- Haren gorpuzkiak Amorebieta-Etxanoko hilerritik berreskuratu ziren 2023ko abenduan, non, orain arte, 106 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu diren
- Ortuellan jaioa, Benigno Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako "Perezagua" batailoiko milizianoa zen, eta gudan hil zen, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean.
Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak eta Saulo Nebreda Ortuellako alkateak Benigno Hierro Pinedoren gorpuzkiak eman dizkiote familiari. Ekitaldia Ortuellako Intxaurdi Gizarte Etxean egin da, eta, ondoren, familiak herriko hilerriko nitxo batean lurperatu ditu gorpuzkiak.
Alberto Alonsok bere hitzaldian esan duenez, "gaur, omenaldi honekin batera, ahaztuko ez ditugula da gure konpromisoa. Gogoratu eta kontatu. Belaunaldi berriei kontatzea gure gizartea eraiki dugun lurzorua milaka pertsonaren sakrifizio izugarrian oinarritzen dela. Askatasuna, bakea, anaitasuna ez direla zerutik erori. Egunero defendatu, zaindu eta aldarrikatu behar ditugun eskubideak dira. Hori da Benignok gaur hemen ordezkatzen dituen milaka eta milaka pertsonei egiten diegun omenaldirik onena".
Gogoraren zuzendariak Benigno Hierroren biografia hizpide hartuta, eta meatzaria zela zehaztuz, eta lan-baldintzak hobetzeko borrokarekin konprometitua egon zena, zera esan du "gure lan- eta gizarte-eskubideen etengabeko aldarrikapenarekin konprometitutako gizartearen oinarri diren langileak". "Benigno izan zen ahotsa altxatu eta bizitza aberriagatik edo banderagatik barik klase-elkartasun hutsagatik eman zuten meatzari ugarietako bat, muga, kredo edo hizkuntzetatik haratago; Benigno Hierrok, hainbat eta hainbat pertsonarekin, bere bizitza eman zuen gaur egungo euskal gizartea eraikitzeko erabili ditugun zutabeak defendatuz".
Saulo Nebreda Ortuellako alkateaz gain, Juan Ignacio Rodríguez Camarero bertako ikertzaileak eta Ortuellako Memoriaren Mahaiko kideek ere parte hartu dute ekitaldian. Haren laguntza funtsezkoa izan da hildakoaren senideak aurkitzeko eta haiekin harremanetan jartzeko, eta, horrela, DNA laginak hartu ahal izateko. Lagin horiek erkatu ondoren, identifikazio genetikoa ahalbidetu dute.
Alonsok eskertu egin du auzokideen oroimena berreskuratzeko erakutsitako jarrera ona eta borondatea, "ahazteari uko egiten dion herri baten testigantza dira". Gainera, bere ikerketa-lana eskertu du, zuzentzen duen erakundearen datu-baseak informazioaz hornitzen laguntzen duelako.
Benigno Hierro Pinedo Zornotzako hilerrian identifikatutako laugarrena da. Orain arte, Adolfo Cengotitabengoa Izurza, Jaime Iñiguez Nieva eta Enrique Contrerasen gorpuzkiak identifikatu eta familiei eman zaizkie. Guztira, hilerri horretan egindako hiru indusketa-kanpainetan 106 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira.
Lurpetik ateratzeko lanak eta orain arte hobitik ateratako gorpuzkien azterketa forentsea egin ondoren, ondorioztatu da gorpuzkiak inguruko fronteetan hildako borrokalarienak edo garai hartatik Zornotzako Ospitale Militarrera eramandako hildakoenak direla. Identifikatu gabe dauden 102 pertsonei izen-abizenak emateko lanak zuzentzeko, 1936ko azaroa eta 1937ko maiatza bitartean, Bizkaian, borrokan desagertutakoen senideen bila dabil Gogora. Gogora Institutuko zuzendariak herritarren laguntza eskatu du bilaketa horretan lagungarri izan daitekeen informazioa biltzeko.
Kokapen-, deshobiratze- eta identifikazio-jarduketa horiek guztiak Gogora Institutuak garatzen duen Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren barruan sartzen dira, Euskal Prospekzio Taldearen, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren bitartez.
Alberto Alonsok guztien lana aitortu du, "identifikazio bakoitzak, errekonozimendu bakoitzak, gorpuzkiak familia bati itzultzeak, euskal gizartea pixka bat duinagoa bihurtzen du".
Biografia
Benigno Hierro Pinedo Ortuellan (Bizkaia) jaioa zen, meatzari gisa lan egiten zuen, ezkonduta zegoen eta bikoteak bi seme-alaba izan zituen. Alderdiaren "Perezagua" 10. batailoian borrokatu zuen.