Basque Team Fundazioak bere Gabonetako Gala ospatu du Pariseko Jokoen errepasoa egiteko eta ziklo olinpiko berriari hasiera emateko

Argitalpen-data: 

Ibone Bengoetxea: “Europan, eta munduan, oihartzuna du gure herriak, zuei esker. Euskal kirolarioi esker. Gure nortasunaren eta identitatearen enbaxadore zarete. Euskaltzaletasunaren enbaxadore”.

Basque Team Fundazioak Gabonetako Gala ospatu du EiTBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Bertan, Fundazioarekin harremana duten 250 pertsona baino gehiago batu dira: kirolariak, erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak, enpresak, kirol federazioetako ordezkari eta teknikariak eta enpresa babesleak. Ekitaldiaren burua Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea eta Basque Team Fundazioko presidentea izan da, eta berarekin batera izan dira Gorka Iturriaga, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaria, Olatz Legarza Basque Team Fundazioko Koordinatzailea eta EiTBko Zuzendaria, Andoni Aldekoa.

Galan hainbat aitortza egin dira. Alde batetik, Pariseko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan domina irabazi duten kirolariei: Pau Echaniz piraguista; Kauldi Odriozola eta Imanol Garciandia eskubaloi jokalariak; Bibiane Schulze eta Beñat Turrientes futbolariak; Gracia Alonso de Armiño 3x3ko saskibaloi jokalaria; Ander Cepas mahai-tenis egokituko jokalaria; eta Iñigo Llopis igerilaria.

Eta, beste alde batetik, goi mailako kirolaren zikloari aurten agur esan dioten kirolariak omendu dira eta euren ibilbideak nabarmendu dira: Carlos Tobalina pisu jaurtitzailea, Lourdes Oyarbide txirrindularia, Maialen Oiartzabal eskiatzailea, Joan Crespo eta Aitor Gorrotxategi piraguistak, Teresa Errandonea hesi-lasterkaria, Teresa Gorospe gimnasta, Uribarri Barrutieta errugbi jokalaria, Illart Zuazubiskar txirrindularia eta Eneko Carretero eskalatzailea.

Lehen lehendakariordeak eta Basque Team Fundazioko Presidenteak, Ibone Bengoetxeak itxi du ekitaldia eta kirolariei eskerrak eman dizkie euskal kirolaren enbaxadoreak direlako Europan: “Mila esker Basque Team-ekin lotura duzuen guztiei, goi mailako euskal kirolaren alde egiten duzuen guztiagatik. Europan, eta munduan, oihartzuna du gure herriak, zuei esker. Gure nortasunaren eta identitatearen enbaxadore zarete. Euskaltzaletasunaren enbaxadore”.

Era berean, erreferenteak ezinbestekoak direla nabarmendu du Bengoetxea lehendakariordeak: “Geldiezinak proiektuaren trailerra ikusi dugu gaur eta goi mailako emakume kirolarien lana ikusarazi dugu. Kirolean, bizitzako arlo guztietan bezala, erreferenteak behar ditugu. Etorkizuneko belaunaldietako neskek emakume erreferenteak behar dituzte: jarraitzeko, miresteko eta islatzeko emakumeak. Lana eta ahalegina eginez, ametsak errealitate bihur daitezkeela sinetsi behar dute. Eta, zuei esker, goi mailako emakume kirolariei esker, neska horiek badute erreferenterik. Erreferente horiek geldiezinak dira”.

Azkenik, gizarte eta erakundeak, goi mailako gure kirolarien ondoan egotearen garrantzia azpimarratu du Bengoetxeak: “Herriak, gizarteak, zuekiko duen konpromisoak sendoa izan behar du, gu guztiontzat erreferente eta eredu bihurtzeko egiten duzuen sakrifizio, ahalegin eta lanaren alde. Eta gu, bidelagunak izango gara zuen goi mailako kirol ibilbidean, baita hau amaitzen denean ere. Ondoan izango gaituzue. Jarraitu dezagun, zuen eskutik, gure herriaren, Euskadiren, goi mailako kirolaren historia idazten eta etorkizuneko kirolarientzat erreferenteak izaten”.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)