- Bárezek, orain arte Minaren Unitateko atalburuak, ezagutza eta esperientzia handia du Arabako ESIan
- Osasun Sailak eta Osakidetzak zuzendaritza-taldeak osatzeko bidean egindako beste urrats bat da, Osasuneko sailburuak euskal osasun publikoa eta, bereziki, Lehen Mailako Arreta indartzeko abian jarritako berritze-prozesuaren barruan
Arabako ESIa Enrique Bárez Hernández mediku anestesiologoak zuzenduko du, orain arte, osasun-erakunde horretako Minaren Unitateko atalburuak. Bárezek ezagutza handia eta esperientzia egiaztatua du, Arabako ESIan hiru hamarkada inguruko ibilbide profesionala izanik.
UPV/EHUn medikuntzan lizentziatua da, eta 1991. urtean sartu zen Txagorritxu Ospitalean, Anestesiologia, Bizkortze eta Mina Tratatzeko Zerbitzuko mediku egoiliar gisa. Ospitale horretan ibilbide luzea egin du mediku laguntzaile gisa, minaren azterketa, ikerketa eta tratamenduarekin lotuta. Gainera, azken bi urteotan, Osakidetzako minari aurre egiteko Talde Sustatzaileko kide izan da. 30 urte hauetan, gainera, kirurgiako zuzendariorde izan zen 2007tik 2010era bitartean, eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari mediko 2011n eta 2012an.
Nazioartean, 2012tik, Bárez jauna Osakidetzaren ordezkari izan da Societal Impact of Pain plataforman. Europako foro horren helburua da minak gure gizarteetan duen eraginaz kontzientziatzea, informazioa trukatzea, jardunbiderik onenak partekatzea, eta Europan mailan estrategia eta jarduera politikoak garatzea eta sustatzea, Euskadin minaren arreta hobetzeko.
Arlo akademikoan, Bárez irakaslea da Espainiako Minaren Elkarteak (SED) ematen duen Minaren Medikuntzako masterrean. Profesionalen elkarte horrekin lotuta, Kudeaketa Klinikoaren bidez mina aztertu, ikertu eta tratatzeko lantalde bat koordinatzen du.
Bere ibilbidean zehar minaren arloko sariak eta aintzatespenak jaso ditu, eta horien artean nabarmentzekoa da 2016an Minaren Espezialitate Onenaren Best in Class sari entzutetsua. Era berean, bere proiektuak kronikotasunari heltzeko jardunbide egokien katalogoetan sartu dituzte, bai Europa mailan, bai Estatu mailan.
Osasun Sailak eta Osakidetzak zuzendaritza-taldeak osatzeko bidean egindako beste urrats bat da, Osasuneko sailburuak euskal osasun publikoa eta, bereziki, Lehen Mailako Arreta indartzeko abian jarritako berritze-prozesuaren barruan. Horrela, Enrique Bárezek jarduneko gerentzia hartuko du bere gain, eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiarekin bat egingo du legegintzaldi honetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)