Euskadin iktusa duten pazienteentzako arreta-plana
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat lehentasuna da gure gizartean iktusaren gaiari —desgaitasunaren lehenengo kausa eta emakumeen lehen heriotza-kausa— heltzea. Beraz, euskal herritarren osasunean eragin zuzena duen gaixotasuna da.
Zer da iktusa?
“Iktus” deitzen diogu garuneko odol-fluxua eteteagatik (iktus iskemikoa) edo garuneko zain edo arteria bat hausteagatik (iktus hemorragikoa) gertatzen den uneari eta horren ondorioei. Urteak daramatzagu lanean iktusa duten pertsonak eta iktusak eragindako konplikazioak tratatzeko. Hala ere, dokumentu honetan zehazten dira herritarrei emandako erantzuna eta arreta hobetzeko osasun-sistemaren baliabideak azkar integratzea eta koordinatzea ahalbidetzen duten jarduera-jarraibideak. Azken batean, Eusko Jaurlaritzaren politiken oinarrian dagoen "auzolana" kontzeptua Euskadin Iktusa duten Pazienteei Arreta emateko Plan honetan ere sartzen da.
Iktusa jorratzeaz ari garenean, "denbora garuna da" esan ohi dugu. Izan ere, funtsezkoa da sintomatologia garaiz identifikatzea eta erasandako pertsonari tratamendu egokia emango zaiola bermatuko dioten ekintza guztiak berehala abiaraztea. Gaixotasun hori berehala identifikatzeak gaixotasunaren ondorioak minimizatzea ahalbidetzen du. Bestalde, ez da ahaztu behar pertsona bakoitzak, gutako bakoitzak, gure osasunari begira dugun papera. Elikadura ona eta jarduera fisikoa funtsezkoak dira iktusa eta beste gaixotasun batzuk prebenitzeko.
Plan hau abiaraztearekin —bertan, elementu nagusia pertsona da—, Osasun Sailak kalitatezko zerbitzu baten aldeko apustua egiten jarraitzen du, baita jorratze eta tratamendu integral baten aldeko apustua ere, 2021-2024 Esparru Estrategikoaren dokumentuan jasota dagoen bezala.
Helburuak
Helburua da emakumeen artean heriotza-kausa eta herritarren artean oro-har desgaitasun-kausa nagusia den gaixotasun bati aurre egitea hobetzea. Kalkuluen arabera, Euskadin 3.400 kasu izaten dira urtean, eta 1.400 heriotza eta 5.000 ospitaleratze baino gehiago eragiten dituzte.
Zehazki, iktusa duten pazienteen morbimortalitatea murriztea eta haien bizi-itxaropena hobetzea dira planaren lehentasunezko helburuak. Horretarako, Osakidetzako asistentzia-sareak dituen baliabide guztiak integratzeko eta koordinatzeko protokolo bat ezartzen du, sintomatologiaren identifikazio goiztiarra, osasun-erantzunaren azkartasuna eta iktusak eragindako pertsonentzako laguntza optimizatzeko.
Protokolo hau prestatzeko, Emergentzia, Larrialdi, Lehen Mailako Arreta, Neurologia, Neurokirurgia, Erizaintza, Erradiologia, Anestesia eta Zainketa Intentsiboetan adituak diren profesionalek parte hartu dute.
Azken aldaketako data: