Lehendakariak bihar-etziko Euskadiren proposamen nagusiak aurkeztu ditu Europan
- Pradales Lehendakariak ziurtatu duenez Euskadik EBko erakundeetan gaur egun duen presentzia eta zeresana indartzea helburu duten hamaika ekimenetan lan egiten ari da Eusko Jaurlaritza
Bruselarako bidaiaren bigarren egunean komunikabideen aurrean egindako agerraldian adierazi duenez, une hau erabakigarria da Europar Batasunaren etorkizunerako; izan ere, Europako erakundeak Europar Batasunaren hurrengo hamarkada baldintzatuko duten erabakiak hartzen ari dira, eta adosten diren neurri horiek guztiek ondorio politiko, ekonomiko eta sozial ugari izango dituzte Euskadin.
Imanol Pradalesek aurreratu duenez, Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolarekin eta presidenteordearekin egingo dituen bileretan euskarak Europako erakundeetan espazioak irabazi behar dituela ipiniko du mahaiaren gainean, zentzu horretan, "euskara EBko hizkuntza ofiziala izateko eta Europako Parlamentuan erabili ahal izateko aukera historikoa dugula" nabarmendu du.
Hain justu ere, helburu hori erdiesteko Eusko Jaurlaritzan egiten ari den lanaren berri emango du Lehendakariak. "Urrats sinboliko oso garrantzitsuak dira, eta gu, gobernu gisa, etxeko lanak egiten ari gara", adierazi du Imanol Pradalesek.
Halaber, Lehendakariak Euskadirentzat oso garrantzitsuak diren beste gai batzuk ere jorratuko ditu Europako Parlamentuko agintari gorenekin, hala nola Europako Funtsen zuzeneko kudeaketa defendatzea, Europan industriaren susperraldia eragitea, etorkizuneko erronkei aurre egiteko inbertsio publikoko proiektuak sustatzea eta ardatz atlantikoa indartzea.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)