Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2025eko urtarrilaren 21ekoa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari izateko laguntzen deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 19
  • Hurrenkera-zk.: 453
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/01/21
  • Argitaratze-data: 2025/01/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Cambridgeko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute ikertzaileek Clare Hall-en egonaldia egin dezaten.

Clare Hall College 1966an sortu zuten, eta ikasketa aurreratuen zentroa da Cambridgeko Unibertsitatearen barruan. Ikertzaile bisitarientzako programa arrakastatsua du. Programa horri esker, mundu osoko akademikoak bizi dira eta lan egiten dute Cambridgen, bederatzi hilera arteko egonaldietan. Cambridgeko Unibertsitateko gradudunen bost ikastegietako bat da. Zentro horretan, Euskal Herriari lotutako gaietan espezialista diren ikertzaile bisitariak izatea garrantzitsua izango da Euskal Herriari buruzko ezagutza garatzeko, eta Cambridge eta EAEren arteko lankidetzan oinarritutako ikerketa sendotzeko.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak betetzeko efikazia, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia, gardentasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu zen legea) eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin, eta eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Halaber, adierazi behar da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren 2025eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasoko duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan.

Eskabideak egiteko, inskripzio-inprimakia bete beharko da, zeina bide telematikoz eskuragarri egongo baita, sailaren egoitza elektronikoan, betiere 4/2022 Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz (4/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.), Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari esleitu zitzaion ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzeko lana.

  1. Agindu honen helburua da gehienez lau dirulaguntza emateko oinarriak ezartzea eta prozedura arautzea, 2025-2026ko ikasturtean Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari gisa aritzeko egonaldiak finantzatzeko.

  2. Modalitateak eta iraupena.

    Ikertzaile doktoreen mugikortasun-programak aukera ematen du Clare Hall-en 4 pertsonara arteko ikerketa-egonaldia egiteko, honako modalitate eta baldintza hauen barruan:

  1. Visiting Fellow (gehienez, 2 pertsona). Visiting Fellow ikertzaileen egonaldia ikasturte akademikoaren barruan egingo da; urriaren 1ean hasiko da, eta 9 hilabete iraungo du gehienez, eta 4,5 gutxienez.

    Euskadi-Erresuma Batua ikerketa kolaboratiboa hezkuntza-arloan sustatzeko interesari erantzuteko, Visiting Fellow plazetako bat ikertzaileentzat izango da, honako arlo hauetan:

    Digitalizazioa: Metodologia eta gaitasun teknopedagogikoak eta ingurune digitalean eta ingurune presentzialean integratzea.

    STEAM proiektuak: ikasleek gaitasun zientifiko-teknologikoak eta jarrerazko alderdiak eskuratzea STEM eremuetarantz, eta arreta berezia jartzea hezkuntza matematikoan.

    Bigarren Visiting Fellow plaza edozein jakintza-arlotako ikertzaileei esleituko zaie.

    Hezkuntzaren arloan hautagai lehiakorrik ez badago, plaza hori beste edozein jakintza-arlotako ikertzaileei esleitu ahal izango zaie.

  2. Post Visiting Fellow (gehienez, 2 pertsona). Post Visiting Fellow ikertzaileen egonaldia ikasturte akademikoaren barruan egingo da; urriaren 1ean hasiko da, eta 2 hilabete iraungo du gehienez, eta 2 aste gutxienez. Modalitate hori eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa izango da ikasturteko deialdia baino lehen Clare Hall-eko Visiting Fellow (Life members) izatea.

    Ezagutza-arlo guztietako Post Visiting Fellow eskatzaileak onartuko dira.

    Bi modalitateetan, egonaldia 2025-2026 ikasturtean egin beharko da, eta ikasturtea 2025eko urriaren 1ean hasiko da.

Agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan araututako betebeharren araubidea bete beharko dute. Zehazki, honako hauek bete beharko dituzte:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea, eta 2025eko urtarrilaren 1ean gutxienez urtebeteko antzinatasuna izatea. Hala ere, antzinatasun hori duten baina atzerrian bizi direnen eskabideak ere onartuko dira, baldin eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) bidez Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasuna badute eta atzerrian bizi aurreko azken auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izan bada.

  2. Doktore gradua izatea.

  3. EAEko ikerketa-zentro edo unibertsitate batean lan-lotura iraunkorra edo kontratu mugagabea izatea. Onartuko dira, halaber, irakasle laguntzaile edo Ikerbasque Research Fellows gisa finkatzeko bidean dauden kontratuak dituzten pertsonen eskaerak. Kontratuek gutxienez 2 urteko antzinatasuna izan beharko dute eskaera egiteko unean.

  4. Post Visiting Fellow modalitatean, hautagaiek Clare Hall-eko Visiting Fellow (Life members) izan beharko dute, deialdi honen aurretik.

  5. Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartuta egotea.

  6. Ingeles hizkuntzaren ezagutza-maila nahikoa izatea, unibertsitate-komunitatean lehen egunetik bizi eta lan egiteko gai izan daitezen.

  1. Eskabidea egiteko, inprimaki bat bete beharko da, zeina bide telematikoz eskuragarri egongo baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0174007), 4/2022 Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz (4/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan).

    Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aplikazio elektronikoaren bitartez erantsiko zaizkio eskabideari. Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak bete beharko ditu.

    Aplikaziora ziurtagiri elektroniko baten bidez sartu beharko da. Helbide elektroniko honetan daude jasota elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikako Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan, bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

  2. Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta artikulu honen 5. apartatuan adierazitako agiriak aplikazioaren bidez erantsi ondoren, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, jasota geratu behar da erregistratu dela. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu ez den eskabiderik.

    Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, eskabidea automatikoki baztertuko da.

  3. Eskabidearen barruan, erantzukizunpeko adierazpena dago.

  4. Eskabideak aurkezteko epea.

    Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  5. Eskatutako dokumentazioa.

    Zerrenda honetako agiriak aurkeztu beharko dira, aplikazioaren bitartez:

    1. Doktore-tituluaren egiaztagiria.

    2. Errolda-egiaztagiria. Atzerrian bizi direnen kasuan, hauek aurkeztuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon izanaren agiria (historikoa) eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldan (AEE) erregistratuta egotearen ziurtagiria.

    3. Ingelesez idatzitako curriculum akademiko normalizatu eta zientifikoa.

    4. Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en garatu beharreko ikerketa-proiektua, ingelesez idatzia.

    5. Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartua izan dela adierazten duen gutuna.

    6. Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-eko «Application for a Visiting Fellowship» eskaera-inprimakia.

    7. Ikertzaileak plaza finkatua duela edo finkatzeko bidean dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. Horretarako, zerbitzu-orria aurkeztea onartuko da, zeinean jasoko baitira antzinatasuna eta hautagaiaren eta entitate eskatzailearen arteko kontratu-harremana. Zerbitzu-orria aurkeztu ezin bada, entitate eskatzailearen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da.

    8. Eskatzailea unibertsitateko irakaslea bada, unibertsitateko legezko arduradunak sinatutako dokumentu bat aurkeztuko da, eskatzaileari baimena ematen diona laguntzak iraun bitartean kanpoan egoteko.

    9. Hautagaiek beren irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutzen duten ospe aitortuko hiru ikertzaileren aipamen-gutunak lortu beharko dituzte. Gutun horiek ingelesez idatzita egongo dira, eta Zientzia Politikako Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.

      Post Visiting Fellow modalitatearen kasuan, aurrekoez gain, beste hauek aurkeztu beharko dira:

    10. Hautagaia «Life Member» dela egiaztatzen duen agiria.

    11. Clare Hall-en egindako egonaldiari buruzko txosten zientifiko-teknikoa, aprobetxamendua eta Cambridgeko Unibertsitatearekiko lankidetzaren emaitzen adierazleak jasota.

Dirulaguntza-eskabideak guztiz betetzen ez badira, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Zientzia Politikako Zuzendaritzak eskatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak zuzendu ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die ulertuko dela, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 8. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Zientzia Politikako Zuzendaritzari dagokio laguntza hau kudeatzea.

  1. Hautaketa-batzordeak txosten bat egingo du, ebaluazioaren emaitza jasoko duena, eta organo kudeatzaileak egingo du ebazpen-proposamena.

    Honako hauek osatuko dute Hautaketa Batzordea:

    1. Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da.

    2. Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidentea.

    3. Bi aditu akademiko gehienez, bata Cambridgeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskal Autonomia Erkidegokoa. Aditu horiek esperientzia handia izango dute hitzarmen honetako diziplina garrantzitsuetan, eta Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidenteak eta Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak aukeratuko dituzte, hurrenez hurren. Gaien esparrua zabala bada, alderdiek bigarren aditu akademiko bat proposatu ahal izango dute.

  2. Hautaketa-batzordeak bi fasetan ebaluatuko ditu hautagaiek aurkeztu dituzten eskabideak, irizpide hauei jarraikiz, eta, betiere, hautatutako modalitatea kontuan hartuz:

  1. Visiting Fellow modalitatea:

    1. Lehiaketaren lehenengo fasea.

      Curriculum akademikoa eta zientifikoa: 10 puntu.

      Argitalpenak, hitzaldiak, ezagutza-transferentzia: 4 puntu.

      Zuzendutako ikerketa-proiektuak eta tesiak: 3 puntu.

      Irakaskuntza-lana graduetan eta graduondoetan: 3 puntu.

      Argitalpenen kalitateari dagokionez, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2023ko abenduaren 5eko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera (https://www.boe.es/eli/es/res/2022/11/21/(1)) https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2023-25537). Ebazpen horretan eman ziren argitara ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak.

      Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

      Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

      Ikerlanaren emaitzek euskal gizartean duten inpaktua: 3 puntu.

      Ikertzailearen prestasuna: 5 puntu.

      Bederatzi hilabeteko egonaldia: 5 puntu.

      Lau hilabete eta erdiko egonaldia: 2 puntu.

    2. Lehiaketaren bigarren fasea.

      Hautaketa-batzordearekin elkarrizketa izango dute, eta proiektua aurkeztuko diote, ingelesez: 10 puntu.

  2. Post Visiting Fellow modalitatea:

    1. Lehiaketaren lehenengo fasea.

      Curriculum akademikoa eta zientifikoa: 10 puntu.

      Cambridgeko Clare Hall-ekin aldez aurretik izandako lankidetzaren ondoriozko argitalpenak, hitzaldiak eta ezagutza-transferentzia: 2 puntu.

      Bestelako argitalpenak, hitzaldiak, ezagutza-transferentzia: 2 puntu.

      Zuzendutako ikerketa-proiektuak eta tesiak: 3 puntu.

      Irakaskuntza-lana graduetan eta graduondoetan: 3 puntu.

      Argitalpenen kalitateari dagokionez, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2023ko abenduaren 5eko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera (https://www.boe.es/eli/es/res/2022/11/21/(1)) https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2023-25537). Ebazpen horretan eman ziren argitara ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak.

      Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

      Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

      Clare Hall-en egindako egonaldiak nolako eragina izan duen egun egiten diharduen ikerketa-lanean: 3 puntu.

      Ikertzailearen prestasuna: 5 puntu.

      Bi hilabeteko egonaldia: 5 puntu.

      Bi hilabetetik beherako egonaldia: 2 puntu.

    2. Lehiaketaren bigarren fasea.

      Hautaketa-batzordearekin elkarrizketa izango dute, eta proiektua aurkeztuko diote, ingelesez: 10 puntu.

  3. Aurkeztutakoari buruzko galderak egin ditzake hautaketa-batzordeak, edo laguntzaren xedearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzko galderak. Era berean, ingelesa jakiteko baldintza betetzen dela egiaztatuko du, 3.f) artikuluak adierazi bezala. Hautaketa-batzordeak gehienez lehenbiziko bost hautagaiei egingo die elkarrizketa. Hala ere, hautagai gehiago elkarrizketatu ahal izango dira, hautaketa-batzordeak egoki irizten badio aurkeztutako hautagaiak aintzat hartuta.

  4. Batzordeak, hautagaiak ebaluatzen amaitu ondoren, onuradunak aukeratuko ditu, eta erreserben zerrenda osatuko dutenen lehentasun-ordena ezarriko, adjudikaziodunen batek uko egiten badio edo laguntzarako eskubidea galtzen badu. Lehiaketaren bi faseetan guztira puntu gehien lortzen dituena izango da adjudikazioduna. Berdinketarik badago, elkarrizketaren fasean puntuaziorik onena izan duena hautatuko da.

  5. Visiting Fellow modalitatean, adjudikaziodunak ezin baditu bederatzi hilabeteak bete, puntuazio handiena jaso duen bigarren hautagaiari aukera emango zaio egonaldi osoa amaitu arte geratzen den epealdia betetzeko.

  6. Post Visiting Fellow modalitatean, 2 hautagai aukeratuko dira, gehienez.

  7. Clare Hall-en Gobernu Kontseiluak hautagaiei buruzko iritzia emango du, eta, bere irizpideen arabera eta arrazoiak emanez, proposatutako hautagairen bat onartu edo guztiak baztertu ahal izango ditu. Post Visiting Fellow modalitatean, Clare Hall-en Gobernu Kontseiluak aukera izango du adjudikaziodunen egonaldietarako aurreikusitako datak aldatzeko, Clare Hall-en ostatu hartzeko aukerek hala justifikatzen badute.

  8. Hautaketa-batzordeak laguntza eman gabe utziko du, baldin eta eskabiderik ez badago edo hautagaiek ez badute balorazio osoaren % 50 gainditzen. Era berean, egonaldi partzialetako epealdiren bat ere hutsik gera daiteke.

  1. Aurreko artikuluan xedatzen den hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez adjudikatuko dira modalitate bakoitzeko laguntzak, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

  2. Ebazpenean, hauek adieraziko dira: nor diren pertsona onuradunak; noiz hasi eta amaituko den egonaldia; laguntzaren zenbatekoa, 9. artikuluan aurreikusitako kontzeptuen arabera banakatuta, eta, hala badagokio, nor diren ordezkoak eta zer hurrenkera duten, eta zer hautagai ukatu edo baztertu den eta zergatik.

  3. Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa. Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

    Abisua bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela adierazteko.

    Hargatik eragotzi gabe aurreko 3. apartatuan ezarritakoa, Zientzia Politikako Zuzendaritzak argitalpenen berri helarazi ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

  4. Dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egun naturaletan uko-egiterik badago, modalitate bakoitzaren erreserben zerrendan ageri eta emandako azken laguntzaren hurrengoak diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

    Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 egun naturaleko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartutakoan, beka emateko ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

  5. Aipatutako ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari.

  6. Ezarritako epean laguntza adjudikatzeko ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi direla ulertuko da. Kasu horretan, eta nahiz eta Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra duen, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hiru hilekoa izango da, oinarri hauen 1. apartatuan ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

  7. Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.

Honako hau izango da laguntzaren zuzkidura, modalitate bakoitzean:

  1. Visiting Fellow: 2025-2026 ikasturtean bederatzi hileko egonaldia egiteko laguntzaren zuzkidura 130.038 eurokoa da, bi laguntzetarako. Zenbateko hori honela banakatzen da:

    1. 107.438 euro Clare Hall-i ordainduko zaizkio (hilean 5.969 euro), College-ren zeharkako gastuak estaltzeko, Clare Hall-ek emandako laguntza teknikoa barnean dela, bai eta ikertzailearen ostatua eta mantenua ere. Ostaturako zuzkidurak hauek estaltzen ditu: pertsona batentzako gela bakarreko apartamentu baten alokairua, elektrizitatea, berokuntza eta udal-tasak. Gela gehiagoko apartamentu bat behar izanez gero, laguntzaren onuradunak ordainduko du aparteko kostua. Mantenuak astelehenetik ostiralera bitarteko aldia hartzen du. Kopuru horrekin, gainera, beste kontzeptu batzuk ere estaltzen dira, hala nola ikerketa-gastuak, establezimendu-gastuak eta ekitaldiak (profesionalak, harrerak, kontzertuak).

      21.600 euro, ikertzaile bisitariei ordaintzeko (hilean 1.200 euro), laguntza gisa. Laguntzaren zenbatekotik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kendu behar dira, zerga hori arautzen duen araudia aplikatuz dagozkionak. Era berean, emandako laguntza guztien berri jakinaraziko zaie zerga-agintariei, indarrean dagoen zerga-araudian ezarritako baldintzetan eta hor finkatutako ondorioetarako.

    1. 200 euro (laguntza bakoitzeko), bisa izapidetzeko, beharrezkoa denean.

    2. 300 euro (laguntza, bakoitzeko), Clare Hall-era joan-etorriko bidaia bat egiteko.

  2. Post Visiting Fellow: 2025-2026 ikasturtean bi hileko egonaldia egiteko laguntzaren zuzkidura 29.676 eurokoa da, bi laguntzetarako. Zenbateko hori honela banakatzen da:

    11.938 euro (laguntza bakoitzeko) Clare Hall-i ordainduko zaizkio (astean 1.492 euro), College-ren zeharkako gastuak estaltzeko, Clare Hall-ek emandako laguntza teknikoa barnean dela, bai eta ikertzailearen ostatua eta mantenua ere. Ostaturako zuzkidurak hauek estaltzen ditu: pertsona batentzako gela bakarreko apartamentu baten alokairua, elektrizitatea, berokuntza eta udal-tasak. Gela gehiagoko apartamentu bat behar izanez gero, laguntzaren onuradunak ordainduko du aparteko kostua. Mantenuak astelehenetik ostiralera bitarteko aldia hartzen du. Kopuru horrekin, gainera, beste kontzeptu batzuk ere estaltzen dira, hala nola ikerketa-gastuak, establezimendu-gastuak eta ekitaldiak (profesionalak, harrerak, kontzertuak).

    2.400 euro, ikertzaile bisitari bakoitzari ordaintzeko (astean 300 euro), laguntza gisa. Laguntzaren zenbatekotik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kendu behar dira, zerga hori arautzen duen araudia aplikatuz dagozkionak. Era berean, emandako laguntza guztien berri jakinaraziko zaie zerga-agintariei, indarrean dagoen zerga-araudian ezarritako baldintzetan eta hor finkatutako ondorioetarako.

    1. 200 euro (laguntza bakoitzeko), bisa izapidetzeko, beharrezkoa denean.

    2. 300 euro (laguntza bakoitzeko), Clare Hall-era joan-etorriko bidaia bat egiteko.

      Horrez gain, onuradunak istripu-asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua izango ditu, bai eta, atzerriko egonaldietarako, bidaiako laguntza-asegurua ere, besteen osagarri. Azken hori, interesdunak hala eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere balia dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori baliagarria izango da, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat.

      Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz artikulu honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan adierazkitakoa beteko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Clare Hall-i transferituko dizkio funtsak, laguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzailea baita. Honela egingo da ordainketa:

  1. Deialdia ebatzi ondoren eta onuradunak emandako laguntza onartu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak xedapen honen 8.1.a) eta 8.2.b) artikuluan kontsignatutako zuzkidura osoaren % 75 emango dio Clare Hall-i.

    Bigarren ordainketa gainerako % 25 izango da, eta emandako laguntza osoaren gastua justifikatu eta gero ordainduko da. Egindako gastu hori frogatzeko, fakturak edo agiri baliokideak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek ikasturte akademikoa amaitu ostean aurkeztu beharko dira, egindako ekintzei buruzko azalpen-memoriarekin eta kostuen balantze ekonomiko xehatuarekin batera.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bi zatitan ordainduko dio laguntza onuradunari.

    Lehenengoa, 8.1.b) eta 8.2.b) artikuluetan adierazitako zenbatekoaren % 75 eta 8.1.c.d) eta 8.2.c.d) artikuluetan adierazitako zenbateko osoa, onuradunak laguntza onartu ondoren ordainduko da (12. artikulua). Bigarrena, gainerako % 25, 2026an ordainduko da, jarduera amaitu ondoren, eta aplikazio informatikoaren bidez dokumentu hauek aurkeztu ondoren:

    1. Egonaldiaren gainean Clare Hall-en arduradunak egindako egiaztagiria, hasiera- eta bukaera-egunak zehaztuta.

    2. Amaierako memoria, balantze zientifikoarekin batera. Bertan deskribatuko da egindako lana, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren bestelako emaitzen erreferentzia barne hartuta.

    3. Egindako gastuaren ziurtagiria, bidaia-gastuei eta bisa-izapideei buruzkoa. Honako hauek aurkeztuko dira ziurtagiriarekin batera:

      Garraio publikoan egindako bidaien txartelak eta fakturak.

      Bisa izapidetzeko garraio publikoan egindako joan-etorrien eta izandako tasa-gastuen txartelak eta fakturak.

      Onuradunak eguneratua izan beharko du hirugarrenen altaren agiria. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu behar da helbide honetan erabilgarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

  3. Bidaia-gastuetarako eta bisa izapidetzeko emandako laguntza bidaien eta bisa-izapideen benetako kostua baino handiagoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.

  4. Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, eta, betiere, laguntza horrekin batera bestelako administrazioen edo ente publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 eta 40. artikuluetan xedatutakoarekin, bai eta 9.4.m artikuluan ezarritakoarekin ere, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko eskakizunak betez gero.

    Zientzia Politikako Zuzendaritzak, egoki iritziz gero, informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta, horretaz gain, zuzendaritzari berari atxikitako pertsona bati edo batzuei eskatu ahal izango dio/die beharrezkoak diren ekintzak egiteko, laguntza zertan erabili den ikusteko.

Laguntza hau ez da bateragarria helburu bererako ematen diren antzeko dirulaguntzekin.

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar egun naturaleko epean onuradunak laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, laguntza onartutakotzat joko da.

  2. Eman den xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

  3. Eskatzen duten informazio guztia ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen helburua fiskalizatzeko lagungarria izan dakien.

  4. Clare Hall-eko Visiting Fellow gisa dagozkion ohiko ekitaldietan parte hartzea, bai eta Euskal Herriaren gaineko ezagutza hedatzeko jardueretan ere, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak hala eskatuz gero.

  5. Egonaldia amaitu ostean, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari eta Clare Hall-i txosten bat bidaltzea, egindako ikerketari buruz, bai eta Cambridgen zein Euskal Autonomia Erkidegoan parte-hartzaile izan den bestelako jarduerei buruz.

  6. Laguntza-eskabidearen aplikazioaren bidez, Clare Hall-eko egonaldiaren jarraipena egiteaz arduratzen den pertsonak sinatuta, hasiera-data zehatza jasotzen duen ziurtagiria aurkeztea.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei dagokienez indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ezartzen diren gainerako betebehar guztiak, eta, bereziki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan xedatutakoa.

  8. Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzekoak ordainduta izatea.

  9. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuen eraginpean ez egotea.

  1. Uko-egiteak Zientzia Politikarako zuzendariari jakinaraziko zaizkio, idazki baten bidez, onuradunak berak sinatuta, eta bertan adieraziko dira zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zer egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Jakinarazpen hori aplikazio telematikoaren bidez egingo da, uko-egiteak ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago.

  2. Uko-egiteak Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

  3. Onuradunak laguntzari uko eginez gero, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu.

    Uko-egiterik badago, Zientzia Politikako Zuzendaritzak erreserben zerrendakoak izenda ditzake ikertzaile, modalitate bakoitzean, laguntzari geratzen zaion gainerako aldirako.

Laguntzaren onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako kasuetako batean badaude, edo betetzen ez badituzte agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak, edo egiaztatzen bada ez dituztela betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak edo eskakizunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera, hasiera emango zaio laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzultzeko prozedurari, hori baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36.1 artikuluko oinarrizko araudiaren arabera aplikatu beharrekoa.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzekoak). Informazio hau emango da:

Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza - Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila

Helburua: Ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz eginkizun bat betetzeko.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

Hartzaileak:

Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Ogasun eta Finantza Saila.

Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: Eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai dago helbide honetan: https://www.euskadi.eus/rgpd/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/054300-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 21a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik