Euskadiko haurren eta nerabeen errealitatea
Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak haurren eta nerabeen inguruko hainbat ikerketa sustatu ditu azken urteotan, kolektiboaren errealitatearen gaineko ezagutza zabaltzeko eta kolektibora askotariko ikuspegietatik hurbiltzeko xedez.
Diagnostiko-txosten honetan, EAEko haurren eta nerabeen errealitatearen azterketa orokorra egingo da, haurren eta nerabeen ongizatea azaltzeari eta aurreikusteari begira garrantzitsuenetakotzat jo diren estatistika-datu batzuetatik eta beren eskubideen eta bizi-kalitatearen ikuspegitik abiatuta.
Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasotzen denaren ildoan, 0 eta 17 urte bitarteko biztanleei buruzko informazioa bildu da ikerketa honetan.
Txosten honetan jaso eta iruzkintzen diren datuek hausnarketarako bidea irekitzen dute, gaur egun garrantzitsuagotzat edo kritikoagotzat jo daitezkeen eta arreta nahiz jarraipen handiagoa behar duten kontuei dagokienez. Era berean, bilakaera eta aurrerapen ikusgarriak egiten lagundu dezakete datuok, informazioa antolatzeko erabili diren askotariko dimentsioei dagokienez: demografia, familia, osasuna eta sexualitatea, hezkuntza, ongizate materiala, kultura, aisialdia eta astialdia, haurtzaro zaurgarria eta ingurunea.
Datu nagusiak, gainera, sexuaren eta adinaren arabera bereizita ere ematen dira, bai eta haurren eta nerabeen kolektibo heterogeneoaren barruan aurki daitezkeen aniztasunaren eta berezitasunen berri ematen lagundu dezaketen bestelako faktoreen arabera bereizita eman ere. Gainera, aurreko urteetako eta beste lurralde eremu batzuetako datuekin osatu eta alderatu dira datu berrienak, azterketari testuinguru-, denbora- eta geografia-esparru zabalagoa emate aldera.
Txostena irakurterrazagoa izan dadin, oin-oharren bidez edo dokumentuan bertan txertatutako oharren bidez jaso dira txosteneko datuen bigarren mailako iturriak.
Azkenik, adierazi beharra dago txosten honetan jasotzen diren datuak adierazleen sistema baten zati direla, zeina berariaz diseinatu den EAEko haurren eta nerabeen errealitatea monitorizatzeko. Bada, honako txosten hau osatzen duen beste txosten batean zehazten da sistema hori egiteko prozesua (EAEko haurren eta nerabeen errealitatearen jarraipena egiteko adierazleen sistema. 2018ko bertsio berria.) Bigarren txosten horretan, gainera, datuen iturriei buruzko informazio xehea eta sistema osatzen duten adierazle guzti-guztien desagregazioa kontsultatu daiteke.
Azken aldaketako data: