa izan hobeto" adierazi du d"Anjou sailburuak aurrekontu-negoziazioaren inguruan

Argitalpen-data: 

 “Badakigu ez dugula Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien babesa baino babes handiagoa behar, baina ingurunean ziurgabetasunak daude, eta zentratuta egon behar dugu, denok bat eginik. Zenbat eta babes handiagoa izan hobeto”. Oposizioko taldeekin zabalik dagoen eta bigarren txanda izan duen aurrekontuen negoziazioa gai hartuta, egin du balorazio hori Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak gaur Onda Vascan egin dioten elkarrizketan.

Bere iritziz, “taldeen aldetik erantzuna jasotzeko unean gaude”, “haiei entzun ondoren haratago joan gara. Haien planteamenduak jaso ditugu eta berrogeita hamar ekimen baino gehiago proposatu ditugu, gure eskumenen eta aurrekontuaren barruan”.

Xehetasun handiagoz, d'Anjou sailburuak elkarrizketa horretan argitu duenez, “atzo ez genuen zifrarik aurkeztu, negoziazio-esparru bat baizik. Negoziatzen jarraitzen duten ala ez erabakitzeko zain gaude. Kezkatzen dituzten gaiei erantzuten dieten gaiak planteatu ditugu. Sumar taldearen kasuan, badirudi urrunago gaudela, baina denekin elkarguneetara iristeko tartea dagoelakoan nago”.

Gaurkotasunaren errepaso horretan, Ogasun eta Finantzetako sailburuak zerga-erreformaren inguruan ireki den eztabaidaz ere hitz egin du. "Eusko Legebiltzarra ez da eztabaida horretarako foroa. Hasieratik utzi genuen argi”, adierazi du.

2025eko aurrekontu-proiektuari buruz esan du “kontu publiko onak” direla; kontu horiekin “zerbitzuak indartzen ari gara eta etorkizuneko Euskadi diseinatzeko argi luzeak jartzen ari gara. Inbertsioaren aldeko apustua egiten dugu. Komunitate-zentzua indartzen dugu. Joan den astean urrats handia egin genuen Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoarekin”.

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera horren inguruko balantzeari dagokionez, d’Anjou sailburuak Ekonomia Itunaren balioa nabarmendu du; “legealdi honetako gure zutabeetako bat da. Joan den astean oso urrats handia egin genuen. Garrantzi handiko erabakiak hartzen ari diren foroetan egon gaitezke. Beste maila batean jartzea da”. Nazioarteko ordezkaritzari eta presentziari dagokienez ez ezik, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan egindako urratsa ere nabarmendu behar da, atzerriko inbertsioa eta talentua erakartzea ahalbidetuko baitigu.

Europako funtsei dagokienez, d’Anjou sailburuak esan duenez, “korronte zentralizatzailea dago. Jakina, guk oina jartzen dugu horman. Gure ustez, hurbiltasunetik hobeto iristen dira funtsak produkzio-ehunera”. Finantzaketa-iturri berriei helduta, Ogasun eta Finantzetako sailburuak Europako Inbertsio Bankua aipatu du, “horiekin aktibatu nahi dugun gaietako bat zenbait politikaren finantzaketa baita”.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)