Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko otsailaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez epea irekitzen baita merezimenduen egiaztagiriak aurkezteko, Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez deitutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko hautaketa-prozeduretan, baita espezialitate berriak eskuratzekoan ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 37
  • Hurrenkera-zk.: 943
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/02/08
  • Argitaratze-data: 2021/02/19

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez (2020ko otsailaren 27ko EHAA) hautaketa-prozeduren deialdia egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko, baita aipatutako kidegoetako karrerako funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzekoa ere. Deialdi horren 8. oinarriak eta I. eta II. eranskinek ezartzen dituzte lehiaketa-fasea arautzen duten baldintzak eta barematu beharreko merezimenduak.

Merezimenduak entregatzeko epeari dagokionez, Hezkuntzako sailburuaren 2020ko uztailaren 29ko Aginduaren (2020ko abuztuaren 17ko EHAA) lehenengo f) apartatuak, hautaketa-prozeduretako epeei eta denbora-erreferentziei buruzkoak, aldatu egin zuen Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren 8.1 oinarriaren bigarren paragrafoan jasotakoa, COVID-19 birusak alarma-egoera deklaratzean sortutako epe-etendurak eragindako egoerara egokitzeko izapideen eta faseen segida.

Azaldutakoa betez, epea irekitzen da kidegoetan sartzeko eta horra iristeko prozeduretan parte hartzen duten izangaiek merezimenduen egiaztagiriak aurkezteko.

Beraz,

Lehenengoa. Epea irekitzea 2021eko martxoaren 1etik 10era arte, biak barne, merezimenduen egiaztagiriak aurkez ditzaten onartutako izangaiek eta baztertuta daudenek (baldin eta gora jotzeko errekurtsoa jarri badute eta ebatzi gabe badago). Merezimendu horiek Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 18ko Aginduaren I. eta II. eranskinetan adierazitakoak dira; agindu horren bidez hautaketa-prozedurak deitu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko.

Bigarrena. Adierazitako epean egiaztagiriak aurkezteko, COVID-19 birusak eragindako salbuespenezko egoera kontuan hartuta, eta osasun-segurtasuna bermatzeko ezohiko neurriak hartu behar direnez, hala nola urruntze soziala lortzeari buruzkoak, pertsonak elkartzea edo haien arteko hurbiltasuna eragiten duten jarduerak saihestuz, honako neurri hauek hartzen dira:

Hezkuntza Saileko honako Interneteko helbide hauetan aurkeztu beharko dira egiaztagiriak:

http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartuz): «EPE 2020. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa. Sartzeko eta iristeko prozedurak» «Merezimenduak entregatzea».

edo

http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ «2020ko EPE. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa» «Lehiaketa-aldia».

«Merezimenduak alegatzeko eta aurkezteko orria. EPE 2020» egiaztagiria bete eta aurkeztu beharko da, bai eta egiaztagiriak on-line aurkeztu ere, merezimenduak aurkezteko ezarritako aplikazio informatikoan zehaztuko diren jarraibideen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuetan emandako zerbitzuak ziurtatzeko, Hezkuntza Saileko Langileen Erregistroan ez badaude (I. eranskinaren I.3 eta I.4 azpiatalak): Ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiria aurkeztuko da, Hezkuntzako Ikuskaritza Zerbitzuaren oniritzirik gabe, zeina Hezkuntza Sailak zuzenean jasoko baitu. Halaber, lan-bizitza ere aurkeztu beharko da.

Gaur egun jardunean ez dauden ikastetxeei dagokionez, esperientzia egiaztatzeko honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira: interesdunaren zinpeko aitorpena, lan-kontratua eta lan-bizitza, Hezkuntzako Ikuskaritza Zerbitzuaren oniritzirik gabe, zeina Hezkuntza Sailak zuzenean jasoko baitu.

Argitalpenak aurkezteko (I. eranskinaren III.1 eta II. eranskinaren III.2.1 azpiatalak): paperean egindako liburu eta aldizkarien kasuan, honako hau aurkeztuko da: azalaren kopia, lehen 10 orrialdeak eta ISBN edo ISSN agertzen den orrialdea. Beharrezkoa izanez gero, argitalpen osoa aurkezteko eskatu ahal izango da, geroago.

Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, bai eta aipatutako Interneteko helbideetan ere.

Laugarrena. Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren dagokion salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 8a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.