Euskadiko eskolarteko kirol jokoak zer diren
Eskola Kirola ikasleek nahitaezko eskolatze aldian irakastorduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera antolatua da.
Eskola Kirolaren helburu nagusia eskolako ikasleen heziketa garapena osatzea da, kirolari bakoitzaren betebeharrak asez. Horrela, Eskola Kirolak aukera berdintasuna aintzat hartuz, haurraren heziketa bultzatu beharko du, bere pertsonalitatearen garapen harmonikoa, etorkizunean kirolaren praktika ahalbideratzeko baldintza fisiko eta kirol aztura eta bizitza osasuntsua indartzen duten zenbait kirol modalitate ezberdin sustatuz.
Eskola kirolaren oinarriak eta printzipioak, kirol diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, eta honi jarraiki, infantil mailako Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak burutzea ere bere betebeharra da.
Lurralde historikoetako foru organoen eskumena da eskola kirolaren arloko arauak garatzea eta, udal administrazioaren lankidetzarekin, eskola kirola programak gauzatzea.
Ikasturtean zehar ikasle gazteek burututako kirol ekintzak azken ekitaldi honetan amaitzen dira, kirol helburuaz gain, partehartzaileen adinerako egokia den lehiaketan ondo pasa eta euskara sustatzea ere helburu direlarik.
Kirolari gazteen eskubideak
- Kirol ekintza hezigarrietan partehartzeko eskubidea
- kirol jardueratan jokatzeko eta ondo pasatzeko eskubidea.
- Haur bakoitzaren heldutasun eta gaitasun mailarekin bat datorren lehiaketetan parte hartzeko eskubidea.
- Duintasunez tratatua izateko eskubidea.
- Profesional adituek entrenatua izateko eskubidea ( edo hauen gainbegiradaz )
- Kalitatezko trebakuntza jasotzeko eskubidea, bai bere nortasunaren garapen egoki baterako; bai bere mugimendu gaitasun garapenerako.
- Jarduera praktiko, seguru eta osasuntsua garatzeko eskubidea.
- Bere adina eta heldutasun mailari dagokion iritzia eman eta erabakiak hartzeko eskubidea.
- Txapeldun ez izateko eskubidea.
- Denbora askea izateko eskubidea.
- Kirol ekintzak euskaraz burutzeko eskubidea.
- Mota guztietako kirol modalitateak ezagutzeko eskubidea.
Azken aldaketako data: