Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko urriaren 22koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, 2024. urterako nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 209
  • Hurrenkera-zk.: 4915
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/10/22
  • Argitaratze-data: 2024/10/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Instituzional

Testu legala

Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak sortzen dituen irailaren 9ko 210/2003 Dekretuan xedatutakoaren arabera (abenduaren 20ko 422/2005 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori), 2024. urteari dagokion ediziorako deialdia egin behar da.

Edizio honetan, eta Emakume Nekazarien Estatutuaren 27. artikulua aplikatuz, «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien bidez, nekazaritza-sektoreko emakumeen lana ikusaraztea eta aintzatestea sustatu nahi da.

Horrenbestez, hau

Lehenengoa. 2024rako nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien deialdia egitea, agindu honen eranskin gisa argitaratzen diren oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena. Agindu honetan aurreikusi ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Laugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 22a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

Lehenengoa. Xedea.

2024ko edizioan, «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak emango zaizkie nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionalei, jarduera-eremu horietan garrantzi bereziko ibilbide profesional luzea egiteagatik nabarmendu diren pertsonei edo kolektiboei. Horretarako, nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektoreak hartuko dira kontuan.

Bigarrena. Sarien ezaugarriak.

Deialdi honetako sariak, epaimahaiaren iritziz, sektore bakoitzeko pertsona edo talde bati edo batzuei emango zaizkie. Horietako bakoitzak ohorezko saria jasoko du, eta aintzatespen publikoko ekitaldi bat egingo da. Saritutako pertsonek edo taldeek berariaz aipatu ahal izango dute sari hori inprimaki profesionaletan, eta jendaurrean erakutsi ahal izango dute beren establezimenduetan.

Hirugarrena. Onuradunak.

Agindu honen bidez deitutako sarien onuradun izan ahalko dira lehenengo oinarrian ezarritako baldintzetan nekazaritza- eta/edo arrantza-sektoreetan egindako lanagatik nabarmendu diren eta, aldi berean, honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak edo kolektiboak:

  1. Lanbide-ibilbidea, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan egin izana.

  2. Ibilbide profesional finkatua eta denboran behar bezain luzea izatea.

    Laugarrena. Hautagaitzak aurkeztea.

  1. Sarietarako hautagai-zerrendek Euskal Autonomia Erkidegoko bi eragile sektorialen babesa izan beharko dute gutxienez, eta, kasu guztietan, hautagai izendatutako pertsonaren edo taldearen onarpena izan beharko dute. Ondorio horietarako, eragile sektorial horien artean sartuko dira, besteak beste, honako hauek:

    Izaera sindikaleko lanbide-antolakundeak.

    Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako elkarte profesionalak eta enpresarialak, bai eta horien federazioak eta konfederazioak ere.

    Beste elkarte eta federazio batzuk.

    Fundazioak.

    Arrantzaleen kofradiak.

    Kooperatibak.

    Nekazaritzaren, arrantzaren eta elikagaien industriaren sektoreetako profesionalak.

  2. Aurreko paragrafoan xedatutakotik salbuetsiko dira Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak aurkeztutako hautagaitzak, bai eta gutxienez bi foru-aldundiek batera aurkeztutako hautagaitzak ere.

  3. Euskal administrazio publikoek, Emakume Nekazarien Estatutuaren 27. artikulua aplikatuz, emakumeen lana aintzatesten eta ikusarazten lagunduko duten hautagaitzak sustatuko dituzte.

  4. Sarietarako hautagai-zerrenda bakoitzarekin batera, proposatzaileen abala duen memoria bat bidali beharko da. Bertan, proposatzen den pertsonaren edo kolektiboaren ibilbide profesionala jasoko da, eta bereziki azpimarratuko dira eragin edo garrantzi handiena izateagatik berezitasun berezia ematen dioten alderdiak.

  5. Hautagaitzak, aurreko apartatuan ezarritako dokumentazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzara bidali beharko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bide erabiliz.

  6. Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Bosgarrena. Sarien kudeaketa.

    Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio deialdi honek dakartzan kudeaketa-lanak egitea.

    Seigarrena. Epaimahaia.

  1. Aurkeztutako hautagaitzak baloratzeko, epaimahai bat eratuko da. Honako hauek izango dira epaimahaikideak:

    Lehendakaria: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua.

    Kideak:

    Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordea.

    Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria.

    Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria.

    Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria.

    Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria.

    Saileko Aholkularitza Juridikoko pertsona bat, idazkari-lanak egingo dituena.

    Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietako ordezkari bana.

    Bizkaiko Arrantzaleen Kofradien Federazioaren ordezkari bat.

    Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioaren ordezkari bat.

    Nekazaritzako elkarte profesional eta enpresarialen ordezkari bat.

    Arrantzako elkarte profesional eta enpresarialen ordezkari bat.

    Nekazaritzako kooperatiben ordezkari bat.

    Elikadura Klusterraren ordezkari bat.

  2. Epaimahaiaren osaerak emakumeen eta gizonen osaera orekatua izan beharko du.

  3. Epaimahaikideek gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago jasoko dute deialdia, gai-zerrendarekin, hautagai-zerrendarekin eta dokumentazioarekin batera.

  4. Epaimahaiaren erabakiak bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren kalitatezko botoak erabakiko du. Nolanahi ere, erabakiak balio osoz hartzeko, kideen bi herenek gutxienez egon beharko dute bertan.

    Epaimahaiko idazkariak jarduera eta erabaki guztien akta egingo du, eta han jasoko da sarien erabakia funtsatzen duen irizpen arrazoitua.

  5. Epaimahaia osatzen duten pertsonek abstenitu egin beharko dute, eta errekusatu egin ahal izango dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

    Zazpigarrena. Esleitzeko irizpideak.

    Aurkeztutako hautagaitzak baloratzeko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

    1. Pertsona edo taldea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta/edo arrantza-sektorean (dagokionaren arabera) luzaroan inplikatuta egotea.

    2. Nekazaritza- eta/edo arrantza-sektorean (dagokionaren arabera) izandako ibilbide profesionalaren berezko garrantzia.

    3. Balorazioaren xede den pertsonak edo kolektiboak egindako lanaren eragina dagokion sektorean.

    4. Emakumeen edo emakumeen kolektiboen hautagaitzak, emakume nekazarien eta/edo arrantzaleen eta elikagaien industrian dihardutenen lana ikusaraztea eta aintzatestea sustatzeko.

      Zortzigarrena. Epaimahaiaren erabakia.

      1. Epaimahaiaren erabakian, deialdi honen esleipen-irizpideei dagokienez erabaki hori justifikatzen duten arrazoiak adieraziko dira, bere jakintza eta iritzi leialaren arabera, bai eta saritutako pertsonen edo taldeen esanahiari eta ibilbideari buruzko balorazioa ere.

      2. Epaimahaiak bi sariak edo horietakoren bat eman gabe utzi ahal izango ditu hautagairik aurkezten ez bada edo uste badu proposatutako pertsonen eta/edo kolektiboen ibilbide profesionalek ez dituztela beharrezko ezaugarriak betetzen sari hauek emateko orduan kontuan hartu ahal izateko.

      3. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da prozedura, eta epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da. Agindu hori 2024ko abenduaren 31 baino lehen emango da, eta banan-banan jakinaraziko zaie saritutako pertsonei eta/edo taldeei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek jakin dezaten.

      4. Agindu horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, edo, bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

        Bederatzigarrena. Aintzatespen publikoa.

        Jendaurreko aintzatespen-ekitaldira Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak deituko du, eta ekitaldi ofizial bat egingo da, sarituei sariak emateko.