Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gasteiz-Agurain-Zalduondo

Itzuli

Gasteiz: San Migel eliza

San Migeleren Erretaula Nagusia

Araban zehar proposaturiko bigarren ibilbidea Gasteizen hasten da, hain zuzen ere, Gregorio Fernandezek XVII. mendeko lehen zatian (1624-1636) eginiko San Migelen erretaula nagusian. Bada, erretaula hori artelan bikaina da, edonondik begira dakiola ere. Irudi-multzoa naturala bezain adierazgarria da eta estu-estuan lotzen zaio irizpide barrokoari. Polikromia garaikidea da ia, Erreformaren aurkako irizpideetara egokitua, eta gorputz biluzien haragi-kolorea, berriz, distirarik gabekoa eta jantzien antzekoak diren estofatuekin. Gregorio Fernandezek eginiko artelanen artean, hori da Araban osorik iraun duen bakarra. Gregorio Fernandez punta-puntako ordezkaria dugu garaiko erretauletan penintsulako iparralde osoan.

Agurain: Santa Maria eliza

Andra Mariaren Erretaula Nagusia

Berpizkunde garaiko (erromanista) erretaula dugu, Lope de Larreak eginiko lana, hain zuzen. Amaitu, ordea, Francisco de Forondak amaitu zuen, Lope hil eta gero. Erretaularen polikromia Diego Perezek egin zuen, XVII. mendeko lehen zatiko margolari entzutetsuak. Bere estiloa Erreformaren aurkakoa zen, argi eta garbi. Santa Mariako erretaula hori XVI. mendeko azken herenean iparraldean izan zen erromanismoaren adierazgarri ezin hobea da: batetik, konposizio astinduak eta anatomia gihartsuak, eta bestetik, goiko zatian, barrokoa iragartzen duten osagai aitzindariak. Azken buruan, Lope de Larrea eskultorearen lan onenetariko baten aurrean gaude, agerian geratzen baita maisu honen maila izugarria.

Zalduondo: San Saturnino eliza

Tolosako San Saturninoren Erretaula Nagusia

Eliza horretan XVII. mendeko lehen zatiko erretaula klasizista bat ikus dezakegu, eta Erreformaren aurkako irizpideei atxikiz, zertxobait geroago eginiko polikromia on bat. Bereziki aipagarriak dira laukitxoetako hondoan ageri diren inguruneak. San Saturninoren Erretaula kalitatezko lana da, erromanismotik klasizismora doan trantsizio-tartearen adierazgarri. Maila handiko maisuek eginiko lana da, besteak beste, Francisco de la Plaza mihiztatzaileak, Pérez de Ayala eskultoreak eta Mateo López de Echazarreta margolari-urreztatzaileak.