Basque Circular Summit 2025erako izen-emateak ireki dira; horixe da Europa hegoaldeko ekonomia zirkularrari buruzko ekitaldi handiena

Argitalpen-data: 


      Basque_Circular_Summit_3.jpg
  • Hitzordua apirilaren 2an, 3an eta 4an izango da, Bilbon, Ihobe sozietate publikoak antolatuta, eta industria eta ingurumen arloko 800 profesional baino gehiago biltzea espero du 
  • Berrikuntza gisa, hiru ekitaldik bat egingo dute: ‘Forum’ (kongresuko hitzaldiak), ‘Expo’ (produktu zirkularren lagin bat) eta ‘Village’ (ekonomia zirkularreko jarduerak partekatzeko eta ezagutarazteko gune bat)

 

2025erako antolatuta dagoen Europako hegoaldeko ekonomia zirkularrari buruzko hitzordu handienak, Basque Circular Summitek, dagoeneko ireki du izena emateko epea. Ekitaldia Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, antolatu du, eta apirilaren 2, 3 eta 4an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan industria eta ingurumen arloko ehunka profesional eta espezialista bilduko dira eredu zirkular baterako trantsizioak Europan dituen ondorioak aztertzeko. 

Topaketa honen bidez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak ekonomia zirkular bat bultzatzea sustatzen du, euskal enpresei politika komunitarioak eragindako erronkei aurre egiten lagunduz eta, horrela, lehengaiak hobeto aprobetxatzen dituen ekoizpen eredu baterako trantsizioa bermatuz.  

Berrikuntza gisa, hurrengo edizio honetan hiru proposamen nagusi izango dira: ‘Forum’, kongresuko hiru egunetako hitzaldi guztiak bilduko ditu; ‘Expo’, azken urteetan ekonomia zirkularraren arloan euskal enpresek egindako lana erakutsiko du eta erakusketariak sartzeko irekita dago oraindik; eta, azkenik, ‘Village’, elkartzeko gune bat izango da, eta standak eta ekitaldi paraleloak izango dira, arlo horretan lan egiten duten hainbat erakundek eta eragilek parte hartu, eta euren jarduerak ezagutaraz ditzaten.  

 

Askotariko hitzaldiak 

Basque Circular Summit 2025en webguneak kongresuaren hiru egunetan jorratuko diren gaien aurrerapena jasotzen du. ‘Forum’ izeneko gunearen barruan, ekonomia zirkularraren inguruko arlo guztiei buruz hitz egingo da: ontziak eta ehungintza sektorea, Europako Itun Berdetik Industria Itun Garbi berrira igarotzea, lehengai kritikoak, eraikuntzako materialak, Ekodiseinuari buruzko Europako Erregelamendua, produktuaren pasaporte digitala eta konpontzeko eskubidea.  

Bigarren jardunaldian, EAEko udalerrietan aplika daitezkeen Europako ekimenak aztertuko dira, bai eta jasangarritasuneko gardentasun korporatiboari buruzko arau esparru berria ere. Eztabaida mahaiek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola finantza jasangarriak, hondakinen kudeaketa, ETEen jasangarritasunaren ebaluazioa edo kontsumitzaileak ahalduntzeko modua. Eta garrantzi handiko gaiak ere ez dira alde batera utziko, hala nola ‘greenwashing’-a edo kapital inbertsioak proiektu jasangarrietara bideratzea.   

Azken jardunaldian erakundeen zirkulartasuna eta jasangarritasuna nola neurtu azalduko da, negozio eredu zirkularren adibideak emango dira, eta industrian trantsizio zirkular eta klimatikoa bizkortzeko teknologiak duen garrantzia aztertuko da. Ildo horretan, adimen artifiziala ekonomia zirkularraren esparruan nola aplikatu ulertzeko espazioa ere egongo da, bai eta ekoberrikuntzak materialen eraginkortasuna hobetzeko ematen dituen gakoak ulertzeko espazioa ere.  

   

Euskal produktu zirkularren erakusketa 

‘Expo’ guneak euskal enpresetako zirkulartasunaren adibide ugari erakutsiko ditu hainbat sektorek emandako produktuen bidez. Erakusketa baliagarria izango da, halaber, Eusko Jaurlaritzak aitor dezan Euskadiko industriak ekonomia zirkularrago baterako trantsizioan azken urteetan egindako lana. 

Basque Circular EXPO 2025ek soluzioak proposatuko ditu, orain arte garatutako produktu eta zerbitzuetan. Erakusketan parte hartu nahi duten enpresek 2025eko urtarrilaren 31ra arte eman ahal izango dute izena. Beharrezko baldintzak izango dira, besteak beste, egoitza soziala edo jarduera zentro bat Euskadin izatea eta bere soluzioak erabat garatuta egotea, ingurumen hobekuntza frogagarriarekin. 

 

Networkingerako espazioa  

Basque Circular Summit 2025ek ‘Village’ espazioarekin osatuko du bere proposamena, eta hiru egunetan irekita egongo da, ekonomia zirkularreko erakunde eta eragileek beren burua ezagutzera eman edo esperientziak partekatu ahal izateko. Networking hori 20 stand modularrekin osatuko da, non baliabideen erabilera eraginkorrarekin izandako lorpenak erakutsiko diren, aldaketa klimatikoari edo biodibertsitatearen galerari aurre egiteko lehentasunezko beste estrategia batzuekin batera. Urtarrilaren 17ra arte, interesa duten erakundeek stand batean parte hartzea eska dezakete; erakunde parte hartzaileak eskaintzen den balio proposamenaren arabera aukeratuko dira.  

‘Village’ gunean Basque Circular Summiten barneko ekitaldi paraleloak ere egingo dira, stand horietan dauden erakundeek antolatuta. Guztira, 8 saio erreserbatu dira. 

 

Basque Circular Summiten beste edizio bat 

Basque Circular Summitek 2022ko azaroan egin zuen bere aurreko edizioa, Ficobako erakustazokan (Irun). Bertan 800 profesional eta sektore industrial askotako 350 enpresa baino gehiago bildu ziren, negozio eredu jasangarri eta lehiakorragoak ezagutzeko. 

Hitzordu hark ekonomia zirkularraren arloko Europako erreferentzia bihurtu zuen Euskadi, ekonomia mota hori enpresa sarean aplikatzean zentratuta. 2022ko edizioan Europako Batzordeko ordezkariek, euskal enpresa handiek, hainbat klusterrek, zentro teknologikok eta unibertsitatek parte hartu zuten. 

Basque Circular Summiten 2025eko edizio honek berretsi egiten du Ihobek, hots, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako sozietate publikoak, euskal industria erronka ekonomikoetarako prest egon dadin laguntzeko duen konpromisoa.  

Izen emateak kongresuaren webgunearen bidez egin daitezke:  Basque Circular Summit – 2025. 

  

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)