Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eskatu, eskaini euskaraz

Tokiko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak hirugarren urtez jarri du martxan merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabileraz sentsibilizatzeko kanpaina.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Donostiako Alkate Eneko Goiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Morenok eta merkataritza eta ostalaritza elkarteetako ordezkariek hartu dute parte aurkezpenean (Irekia).

Helburua

Batetik, herritarrak aktibatu nahi ditu erosketa edo kontsumitze unean euskara erabiltzera, eta bestetik, merkatari eta ostalariak gonbidatu nahi ditu euskaraz gerturatzen zaion herritarrari euskaraz keinu egitera. Kanpaina abenduaren 4tik 31ra bitartean gauzatuko da, eta Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko planaren helburuei erantzuten die.

Elkarlanean egindako bidea

Elkarlanean eta koordinazioan oinarritutako kanpaina da. Aurten, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiek, udalek (EUDEL eta UEMA), mankomunitate eta kuadrillek bat egin dute egitasmoarekin. Guztira 124 udalerri batu dira kanpainara, iazkoaren bikoitza. Eusko Jaurlaritzak aitortza egin nahi die hainbat urtetan eremu honetan ekintzak egiten dabiltzan udal, euskara zerbitzu, merkataritza elkarte eta eragile desberdinei, eta horiekin elkarlanean aurrera egin nahi izan du, ahaleginak batuz.

Kanpainaren lehen edizioa 2020ko amaieran egin zen. Proba pilotu modura EAEko hiru hiriburuetako eta Oarsoaldeko udalekin batera gauzatu zen kanpaina, eta, batez ere, sare sozialen bidez zabaldu zen (https://eskatueskainieuskaraz.eus/). 2021ean, kanpaina horren jarraipena egin zen, baina EAE mailan eta zabalkunderako medio ezberdinak erabiliz. 2022ko berrikuntza izan da merkataritzari ezezik, ostalaritzari begirako kanpaina ere izatea.

2020ko bideoa ikusteko, sakatu hemen.

2021eko bideoa ikusteko, sakatu hemen.