Euskadiko Garraio Agintaritzak erabaki du % 50eko deskontuak luzatzea eta 12 urte bitarteko adingabeentzako doakotasuna lurradeka ezartzea

Argitalpen-data: 

  • Erakundeek berretsi dute % 50eko hobariak 2025eko lehen seihilekoan zabaltzeko behar diren tokiko laguntzak handituko direla, astelehen honetako Ministro Kontseiluan onartutako Gobernu zentralaren araudiak planteatzen duen bezalaxe
  • 6 eta 12 urte bitarteko adingabeak dituzten helduak urtarrilaren 7tik aurrera eskatu ahal izango dituzte, Bat, Barik eta Mugiren arreta-bulegoetan, hilabete horren amaieratik otsailaren hasierara lurraldeka ezarriko den doakotasuna baliatzeko behar diren txartel pertsonalizatuak

Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) osoko bilkuraren ezohiko bilera egin du astelehen honetan. Bilera horretan, aztertu dira, batetik, Ministro Kontseiluak garraio publikorako % 50eko hobariak sei hilabetez luzatzeko gaur hartutako erabakia, eta, bestetik, Euskadin adingabeek, 12 urte bete bitartean, garraioa dohainik izatea —Susana García Chueca Euskadiko Garraio Agintaritzaren presidente eta Mugikortasun Jasangarriko sailburuak aurreko osoko bilkuran proposatutakoa—.

Herritarrentzako, oro har, garraio publikorako % 50eko hobariei dagokienez, erakundeek erabaki dute deskontuei eusteko laguntza ekonomikoa mantentzea. Estatuko araudiak ezartzen duenez, gobernu zentralak bere gain hartzen du deskontuaren kostuaren % 30, baldin eta toki-administrazioek gainerako % 20a ordaintzen badute. Euskadin, Eusko Jaurlaritzak, orain arte, % 10 hartu du bere gain, eta probintzia- edo udal-administrazioek eta -operadoreek gainerako % 10a.

Ildo horretan, Mugikortasun Jasangarriko sailburuak aditzera eman du Eusko Jaurlaritzak laguntzari eutsiko diola —orain arte, 2022ko irailean deskontuak hasi zirenetik, tokiko administrazio guztiei lagundu die, 41,7 milioi eurorekin—, eta gainerako erakundeek eta operadoreek ere gauza bera egingo dutela jakinarazi dute. Renferen Aldiriko zerbitzuetan –bere kudeaketa urtarrilaren 1etik aurrera Eusko Jaurlaritzaren menpe egongo da- orain arte bezala doakotasuna mantenduko dute.

12 urte bitarteko adingabeentzako doakotasunari dagokionez —gaur egun 6 urte bete artekoek dute garraioa dohainik, Gasteizko Tuvisa operadorearekin izan ezik, 12 urte bete arteko doakotasuna baitauka—, García Chuecak neurria ezartzeko betebeharra defendatu du, familia-ekonomia arintzen duen aldetik eta belaunaldi berriek mugikortasun jasangarriaren aldeko ohitura har dezaten bultzatzen duen aldetik. Halaber, Eusko Legebiltzarrak 2022ko urrian neurri horren aldeko ebazpena onartu zuela gogorarazi du.

Operadore nagusiak eskubide hori zabaltzearen alde agertu dira, eta, hurrengo egunetan bere erabakitze-asanbladetara –Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Arabako Mugikortasun Agintaritza– eramango dute lurraldeka neurria martxan jartzeko, urtarrilaren lehenengo asteetatik otsailaren hasierara bitartean. Euskadiko 130.000 ume inguru neurri hau eskuratzeko aukera izango dute, 22.000 inguru Araban, 65.000 inguru Bizkaian eta 43.300 inguru Gipuzkoan, Eustaten datuen arabera.

Doakotasunaz gozatzeko, adingabeek txartel pertsonalizatua izan beharko dute, beren bidaiak zero kostuan baliozkotze aldera, beren lurraldean neurria abian jartzerakoan. Hori dela eta, urtarrilaren 7tik aurrera, 6 urtetik 12 urtera bitarteko adingabeak ardurapean dituzten pertsona guztiek arreta-bulegoetara jo ahal izango dute adingabe horientzako txartel pertsonalizatua eskatzeko. Gaur egun txartela duten adingabeek ez dute inolako tramiterik egin beharko.

García Chuecak balioetsi du “Euskadiko garraio publikoko erakundeen eta operadoreen jarrera, mugikortasun jasangarriaren arloan eskubideak zabaltzeko egin diegun proposamena onartu baitute”, eta, adierazi duenez, “beste urrats bat da klima-aldaketaren aurkako erronkan, baita gizarte-justiziako eta familien ekonomia arintzeko neurri bat ere”.  

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)