Espezie inbaditzaileak
Gaur egun argi dago espezie exotikoen inbasio biologikoek garrantzi handia dutela mundu osoko natur inguruneko aldaketetan. Aldaketa horiek kalteak sortu dituzte ekonomian, bioaniztasunean eta inbaditutako ekosistemetan. Informazio horretan oinarrituta esan dezakegu Espezie Exotiko Inbaditzaileak (EEI) bioaniztasunaren kontrako mehatxu nagusietan bigarrena direla, natur habitaten galeraren ondoren.
Johannesburgoko 2002ko Gailurrean, Bioaniztasunari buruzko Hitzarmenaren sinatzaileek 2010erako bioaniztasunaren galera tasa nabarmen murriztea adostu zuten. Urtebete geroago, Europako Batasunak bere egin zuen konpromisoa. Lan esparru horretan, EBk martxan jarritako ekintzen artean, Espezie Exotiko Inbaditzaileen inguruko batzuk daude.
Estatuko zein autonomia erkidegoko araudiek duela urte batzuetatik jasoa dute espezie aloktonoen sarrera arautu beharra, baina Ondare Naturalaren eta Bioaniztasunaren 42/2007 Lege onartu arte, Espezie Exotiko Inbaditzaileek ez dute berezko nortasunik izan gure legerian.
Aipatutako legeak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoa sortu du. Legearen arabera, autonomia erkidegoek parte hartu behar dute katalogoko espezieak kudeatzeko, kontrolatzeko eta, beharrezkoa balitz, desagerrarazteko jarraibideak ezartzeko prozesuan. Horrez gain, legeak behartu egiten ditu autonomia erkidegoak inbaditzaile izan daitezkeen espezie exotikoei jarraipena egitera. Autonomia erkidegoei, bakoitzak bere lurraldean, Espezie Exotiko Inbaditzaileen katalogoak sortzeko eta espezie horiek kentzeko beharrezko jotzen dituzten debekuak eta ekintza gehigarriak ezartzeko aukera ematen die legeak.
Azken aldaketako data: