94. Emeterio eta Zeledonio Santuen eliza (Larrabetzu)
6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO
Larrabetzuko jatorrizko gunea
1376an Villanueva de Berresonaga hiribildua, gaur egungo Larrabetzuko hirigunea, sortzeko pribilegioa eman zen. Horretarako, ordura arte elizateari zegozkion lurren zati bat bereizi eta hiri berria eratu zen. Bertan Andre Mariaren eliza eraiki zen eta, arrazoi horregatik, Emeterio eta Zeledonio santuei eskainitako antzinako eliza Goikoelexea, goiko eliza, izenarekin ezagutzera pasa zen, haranean goragoko toki batean zegoelako.
Larrabetzu herrixka zaharra, beraz, Bizkargi mendiaren oinean zegoen, Morga Txorierrirekin lotzen duen mendatearen azpian. Azpimarratzekoa da hiribilduaren sorrerak ez zuela ondorio larririk izan biztanleen kontzentrazioan eta herrigune zaharraren desagerpenean, baizik eta hiri berriarekin batera iraun zuela. Goikoelexea parrokia bera nolabaiteko aberastasun baten adierazle da landa-eremu hutsean.
Gotiko berantiarreko multzo bat
Larrabetzuko Emeterio eta Zeledonio santuen eliza, gaur egun ezagutzen dugun bezala, 1500 inguruan eraiki zen, estilo gotiko berantiarrean. Oinplano angeluzuzena du, habearte bakarrekoa, eta ojiba-arku handi batek banatzen du aldarearen espazioa nabetik. Bao nagusiak bi arrosa-leiho dira, bata absidean eta bestea hegoaldeko horma-atalean, bai eta ojiba-leiho bat eta eserlekuak dituen beste leiho germinatu bat ere, biak hegoaldeko horma horretan bertan. Perimetroko hormak kontrahormen bidez, sendotuta daude.
XVII. mendean hasitako dorre prismatiko bat du, zenbait ataletan eraikia, azkena adreiluzkoa. Elizara oinaldetik sartzen da, barroko estiloko ate batetik, nahiz eta oraindik jatorrizko ojiba formako sarbideetako bat mantentzen duen, hegoaldean. Korua errenazentista da, eta gotiko flamigeroaren nolabaiteko kutsua du. Habeartea eta presbiterioa gurutze-gangez estalita daude.
Ondorengo eranskinak gora-behera, eraikinaren zatirik handienak XVI. mendean hasierako estiloa du. Beste elementu batzuek laguntzen dute irudi bateratu horretan. Lehenengoa erretaula nagusia da, Errenazimenduko estilokoa, baina gotiko berantiarreko kutsu nabarmenarekin. Arkitekturaren apaindura oparoa du ezaugarri, erretaulako 3 kaleak eta 3 solairuak banatzeko balio duena, bankuaz gain. Erdiko espazioan, Ama Birjina eseria eta Haurrraren taila dago, eta, azpian, eliza eskeintzen zaien santuak daude, bere martirioaren eszenez inguratuta. Bankuan, Kristo bere dizipuluez inguratuta irudikatzen da. Erretaula horrek bi alboko ditu, gerora eginak eta ez hain bikainak, San Migeli eta San Antonio Abadi eskainiak (XVII. mendearen hasiera).
Azpimarratzekoa da XX. mendearen amaieran egindako eraberritze batzuetan, presbiterioaren alboetako hormetan, elizaren eraikuntzaren garaiko jatorrizko margolan batzuk aurkitu zirela. Epistolaren aldean (hegoaldean), infernua irudikatzen duen piztia baten ahoan sartzen ari diren zaldun batzuk irudikatzen dira; beste aldean, San Kristobalen irudi handi bat agertzen da.