Bingen Zupiria buru dela elkartu da Cyberzaintza Euskadiko Zibersegurtasun Agentziaren Administrazio Kontseilua

Argitalpen-data: 


      Cyberzaintzaren_Administrazio_Kontseluia_2024-11-20__1_.JPG
  • Euskadiko Zibersegurtasun Agentziaren aurrekontua 5.100.000 eurokoa izango da 2025ean, 2024an baino % 25 gehiago.
  • Beste jarduera batzuen artean, Cyberzaintzak Zibersegurtasunaren aldeko Euskal Ituna sinatzea sustatuko du.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua, Javier Diéguez Cyberzaintzaren zuzendari nagusiarekin batera, Euskadiko Zibersegurtasun Agentziaren Administrazio Kontseiluaren buru izan da gaur goizean. Bilera horretan, besteak beste, 2025erako aurrekontu-proiektua aurkeztu da, eta milioi bat euro gehiago izango du 2024arekin alderatuta, eta 5.100.000 eurora iritsiko da. 

% 25eko igoera horren arrazoia da Agentziaren zerbitzuen eskaintza eta Euskadiko administrazio eta azpiegitura sentikorren aurkako erasoei aurrea hartzeko eta erantzuteko agentziaren gaitasunak zabaltzeko beharra, ziberdelituek gora egiten jarraitzen duten testuinguruan. Gainera, igoera horrekin baliabideak bideratu ahal izango dira herritarrak sentsibilizatzeko eta prestatzeko proiektuak garatzeko.

Bileran, Cyberzaintzaren 2025eko jarduera-planaren berri ere eman da, eta jardueren artean etorkizuneko Zibersegurtasunaren aldeko Euskal Itunaren garapena dago. Akordio horren bidez, Administrazio Kontseiluan ordezkatuta dauden erakunde guztiak hasieratik atxikitzea nahi da, eta Euskadiko zerbitzu publikoen eta azpiegitura kritikoen erresilientzia indartu nahi da, digitalizazioa eta horri lotutako arriskuak areagotzen ari diren testuinguru batean.

KONTSEILUA BERRITZEA

Bileran ongietorria eman zaie, euren karguak hartu ondoren, Administrazio Kontseiluan lehenengo aldiz parte hartu duten Euskadiko erakundeen ordezkari berriei. Hori dela eta, hemendik aurrera, Kontseilua honako hauek osatuko dute:  

  • Eusko Jaurlaritzaren aldetik:Bingen Zupiria, Segurtasuneko sailburua; Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua; Javier Diéguez, Cyberzaintzaren zuzendari nagusia; Joana Egiluz, Babes Zibileko sailburuordea; Agustín Zubillaga, Administrazio Digitaleko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea; Jaione Ganzarain, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; Asier Sáez de Vicuña, EJIEko zuzendari nagusia; eta Iñigo Robredo, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendaria.
  • Foru-aldundien aldetik: Eduardo Aguinaco, Arabako Foru Aldundiko Arlo Estrategikoen zuzendaria; Javier Bikandi, Bizkaiko Foru Aldundiko Koordinaziorako eta Estrategia Digitalerako zuzendaria; eta Xabier Iridoy, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendaria.
  • Udalen aldetik: Asier Iragorri, Basauriko alkatea, EUDELen izenean; Ane Miren Ibañez, Bilboko Udaleko Modernizazio zuzendaria; Eduardo Fernández, Donostiako Udaleko IKT Donostiako zuzendari gerentea; eta Rosa Peral, Gasteizko Udaleko Administrazioa Modernizatzeko Saileko zuzendari nagusia.  

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)