- Ubarretxena sailburuak azpimarratu duenez, Elkarlan Sariak gure komunitatearen bereizgarririk onenaren isla dira: gizartearen onurarako, balio publikorako eta lankidetzarako konpromisoa
- Bederatzigarren edizioan honako elkarte hauek saritu dira: Lurgaia Fundazioa, Argia Fundazioa, Euskarabentura eta Getxoko Piraguismo Kluba
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxena Getxoko Muxikebarri zentroan egin den Elkarlan Sarien 9.edizioaren banaketa ekitaldian izan da. Ekitaldian parte hartu dute, baita ere, Amaia Agirre Getxoko alkateak, Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Diputatuak; Xabier Ochandiano, Erakunde Harremanetarako sailburuordeak, Miren Martiarenak, Gobernu Onaren eta Gobernu Irekiaren zuzendariak eta Sabino San Vicentek, Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko zuzendariak.
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak antolatutako sari hauek helburua da balio publikoa sortzen duten eta herritarren parte-hartzea, pertsonen ahalduntzea eta gizarte-kohesioa bultzatzen dituzten proiektuak sustatu eta aitortzea.
Ubarretxenak azpimarratu duenez, Elkarlan Sariak gure komunitatearen bereizgarririk onenaren isla dira: gizartearen onurarako, balio publikorako eta lankidetzarako konpromisoaren isla dira. "Aldaketa eta eraldaketa garai honetan, administrazio publikook inoiz baino gehiago behar dugu herritarren ekimena eta parte-hartzea, gizarte gisa ditugun erronka handiei komunitate modura aurre egin diezaiegun, eta, ildo horretan, Elkarlan sariak funtsezko tresna bihurtu dira gobernantzaren berrikuntza indartzeko eta lankidetza sustatzeko ".
Hauek izan dira Elkarlan Sarien 9. edizioko proiektu irabazleak:
- GURE BASOEN ALDE AUZOLANEAN (Lurgaia Fundazioa)
Gure basoak berreskuratzeko eta natura- eta kultura-ondarea babesteko proiektua da, gizartearen eta etorkizuneko belaunaldien mesedetan, boluntarioen laguntzarekin eta lankidetzarekin.
- ARTE KOMUNITARIOA; GAIXOTASUN MENTALA DUTEN ETA EZ DUTEN PERTSONEN GIZARTE-KOHESIOA SUSTATZEKO PROIEKTUA (Argia Fundazioa)
Gizarte-kohesioa sustatzeko eta era komunitarioan Mural bat sortzeko proiektua da. Pertsonen arteko topaketarako eta komunitate sena indartzeko espazioa izan nahi du proiektuak; ahalduntzeko, elkarbizitzarako eta entzute ariketarako espazio segurua; non pertsona eta artista desberdinek beren talentuak batu eta partekatu ahal izango dituzten.
- EUSKARABENTURA ESPEDIZIOA (Euskarabentura: euskara eta Kultura gazteengan sustatzeko elkartea)
Euskal Herria oinez zeharkatzen duen hilabeteko abentura da. Espedizioak, euskal herriko eta euskal diasporako 125 gazteri ematen die parte hartzeko aukera. Proiektuaren helburuak dira gazte euskaldunen sare bat sortzea eta gazteen artean euskara sustatzea.
- DRAGOI ONTZIA ETA PARACANOE; PIRAGUISMOA, BIZITZA BERRI BATEN HASIERA (Getxoko Piraguismo Kluba).
Dragoi ontzia bularreko minbizitik sendatzen, minbizia prozesuan bete-betean edota metastasi prozesuan dauden emakumeen errekuperazio fisiko, psikologiko eta sozialerako ekipo-ontzi gisa jaio zen proiektua da. Proiektu horretara, batu dira, orain, dibertsitate funtzionala duten pertsonak kirolaren bidez osasuna eta errekuperazio fisiko eta psikologikoa sustatzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)