Arautegia
Inprimatu7/2008 Legea, ekainaren 25ekoa, Merkataritza Jardueraren Legearen bigarren aldaketarena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 128
- Hurrenkera-zk.: 4113
- Xedapen-zk.: 7
- Xedapen-data: 2008/06/25
- Argitaratze-data: 2008/07/07
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Merkataritza eta turismoa; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak ekainaren 25eko 7/2008 Legea, Merkataritza Jardueraren Legearen bigarren aldaketarena, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
7/2008 Legea, ekainaren 25ekoa, Merkataritza Jardueraren Legearen bigarren aldaketarena
– Merkataritza-jarduera funtsezko faktorea izan da Europako hirien jaiotzan eta garapenean. Gure eremuan ere merkataritzak hiri biziagoak, elkarbizitzarako gaiagoak eta seguruagoak moldatzen lagundu du. Ezin dugu ahaztu, era berean, hiriko merkataritza gure gizarte-bizitzako ereduaren oinarrizko osagaia dela: hiriko animatzaile ordezkaezina da, tokiko ekonomiak bultzatzen ditu, gizarte-harremanak errazten ditu eta hirietako bizitza indartzen du.
Hiri-eredu hori, Europar Batasuneko herrialde gehienen bereizgarria, gure bizimoduari dagokiona da, eta beste batzuengandik bereizten gaituen faktorea da. Gure herri, hiri eta auzoetako gune historikoetako merkataritza ez dator bat merkataritza periferikoko beste eredu batzuekin, eredu horiek arrotzak zaizkigun hiri-egituren bereizgarriak baitira, dela ikuspegi kulturaletik, dela lurraldearen okupazioaren ikuspegitik. Eredu horiek, gainera, bide-sareari gehiegizko neurria ematera bultzatzen dute, eta, horren ondorioz, automobil pribatuak erabiltzera, horrek dituen ondorioekin.
Beharrezkoa da, beraz, gaur daukagun hiri-eredu trinko, konplexu eta sozialki kohesionatua iraunaraztea, eta hor merkataritzak orain arte izan duen zereginak funtsezkoa izaten jarraitzea. Hiri multifuntzionala, bizitegi-erabilera modu harmonikoan uztartzen baita bertan merkataritzako eta zerbitzuetako jarduerekin. Hiri sozialki kohesionatua, herritarrei erosketa eta hornidurako beharrak ase ahal izatea ziurtatuko diena.
Geure hiri-eredua aurrera eramateko egokitasunari, lurzoruaren erabileran iraunkortasuna bermatzeko eskakizuna gehitzen zaio, eta horrek gainera hiri-ingurutik kanpoko merkataritza-ezarpenetako lurzoruaren kontsumo neurrigabeak ingurunean eta herritarren mugikortasunean dituen eragin kaltegarriak saihesten ditu. Europar Batasunak berak ere bere gain hartu ditu planteamendu horiek, eta Europako Lurralde Estrategian (Potsdam, 1999ko maiatza) hiri-hedapenaren kontrola jasotzen du hirien garapen iraunkorrerako alderdi erabakigarri gisa, eta orobat egiten dute lurzoruaren lege modernoek -2/2006 Lege autonomikoak eta 8/2007 Lege estatalak-, baliabide naturala den lurzoruaren kontsumoari heltzean iraunkortasunaren printzipioa jasotzen baitute.
Garatutako ekonomiek hirugarren sektorerako duten joerak, bestalde, ekonomia horien egiturak eta merkaturatze-bideak egoki artikulatzea eskatzen du, horien garapen iraunkorra ahalbidetzeko; orobat eskatzen du estrategiak zehaztea Euskadik ingurune global batean merkataritza-lehiakortasuna izan dezan.
Gaur egun, ekonomiaren globalizazioak, merkataritza-eragile handien bat-egite eta kontzentrazio prozesuek, teknologia berriak txertatzeak eta, batez ere, kontsumitzaileen portaera-ildoak aldatzeak, horiek guztiek hiriguneek protagonismoa galtzea eragiten dute, bai eta aldaketa handiak ere udalerrietako merkataritza-ardatzetan.
Era berean, hirien garapen eta bilakaerak beharrezko bihurtzen du hirugarren sektoreko erabileretarako guneak aurreikustea, erabileraren intentsitate aurreikusiaren eta erabilerak dakarren lurzoruaren kontsumoaren araberako guneak, eremu zaharkituak birmoldatuz edo eraikin-garapen berriak direlarik, ingurune horietako biztanleria-finkamendu berriei zerbitzu emateko, gizarte- eta hiri-bizitza indartze aldera, lo-auzategien kontzeptuetatik urrunduz.
Horrezaz gain, merkataritza-ardatz nagusietan dendak kentzea, eta haien ordez, bestelako merkataritza-jarduera batzuk jartzeak (banaketa-sektorearekin oso bateragarriak ez diren lan-ordutegiak dituztenak) kaleak hustea eragin dezake zenbait ordutan eta asteko zenbait egunetan, eta eragin nabarmena izan dezake ingurune horietako banaketa-egituren iraunkortasunean.
Horren ondorioz, lehiakortasunaren kontzeptua ez da mugatzen bakarrik enpresa-eremura; izan ere, merkataritza garatzen den inguruneetara ere zabaltzen da. Udalerriak eta hiri-inguruneak elkarren artean lehiatzen dira, kontsumitzaile eta erabiltzaile talde bakoitza bereganatzen eta haien beharrizanak asetzen saiatuz.
Egoera horren aurrean beharrezkoa da, horrenbestez, hirugarren sektoreko lankidetza-egiturak abian jartzea bultzatzea, eskualde-estrategiak garatze aldera, udal-inguruneak hiri-ekonomiaren gune gisa balioesteko eta, udal-estrategiari dagokionez, esku-hartze integratuen eta koherenteen gune izateko.
Hiri-garapeneko eredu berriek -eta eredu berri horietara goaz- honako hau azpimarratzen dute: udal-ingurunea harreman-gunetzat hartu behar da. Herritarrek zenbait jarduera egiten dituzte gune horretan, eta beren beharrizanak asetzen dituzte, eta, aldi berean, elkarreragin- eta sinergia-esparru bat ezartzen dute gune horri dagokionez.
Hori dela eta, une hauetan mahai gainean dagoen erronka hauxe da: merkataritza-gune handien inbertsioa hiri eta eskualdeburuetako hiri-bilbera bideratzea, eta horrela hurbileko merkataritza txikiarekiko sinergiak eta gure merkataritza-ereduaren iraupena bultzatzea, merkataritza-ekipamenduak hiria eraldatzeko eta bertako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko aukera-tresna gisa hartuz.
– Bestalde, barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Direktiba Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratzeak funtsezko aldaketak erakarriko ditu hainbat estaturen legerietan aldeztu diren irizpideetan eta merkataritza-gune handiak ezartzeko administrazio-baimenak emateko prozeduretan, “arlokako esku-hartzeak” argudio-indarra galtzen duen esparru batean -edo behinik behin, modu nabarmenean eraldatzen den une batean- lehiakortasunaren balioak hartzen du, inondik ere, garrantzirik handiagoa, eta horrek jarduera ekonomikoko beste sektore batzuek bizi dituzten erronka eta tentsioko dinamikekin homologatzen du merkataritza.
Aipaturiko direktibak, merkataritza-jarduerak garatzeko administrazio-baimenari dagokionez, besteak beste, murriztu egiten du banakako froga ekonomikoaren prozedura, eta ikuspegi berri baterantz garamatza, interes orokorrari lotzen zaizkion lurralde-antolamenduko, hirigintzako, ingurumeneko eta gizarte-kohesioko irizpideen aplikazioari lotutako ikuspegi berri baterantz, alegia.
Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak garatu du direktiba horretan aipatzen den “interes orokorreko premiazko arrazoiak” delako kontzeptua, eta, besteak beste, honako arlo hauek hartzen ditu: ordena publikoa, segurtasun publikoa, babes zibila, osasun publikoa, animalien sanitatea, Gizarte Segurantzako erregimenaren finantza-orekari eustea, kontsumitzaileak, zerbitzuen hartzaileak eta langileak babestea, merkataritza-transakzioetan fede onez jokatzea exijitzea, iruzurraren aurkako borroka, jabetza intelektuala eta industriala, gizarte- eta kultura-politikaren helburuak, ondare historiko eta artistiko nazionala iraunaraztea eta ingurumena eta hiri-ingurunea babestea, hiri- eta landa-plangintza barne.
Era berean, kontuan izan da, direktibaren 9. kontuan hartuzkoan jasota dagoen bezala, aipatutako direktiba zerbitzu-jarduera batera iristeko edo jarduera horretan aritzeko baldintzei bakarrik aplikatuko zaiela.
Horrela, ez da aplikagarria izango beste baldintza batzuen kasuan, hala nola, lurralde-antolamenduari, hirigintzari eta landa-antolamenduari buruzko arauetan, baina zerbitzuaren jarduna bereziki arautu ez arren edo jardun horrekin bereziki lotuta egon ez arren, zerbitzu-emaileek beren jardun ekonomikoan aritzean zein partikularrek beren gaitasun pribatuan errespetatu behar dituzten arauak dira.
Bigarren bide batetik, direktibak lehiaren eta lehiakortasunaren arteko loturan jartzen du puntua, haien egituren eragimena sustatze aldera, sinetsirik enpresen arteko lehia handitzeak eragin positiboa izango duela inflazioan eta banaketa-sistemaren eraginkortasun orokorrean.
– Bestalde, Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legea eraberritzeari ekiteko aukeratu den unea ezin hobea da; izan ere, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea indarrean sartu da berriki, eta horrek udaletako hirigintza-planak berrikustea edo egokitzea bultzatuko du, eta, hartara, lege honetako aurreikuspenak jasoko dira.
– Arau-hausteen eta zehapenen araubidea ere aldatu egiten da. Arau-hausteei dagokienez, arau-hausteetako batzuk ezabatzen dira, lege honetan sartu diren aldaketa batzuekin bat etorriz, eta merkataritza-ordutegien araubidea ez betetzeari dagokiona eransten da, arau-hauste hori ez baitzegoen berariaz tipifikaturik. Zehapenei dagokienez, zehapen arin eta larrien zenbatekoa gehitzen da, haien zenbatekoak oraingo egoerara egokitzeko.
– IV. titulua, merkataritza-lehiaketei buruzkoa, osorik ezabatzen da, eta, ondorioz, merkataritza-lehiaketak antolatzea eta egitea ez daude baldintzaturik baimenak ematera, administrazio-erregistroetan inskribatzera edo egutegietan txertatzera, bat-bat etorriz Europako Batzordearen interpretazio-komunikazio batekin (barne-merkatuko arauak azoka eta erakusketen sektoreari aplikatzeari buruzko komunikazioa, hain zuzen ere, 98/C/143/02, 1998ko maiatzaren 8ko EEAO).
– Bestalde, udalen eskueran jartzen da merkataritza bideratzeko planak onartzeko aukera. Plan horiek direla medio, hain zuzen ere, udalek arlo honetan dituzten politikak Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek dituztenekin uztartu beharko dira. Horrela, haien laguntza eta finantzaketaren bidez, hirugarren sektore osoan lankidetzako egitura publiko-pribatuak sortzea bultzatuko da, udal-inguruneak hiri-ekonomiaren gune gisa balioesteko eskualde-estrategiak garatzen laguntze aldera. Ingurune horiek, horrela, garapeneko udal-estrategiei dagokienez, esku-hartze integratu eta koherenteen gune izango lirateke, inguruneen arteko lehia eta enpresen lehiakortasuna bultzatuz.
– Eraberritzea, era berean, merkataritza-ordutegien araubideari ere badagokio, orain indarrean dagoen araubidea 150 metro koadroko salmentarako esparrua edo esparru handiagoa duten merkataritza-gune guztietara zabaltzen baitu. Alde horretatik, kontuan izan behar da Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babesa Hobetzeko abenduaren 29ko 44/2006 Legeak ahalbidetzen duela zabaltze hori, izan ere, lege horrek egindako aldaketa merkataritza-ordutegien araubideari buruzkoa da.
– Orobat kontuan izan dira Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako neurriak.
Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 13. artikuluak honako idazkera hau izango du:
“13. artikulua.– Merkataritza-gune handien ezarpena.
– Udalek, beren hirigintzako plangintza prestatu, aldatu edo berrikusterakoan, berariazko erabileratzat hartuko dute xehekako merkataritza-erabilera, eta, egoki denean, zehaztuko dute zein lurzorutan gauzatu daitekeen erabilera hori merkataritza-gune handien bidez, eta, hala badagokio, beste erabilera batzuekin duten bateragarritasun-araubidea, ondorengo paragrafoetan jasotzen diren arauen arabera.
– Lege honen ondorioetarako, merkataritza-gune handitzat jotzen dira, banakakoak nahiz kolektiboak izan, 700 metro koadrotik gorako eraikitako eremua duten guztiak.
Ondorio horietarako, merkataritza-gune kolektiboa da eraikin batean edo lotutako hainbat eraikinetan merkataritza-jarduerak hartzen dituen establezimendu multzo bat.
– Erregaiak saltzeko eta banatzeko merkataritza-gune handiak edo ibilgailu automobilak saltzekoak ezartzea, nahiz eta 700 metro koadrotik gorako eraikitako eremua izan, bai eta udal-merkatuak ezartzea ere, ez dago artikulu honetako 1. paragrafoan bildutako aginduei atxikirik.
– Merkataritza-gune handiak ezartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana behin betiko onartzen duen araudian biltzen den araupetzeari jarraituko zaio, plan horixebaita Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko saltoki handien ezarpena zehazten duen lurralde-antolamenduko lan-tresna.
– Merkataritza-gune handi bat ezartzen edo zabaltzen den bakoitzean, jarduteko udal-lizentzia eman aurretik, dagokion udalak txosten bat eskatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioan merkataritzako eskumena duen organoari, egin asmo den jarduera Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean jasotako irizpideei nola egokitzen zaion azaltzeko.
– Udaletako planek lurzoruak berariaz kalifikatu ahal izango dituzte merkataritza-gune handiak hiriguneetako erdiguneetan edo hiri-zabalguneetan ezartzeko, eremu zaharkituen birmoldaketaren edo hutsune interstizialen okupazioaren bidez. Plan horiek, hiri-ereduaren iraunkortasuna ziurtatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean xedatutakoa beteko dute, eta gainera, batez ere, honako antolamendu-irizpide hauei jarraituko diete:
Planek merkataritza-gune handiaren berariazko erabilera ezartzea aurreikusi ahal izango dute baldin eta ezartze hori dagozkien udalerrietan aurretik sendoturiko hiri-bilbeetan egiten bada; bizitegi-eraikin kolektiboek modu jarraituan okupaturikoak hartuko dira halakotzat.
Merkataritza-gune handiaren berariazko erabileraren ezarpena aurreikusten denean, bizitegi-lurzoru urbanizagarriaren eremu homogeneoen edo hiri-berrikuntzako plan berezietan sartutako lurzoruen eraikuntza-garapena delarik edo hutsune interstizialen okupazioa delarik, bi kasuotan, erabileraren intentsitate aurreikusiaren eta dakarren lurzoruaren kontsumoaren arteko egokitzapena eta proportzioa egiaztatu beharko dira.
Kasu guztietan, planek, aipatutako erabileraren ezarpena aurreikusteko, udal-mugarteko bilakaeran, hiri-mugikortasunean eta lurzoruaren okupazioko estrategian integratzeari erreparatuko diote, lurzoruaren kontsumoa ekiditen saiatuz. Orobat, sor daitezkeen pertsona- eta ibilgailu-mugimenduei erreparatuko diete, eta, bereziki, bide-sarean eta gainerako azpiegitura publikoetan duen eragina baloratuko dute, bai eta garraio kolektiboko nahikoa bitarteko egotea ere, jendearen fluxu aurreikusgarriak asetzeko eta ibilgailu pribatuak erabiltzea despizgarritzeko.
Berariazko erabilera aurretik sendotuak dauden hiri-bilbeetan kokatzen denean, erabileraren intentsitate aurreikusirako beharrezko eta egoki den aparkaleku-hornidura eskatuko dute planek. Horretarako, gainera, erabilgarri dauden espazioak, hiriko trafikorako eragina eta aurretik edo aurreikusirik dauden garraiobide publikoak izango dira kontuan.
Gainerako kasuetan, aplikatzekoak izango dira, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean aipatzen diren aparkatzeko estandarrak.
Planek, etorkizuneko eraikuntzetarako, eraiki beharreko establezimenduek energia-eragimena, irisgarritasuna eta inguruneko integrazioa bilatzen dituzten irtenbideak hartzea eskatuko dute.
– Udalak aurreko idatz-zatian biltzen diren antolamendu-irizpideetatik aldentzen direnean, iraunkortasunari buruzko azterlan baten bidez justifikatuko dute erabaki hori, eta azterlana Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeari igorri beharko diote. Erabakiaren arrazoiak, halaber, memoria batean azaldu beharko dituzte eta memoria hori plangintza prestatzeko, aldatzeko edo berrikusteko espedienteari erantsi beharko zaio. Memorian honako hauek ere jasoko dira:
Merkataritza-erabileraren ezarpenaren proportzionaltasuna eta egokitzapena aztertzea, hiri-inguruneari dagokionez.
Aurreikusten den ezarpenari zerbitzua emateko, dauden azpiegiturei, hala nola argiei, errepideari, urari eta telekomunikazioei, eragitea eta horiek nahikoak izatea.
Pertsonen zein ibilgailuen mugikortasuna eta mugikortasun horren zerbitzura dauden hornidurak aztertzea.
Hiri-antolamenduaren gaineko eragina, eta ezarpena jarri nahi den lurralde-eremuaren ingurumenenarekiko errespetua”.
Aldatu egiten da legearen 15. artikulua, eta honako idazkera hau izango du:
“15. artikulua.– Kaleko salmentaren definizioa.
Kaleko salmenta da merkataritza-establezimenduetatik kanpo, postu edo instalazio desmuntagarrietan zein ibilgailuetan, egindakoa. Kaleko salmenta gune publikoetan eginez gero, beharrezkoa izango da dagokion baimena izatea”.
Aldatu egiten da legearen 16. artikulua, eta honako idazkera hau izango du:
“16. artikulua.– Kaleko salmenta arautzea.
– Udalek kaleko salmenta arautu ahal izango dute beren udalerrietako lurraldean. Udal-araudian lekuak, salmentarik gabeko perimetroak, aldizkakotasuna, ordutegia eta baimendutako produktuak zehaztuko dira eta kaleko salmenta moten ezaugarriak jasoko dira, honako hauek bereizita:
Aldizkako merkatuak, ohikoak zein ezarpen berrikoak, leku edo gune jakinetan kokatutakoak eta maiztasun finkokoak. Horiek astean bi aldiz antolatu ahal izango dira gehienez.
Feriak, jaiak, herriko ospakizunak direla eta, noizean behin ezartzen diren azokak.
Denda-kamioietan edo kaleetan jartzen diren postuetako salmentak, egoera eta baldintza jakinetan baimendutakoak.
– Udalerrian kaleko salmentan aritzeko baimena duen pertsonari identifikazio-txartela emango dio udalak, non baimenaren funtsezko datuak agertuko baitira; txartel hori ikusteko moduko leku batean jarriko da, bezeroek eskura izan dezaten. Era berean, txartelean adieraziko da, hala badagokio, kontsumitzaileen erreklamazioei erantzuna emango zaien lekuko helbidea. Helbide hori, betiere, salmentaren ordainagiri edo egiaztagirian azalduko da. Horrez gain, kaleko salmentarako baimena duen titular orok jarduera ekonomikoaren arriskuak barne hartuko dituen erantzukizun zibileko asegurua izan beharko du”.
Aldatu egiten da legearen 17. artikulua, eta honako idazkera hau izango du:
“17. artikulua.– Kaleko salmentarik gabeko hiri-perimetroa.
Udalerri guztietan zehaztu ahal izango da hiri-perimetro bat, zeinetan ezin izango den kaleko salmentarik egin. Perimetro hori zehazteko hirigintzari, ingurumenari edo irisgarritasunari buruzko irizpideak erabiliko dira”.
Aldatu egiten da legearen 18. artikulua, eta honako idazkera hau izango du:
“18. artikulua.– Bazter geratuak.
Feriak, jaiak eta herriko edo ohiturazko ospakizunak direla eta ezartzen diren azoken kasuan, udalerri bakoitzak zehaztuko du horietako zeintzuk geratzen diren aurreko artikuluan aipatutako kaleko salmentarako debeku-perimetrotik kanpo”.
Kendu egiten da Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 20. artikuluko 2. paragrafoko b) idatz zatia.
Aldatu egiten da legearen 21. artikulua, eta honako idazkera hau edukiko du:
“21. artikulua.– Baldintzak.
– Etxez etxeko salmentak egiten dituzten enpresek Administrazioko agintarien eskura izan beharko dute beren xedearen arabera eskatu beharrekoak diren baimen sektorial guztiak, bai eta salmenta mota horretan parte hartzen duten langileen zerrenda eguneratua ere.
– Saltzaileak agiriak erakutsi beharko ditu, zein enpresarentzat ari den eta harentzat zer-nolako izaerarekin saltzen duen azaltzeko”.
Kendu egiten da Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 22. artikuluko 2. paragrafoa.
Aldatu egiten da legearen 22. artikuluko 4. paragrafoaren a) idatz-zatia. Idazkera hau izango du:
“Enpresaren identifikazioa eta helbidea”.
Aldatu egiten dira Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 23. artikuluko 2 eta 3. paragrafoak. Idazkera hau izango dute:
“2.– Salmenta mota hori Eusko Jaurlaritzan merkataritzaren arloko eskumena duen sailari jakinarazi beharko zaio.
– Jakinarazpenean honako alderdi hauek zehaztu beharko dira:
Saltzailearen identifikazioa.
Produktuen ezaugarrien azalpena.
Baldintza fiskal eta administratiboen betekuntza.
Lokala erabiltzeko agiria”.
Kendu egiten da Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 29. artikuluko 2. paragrafoko a) idatz zatia.
Aldatu egiten da legearen 29. artikuluko 6. paragrafoa. Idazkera hau edukiko du:
“6.– Makina horiek merkataritza-guneen kanpoaldean jartzeko baimena ematerakoan, udalek kontuan izango dituzte, bestelako irizpideen artean, makinak jarri beharreko leku publikoen ezaugarriak”.
Kendu egiten dira Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen IV. tituluko 32, 33, 34, 35, 36 eta 37. artikuluak, edukirik gabe geratu baitira.
– Aldatu egiten dira Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 38. artikuluko 1. paragrafoko h), i), j), k) eta l) idatz-zatiak. Idazkera hau edukiko dute:
“h) Indarrean dagoen legerian aurreikusitako merkataritza-ordutegien araubidea honela haustea: merkataritza-gunea baimendu gabeko ordutegian edo baimendu gabeko igande edo jaiegunean irekitzea, establezimendua irekita edukitzeko gehienezko denbora ez betetzea edo irekita dagoen ordutegia eta egunak agerian jarrita ez edukitzea.
Kaleko salmentako produktu, leku, egun eta orduei dagozkien baldintzak ez betetzea, eta orobat baimendutako titularrei eta horiek uneoro identifikatuta egon beharrari dagozkienak ez betetzea.
Etxez etxeko salmentari dagokionez, 20 eta 21. artikuluetan aurreikusitakoa ez betetzea.
Urrutiko salmentari dagokionez, 22. artikuluan aurreikusitakoa ez betetzea.
Noizbehinkako salmentari dagokionez, 23. artikuluan aurreikusitakoa ez betetzea”.
– Kendu egiten dira Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 38. artikuluko 1. paragrafoaren s), t), u) eta v) idatz-zatiak. Ondorioz, w) idatz-zatia aurrerantzean s) idatz-zatia izango da.
– Kendu egiten dira Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 40. artikuluko d) eta f) idatz-zatiak.
– Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 40. artikuluaren g) idatz-zatiak honako idazkera hau edukiko du:
“g) 38. artikuluko 2. paragrafoko s) idatz-zatian jasotako arau-hausteak, ezezkoa edo jarkitzea errepikatua denean edo agintarienganako edo haien agenteenganako hertsapen, mehatxu edo bestelako edozein presiorekin batera datorrenean”.
Aldatu egiten dira Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 43. artikuluko 1, 2 eta 3. paragrafoak, eta honako idazkera hau izango dute:
“1.– Arau-hauste arinak 25.000 eurorainoko isunekin zehatuko dira.
– Arau-hauste larriak 150.000 eurorainoko isunekin zehatuko dira. Muga hori iritsi ahal izango dute udalek kalez kaleko salmentaren arloan.
– Arau-hauste oso larriak 900.000 eurorainoko isunekin zehatuko dira. Zehapen horiek ezartzeko organo eskudunak honako hauek izango dira: merkataritzaren arloa egotzirik duen saileko titularra, 120.000 euroraino, eta Jaurlaritzaren Kontseilua, 120.001 eurotik 900.000 euroraino”.
Aldatu egiten da Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 48. artikuluko 1. paragrafoa. Honako idazkera hau edukiko du:
“1.– Lege honetan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenek honako epe hauetan galduko dute indarra:
Arau-hauste arinak: urtebetera.
Arau-hauste larriak: bi urtera.
Arau-hauste oso larriak: hiru urtera”.
Merkataritza-jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen 50. artikuluak honako idazkera hau izango du:
“50. artikulua.– Merkataritza-egituren eraberritzea.
– Eusko Jaurlaritzak, merkataritzaren arloko sail eskudunaren bitartez, lurraldeko merkataritza-egiturak eraberritzea bilatzen duen jarduketa oro aurrera eramango du, eta batez ere honetara bideratuak:
Merkaturatzeko teknika eta bitartekoak modernizatzera.
Banaketa-prozesuko kostuak arrazionalizatzera eta murriztera.
Merkataritzako enpresen artean taldekatze edo unitate integratuak osatzera.
Merkataritza-jardueran ari diren edo arituko direnentzako lanbide-irakaskuntzak antolatzera, hezkuntzaren eta lanaren arloetako sail eskudunekin lankidetzan.
Merkaturatzeko egitura eta prozesuak hobeto ezagutzera bideraturiko azterlan eta ikerketak egitera.
Merkataritza-azpiegituraren akatsak zuzentzera.
Merkataritza-enpresetarako laguntza teknikoa ematera.
Horrelako jarduketak egiten dituenean, Eusko Jaurlaritzak tokiko merkataritza modernizatze aldera merkataritza bideratzeko udal-planak dauzkaten udalekiko lankidetza indartuko du, baita beste erakunde publiko eta pribatu batzuekiko lankidetza ere, bidezko hitzarmenak izenpetuz edo bilatzen diren xedeak lortzeko egokien gertatzen den eran.
– Jaurlaritzak sustapen-ekintza publikoa burutuko du eta, horretarako, hartu beharreko neurriak hartuko ditu eta jarri beharreko baliabideak jarriko ditu, merkataritza-lehiakortasuna sustatzeko ekintzen alorrean eta zortzi urteko epearen barruan, xehekako merkataritza esparru berrira egokitzeko plan bat bultzatze aldera, sektorea Europar Batasuneko barne-merkatua partekatzen duen herrialdeetako enpresen lehiakortasun-maila baliokideetan kokatzeko.
– Artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako xehekako merkataritza egokitzeko planak honako gai hauek jasoko ditu:
Merkataritza-enpresen modernizaziorako ekimenak garatzea, garapen horrek enpresa-produktibitatea hobetzea, kalitatea areagotu eta lehiakortasuna hobetzea eta kontsumitzaileentzako prestazio eta zerbitzu berriak sortzea ekarriko dituelarik.
Enpresa-egokitzapeneko prozesuak, enpresaren funtzio desberdinen kudeaketarekin lotutako berrikuntza eta teknologiaren modernizazioa faboratuz.
Enpresa-lankidetzarako tresnak, sektorearen atomizazio-efektuak eta merkataritza-egituren neurriak aldatzearen efektuak arintzeko.
Lankidetzako egitura publiko-pribatuak sortzea, hirigintza nahiz enpresa mailako udal-estrategiak garatzeko, estrategia horiek udal-inguruneak hiri-ekonomiaren gune gisa balioetsiko dituzten merkataritza-ardatzen bitartez garatuko direlarik.
Jardueraren eskualdatzea edo oinordetza.
Gizon eta emakumeen enpleguetako genero-eraginaren azterketa, bai lanpostuen kopuruari, bai eta sortu beharreko enpleguen lan-baldintzei edo kalitateari dagokienez.
– Udalek, lege honen esparruan eta xehekako merkataritza egokitzeko planean jasotako jarraibide, programa eta ekintzen arabera, merkataritza bideratzeko planak egikaritu ahal izango dituzte; plan horietan, udal eremurako, merkataritzaren arloan iritsi beharreko helburuak eta horiek lortzeko hartuko diren berariazko sustapen-neurriak zehaztuko dituzte. Plan horiek arlo honetan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sail eskudunak merkataritzaren arloan ezartzen dituen politika eta sustapen-bideekin elkar hartuta egingo dira. Iritsi beharreko helburuen artean, lehentasunekotzat hartuko da hiriko merkataritza-banaketako egituraren iraunaraztea ziurtatzea.
Plan horiek, dena dela, udaletako hirigintza-planek merkataritza-erabileraren inguruan jasotzen dituzten aurreikuspenetara egokitu beharko dira.
Planek iraupen mugatua izango dute, zazpi urtekoa, eta udal bakoitzak onartuko ditu, behar izanez gero, udal-plangintzako aholku-batzordeak eta merkataritzaren arloko kontseiluak edo antzeko organo batek txostena egin ondoren.
Planek udalerri bati baino gehiagori eragiten dietenean, udalak elkartu egingo dira, eta merkataritza bideratzeko plan mankomunatuak bertako udal guztiek onartu beharko dituzte”.
Bigarren xedapen iragankorra gehitzen zaio Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legeari. Honako idazkera hau edukiko du:
“Bigarren xedapen iragankorra.
Harik eta udalek beren hirigintzako plangintza egokitzen ez duten arte, edonola ere 2009ko abenduaren 28a baino lehen, lege honetako 13. artikuluan ezartzen diren aurreikuspenetara eta Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean -lege honen azken xedapenetako hirugarrenean adierazitakoari lotuz berrikusita- jasotzen diren aurreikuspenetara, aipatutako artikuluan aurreikusitako araubidea aplikatuko da tarte horretan, artikulu horri Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legea aldatzeko azaroaren 10eko 7/2000 Legean eman zitzaion idazkerarekin aplikatu ere, bai eta lege horren garapenerako emandako erregelamendu-arauak ere”.
Edari alkoholdunak saltzen dituzten establezimenduei dagokienez, gauez itxi dezatela erabaki.
Beren eskaintzan edari alkoholdunak dituzten merkataritza-establezimenduei dagokienez, mota horietako edariak 22etatik hurrengo eguneko 7ak arte salgai izatea debekatu, aplikagarria zaien irekitze-araubidea edozein delarik ere.
“53. artikulua.– Zehapenen sailkapena.
– Lege honek aipatzen dituen arau-hausteak ondoko zehapenak ezarriz zuzenduko dira:
Arau-hauste arinak: gehienez 25.000 eurorainoko isuna.
Arau-hauste larriak: gehienez 150.000 eurorainoko isunak. Zenbateko hori urratzea egin den produktu edo zerbitzuen balioa halako bost lortzeraino gainditu ahal izango da.
Arau-hauste larriak: gehienez 900.000 eurorainoko isunak. Zenbateko hori urratzea egin den produktu edo zerbitzuen balioa halako bost lortzeraino gainditu ahal izango da”.
“62. artikulua.– Preskripzioa eta iraungitzea.
– Lege honek aipatzen dituen arau-hausteen preskripzio-epeak honako hauek izango dira: arau-hauste oso larriek hiru urteren buruan dute preskripzioa, larriek bi urteren buruan, eta arinek sei hilabeteren buruan. Preskripzioaren epea urratzea egin eta biharamunean hasiko da zenbatzen. Alabaina, administrazio-prozedura hasten baldin bada, eta ustezko erantzuleak horren berri izanik hasi ere, eten egingo da arau-haustearen preskripzioa.
– Zehapen-prozedura hasita, alderdi interesatuari aplikatu behar den prozeduran aurreikusitako izapide bakoitzaren berri eman zaionetik sei hilabete igaro direnean oraindik ez baldin bada hurrengo izapidea sustatu eta interesatuak horren errurik ez baldin badauka, egintza iraungitzat joko da eta jarduerak artxibatu egingo dira.
– Falta oso larriengatiko zehapenek hiru urteren buruan dute preskripzioa; hutsegite larriengatik ezarritakoek bi urteren buruan, eta hutsegite arinengatik ezarritakoek urtebetearen buruan.
– Partikularrek preskripzioa eta iraungitzea alegatu ahal izango dituzte. Organo eskudunak alegazioa onartzen duenean, espedientea amaitutzat joko da eta jarduerak artxibatzea aginduko da. Nolanahi ere, urratzeen preskripzio-epea igaro gabe baldin badago, prozedura berria hasi ahal izango da”.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko ekainaren 26a.
Lehendakaria,
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Aldatutakoa: 1/2016 LEGEA, apirilaren 7koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa.
- Aldatzen du: 6/2003 LEGEA abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena.
- Partzialki indargabetutakoa: 10/2019 LEGEA, ekainaren 27koa, establezimendu komertzial handien lurralde antolamenduari buruzkoa.
- Aldatzen du: 7/1994 LEGEA, maiatzaren 27koa, merkataritza iharduerari buruzkoa.