Debak bat egin du etxez etxeko laguntza-zerbitzuetako eta gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programarekin. Osasun Sailak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoak abian jarritako programa da

Argitalpen-data: 


      Hitzarmena_Sendagaien_erabilera_Deba_.jpeg
  • Gaur egun, 580 gipuzkoar baliatzen ari dira sendagaien erabilera hobetzeko programa, eta Gipuzkoako 47 udalerrik bat egin dute programarekin

Jon Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak, Alazne Txurruka Debako alkateak eta Miguel Ángel Gastelurrutia Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidenteak gaur goizean sinatu dute Deba etxez etxeko laguntza-zerbitzuetako eta gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programari atxikitzeko akordioa. Debaren atxikipenarekin, Gipuzkoako 47 udalerrik hartzen dute parte programa horretan (149 dira Euskadin).

Programaren helburu nagusia da sendagaien eskuragarritasuna areagotzea eta tratamendua behar bezala betetzen dela bermatzea, sendagaien erabilera eta atxikidura hobetzearen bidetik. Horretarako, udalerriko farmaziek etxez etxeko laguntzaileekin eta/edo zaintzaile nagusiekin elkarlanean aritzen dira sendagaiak eskuratu, kontserbatu eta ematearekin zerikusia duten alderdi guztietan.

Debaren atxikipenarekin, Gipuzkoako 47 udalerrik parte hartzen dute jada programan, eta Gipuzkoan 277 farmazia akreditatu dira 580 gipuzkoarrentzako sendagaiak prestatzeko. Programa honek Gipuzkoan 2024rako 160.000 €-ko aurrekontua du.

Euskadin, 149 udalerrik parte hartzen dute programa horretan, eta 734 farmazia daude horretarako akreditatuta; horietatik 437k pazienteak dituzte. Gaur egun, etxez etxeko laguntza-zerbitzuen 1.645 erabiltzailek baino gehiagok baliatzen dute sendagaien erabilera hobetzeko programa. Programa horrek 500.000 euroko aurrekontua du 2025rako.

Funtzionamendua

Programaren funtzionamenduari dagokionez, udal bakoitzeko gizarte-zerbitzuetako zuzendaritzak hautatuko ditu parte-hartzaileak, eta horiek, programan sartu aurretik, horretarako baimena eman beharko dute. Gero, erabiltzaileak farmazia aukeratu beharko du eta elkarrizketa egingo zaio. Elkarrizketa horretan oinarrituta, fitxa bat egingo da hartzen dituen sendagaiei eta dituen osasun-arazoei buruzko informazioarekin. Ondoren, hamabostean behin edo astean behin, farmazialariak dosifikazio pertsonalizatuetan prestatu eta entregatuko ditu sendagaiak.

Horretarako, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak erabiltzen dira. Sistema horietan, pazienteak eguneko une bakoitzean hartu beharreko pilulak antolatzen dira, dosia behar bezala emateko beharrezkoa den informazioarekin batera.

Programaren helburu espezifikoak

  • Pazienteei beren sendagaiak identifikatzen eta sendagaiak hartzeko jarraibideak ezagutzen laguntzea.
  • Pazienteak agintzen zaizkion sendagaiak bere medikuak ezarritako jarraibideen arabera jaso ditzan laguntzea.
  • Tratamenduarekiko atxikidura hobetzen laguntzea (tratamendua betetzea).
  • Sendagaiekin lotutako arazoak identifikatzea, hala nola bikoiztasunak eta ez-betetzeak, eta sendagaien erabilerarekin lotzen diren emaitza negatiboak prebenitzen edo saihesten laguntzea.
  • Etxez etxeko laguntzaileen eta/edo zaintzaileen lana erraztea, sendagaiak eskuratu, kontserbatu eta ematearekin zerikusia duten alderdietan.
  • Etxez etxeko laguntzaileari eta/edo zaintzaileari prestakuntza eskaintzea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)