Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoa.

Eusko Legebiltzarrak 2019ko otsailaren 21ean onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen xedea da, energia-politikaren orientazio orokorrarekin bat etorriz, jasangarritasun energetikoaren arau-zutabeak ezartzea euskal administrazio publikoen eta sektore pribatuaren eremuetan, eta, horretarako, horiek guztiek bete behar dituzten oinarrizko eginbeharrak eta betebeharrak artikulatzea, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak, nahiz energia berriztagarriak sustatzeko eta ezartzeko neurriak bultzatzera bideratuta daudenak, batez ere.

Otsailaren 21eko 4/2019 Legea bost titulutan egituratuta dago:

  • I. Titulua: Xedapen Orokorrak:

    Legearen helburuak zerrendatzen dira eta, horien artean, energia-kontsumoa murriztea eta jasangarritasun energetikoa bultzatzea nabarmentzen dira, ingurumena babestea energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak ezarriz ahaztu gabe. Halaber, funtsezko zutabe gisa ezartzen da Legeak eskatzen dituen betekizunak beste politika publiko batzuetan sartzea, bereziki lurraldearen antolamenduarekin, hirigintzarekin eta garraio-azpiegiturekin zerikusia dutenetan.

  • II. Titulua: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa:

    Euskal administrazio publikoek dituzten betebeharrak zehazten dira, eta, besteak beste, kontuan hartzen da jasangarritasun energetikoa politika publikoetan eta erakundeen arteko koordinazioan txertatu behar dela.

    Energia-kontsumoaren ehuneko murrizketen helburuak ezartzen dira, urteko kontsumoak eta tasatutako denbora-tarteak kontuan hartuta; halaber, energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak jartzeko helburuak ezartzen dira, bai eta energia-kontsumo handiko instalazioak, ibilgailuak edo ekipoak berritzeko baldintzak ere.

  • III. Titulua: Sektore Pribatua:

    Legearen ondorioetarako, sektore pribatua honela banatzen da: industria-sektorea, zerbitzu pribatuak eta merkataritza, bizitegi-sektorea eta garraio pribatuak.

    Industriako, zerbitzu pribatuetako eta merkataritzako sektoreetan, legeak ezartzen ditu, besteak beste, energia-auditoretzak egiteko eta energia-kudeaketako sistema bat izateko betebeharrak, bai eta lantokietara joateko mugikortasun-planak egiteko betebeharrak ere.

    Bizitegi-sektorean, lehendik dauden eraikinei betebehar batzuk ezartzen zaizkie, haien jasangarritasun energetikoa lortzeko; eraikin berriei dagokienez, berriz, Legeak energia-kontsumo ia nulua duten eraikinen helburua lortu nahi du.

    Azkenik, garraio pribatuen sektorean, petroliotik eratorritako erregaien mendekotasuna murriztera eta beste energia mota batzuekiko dibertsifikazioa bultzatzera bideratutako jarduerak aurreikusten ditu Legeak.

  • IV. Titulua: Gardentasun- eta Informazio-neurriak:

    Legeak defendatzen du, energiari buruzko zuzentarau komunitarioetan ezarritakoari jarraituz, kontsumitzaileek beren benetako energia-kontsumoaren eta kostuen berri izateko eskubidea, nork bere kontsumoa arautzeko moduko maiztasunarekin, kontsumitzaileek beren kontsumo-datuetarako sarbide libre eta erraza izan dezaten sustatuz.

  • V. Titulua: Ikuskapena, Kontrola eta Zehapen-araubidea:

    Ikuskapen- eta kontrol-araubidea eta zehapen-araubidearen garapena arautzen dira, arau-hausteen eta zehapenen katalogoa, behin-behineko neurrien eta hertsapen-isunen aurreikuspena eta arlo horretako eskumenak jasoz.

    Otsailaren 21eko 4/2019 Legea benetan aplikatu ahal izateko, lege horretan jasotako alderdi batzuk zehaztu behar dira, eta, horretarako, legeak berak erregelamendu-garapena eskatzen du. Gainera, indarrean sartu zenetik, zenbait alderdi erregelamendu bidez garatu beharra hauteman zen, egon zitezkeen arau-hutsuneak betetzeko, prozedurak eta kontzeptuak zehazteko eta interpretazio-zalantzak argitzeko, bai Legeak ezartzen dituen betebeharrei dagokienez, bai legeak aitortzen dituen eskubideak baliatzeari dagokionez. Horregatik, 2020ko azaroaren 18an, azaroaren 10eko 254/2020 DEKRETUA argitaratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzkoa.

254/2020 Dekretua nagusiki Legearen I., II. eta III. tituluak garatzeko sortu zen, helburu hauekin:

  • Arauan aurreikusitako betebeharren irismena argitzea eta horiek betetzea erraztea.
  • Epeak eta izapideak zehaztea, alferrikako atzerapenak, hutsuneak edo interpretazio-zalantzak saihesteko.
  • Zehaztu gabeko kontzeptu juridikoak zehaztea, Legea modu justifikatu eta proportzionatuan aplikatzen dela ziurtatzeko.
  • Euskadiko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearen osaera eta funtzionamendua arautzea.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuak ezartzen dute Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari informazioa aldizka bidali behar zaiola, berak ezarritako bideak erabiliz.

Jarraian, alde batetik, euskal administrazio publikoei eta, bestetik, sektore pribatuko behartuta dauden subjektuei eskatutako informazioa zerrendatzen da, dagozkien izapidetze telematikoko prozeduretarako estekekin batera:

Jakinarazpenetan kontuan izan beharreko konbertsio-faktore energetikoak:

Energia elektrikoa: 0,086 ptb / MWh
Gas naturala: 0,086 ptb / MWh
PGL: 1,13 ptb / t
Gasolina: 0,7752 ptb / 1000 litro
A eta B gasoleoa: 0,8467 ptb / 1000 litro
C gasoleoa: 0,9157 ptb / 1000 litro
Fueloleoa: 0,8881 ptb / 1000 litro

Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea

TRAMITAZIO ELEKTRONIKOA

  1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
  3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora.
  4. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.

Zuzenean: Herritarrentzako arreta zerbitzua

Maiatzaren 21etik aurrera, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko bulegoek berriz ekingo diote aurrez aurreko arretari, aurretiko hitzorduaren bidez. Zuzenean zerbitzuko hitzordua

Tramitazio elektronikoan arazorik baduzu, erabiltzaileentzako arreta zentroaren telefonoa erabili dezakezu: 945 01 68 38

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak araututako arloetako arau-hauste administratibotzat hartuko dira subjektu erantzuleen ekintzak edo ez-egiteak, tipifikatuta dauden honakoak.

Arau-hausteen erantzule dira arau-hausteen egile diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta arau-haustea haien esku-hartzearen ondorio zuzena bada.

Bi pertsona edo gehiago arau-hauste baten egile direnean eta, beraz, horren erantzule badira, eta haien parte-hartze maila zehazterik ez badago, modu solidarioan erantzungo dute ondoriozko zehapenengatik.

Arau-haustea hainbat agenteren akzioen metaketagatik gertatzen bada eta agente horiek guztiak arau-haustearen erantzuleak badira, ondorioztatzen diren zehapenak independenteak izango dira elkarren artean.

Arau-hauste oso larriak dira:

  • Auditoretza energetikoa ez egitea otsailaren 21eko 4/2019 Legeak edo legea garatzen duten xedapenek ezarritako epe eta baldintzetan.
  • Datuen dolozko manipulazioa auditoretza energetiko bat egitean.
  • Behar bezala akreditatu gabeko erakunde baten eskutik egitea auditoretza energetikoa.
  • Zerbitzu energetikoen enpresarik edo haren pareko sistema propiorik ez izatea lege honek edo berau garatzen duten xedapenek hala eskatzen dutenean.
  • Aurrezpenaren- edo berriztagarrien-portzentajeak ez betetzea, otsailaren 21eko 4/2019 Legean ezarritakoaren arabera, exijitutakoaren eta benetan lortutakoaren arteko aldea % 50etik gorakoa bada.
  • Eraikinen kalifikazio energetikoari buruzko obligazioak ez betetzea.

Arau-hauste larriak dira:

  • Lantokietarako garraio-plan bat onartu ez izana, otsailaren 21eko 4/2019 Legean edo legea garatzeko xedapenetan ezarritako baldintza eta epeen barruan.
  • Langileen prestakuntzarako neurrien plan bat onartu ez izana, otsailaren 21eko 4/2019 Legean edo legea garatzeko xedapenetan ezarritako baldintza eta epeen barruan.
  • Eskumena duen administrazioari igorri beharreko informazioan datuen dolozko manipulazioa edo informazio hori ez jakinaraztea.
  • Otsailaren 21eko 4/2019 Legean aurrezpen edo berriztagarrietarako ezarritako portzentajeak ez betetzea, exijitutakoaren eta benetan lortutakoaren arteko aldea % 30etik gorakoa eta % 50etik beherakoa bada.
  • Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuei eta bizikleten erabilera eta aparkalekua ahalbidetzeko lekuei buruzko obligazioak ez betetzea.
  • Otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 36. artikuluaren 1. zenbakian eta 30. artikuluaren 1. zenbakian aipatutakoari dagozkion betebeharren justifikazio falta.
  • Energia berriztagarriko instalazioak epealdi jakin baterako ezartzearen maila ez jakinaraztea energiaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila).
  • Otsailaren 21eko 4/2019 Legearen artikuluetan ezarritako epeak ez betetzea, eraikinak eta instalazioak egokitzeko, teknologia eta energia eraginkorragoak edo jasangarriagoak ezartzeko edo finkatutako helburuak betetzeko.

Arau-hauste arinak dira:

  • Otsailaren 21eko 4/2019 Legean ezarritako aurrezpenaren edo berriztagarrien ehunekoak ez betetzea, eskatutakoaren eta benetan lortutakoaren arteko aldea % 15etik gorakoa eta % 30etik beherakoa bada.
  • Otsailaren 21eko 4/2019 Legean ezarritako beste edozein betebehar edo betekizun ez betetzea, arau-hauste oso larria edo larria ez bada.

Lehen tipifikatutako arau-hausteek honelako zehapenak izango dituzte:

  • Arau-hauste arinek 12.000 eurora arteko isuna.
  • Arau-hauste larriek 12.001 eta 50.000 euro bitarteko isuna.
  • Arau-hauste oso larriek 50.001 eta 350.000 euro arteko isuna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak behartutako subjektuen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa dago. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikotzat honako hauek jotzen dira: Eusko Jaurlaritzako sailak, horren erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak, sozietate publikoak, autonomia-erkidegoko sektore publikoko fundazioak eta nortasun juridikoa duten partzuergoak, zeinak aipatuta baitaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legearen testu bateginaren 7.4.c) artikuluan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak, euskal administrazio publikoentzat, jasotzen dituen betebeharren artean dago, Legean jasotzen diren aurrezpen eta eraginkortasun energetikoko helburuak betetzeko onartutako neurriak publiko egitea.

Neurrien publizitatearen betebehar hori betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoari dagokion informazio hau argitaratzen da:

Azken aldaketako data: