Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

210/ 2011 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarte adierazgarriak aitortzeari eta erroldan inskribatzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 210
  • Hurrenkera-zk.: 4785
  • Xedapen-zk.: 210
  • Xedapen-data: 2012/10/16
  • Argitaratze-data: 2012/10/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen VII. tituluan helburuak adierazten dira, eta horien artean ezartzen da euskal administrazioek harremana eta zerbitzua eman behar dietela orokorrean nekazaritzan eta elikagaigintzan jarduten diren pertsonei, fisiko nahiz juridiko izan. Horretarako, elkarteak eta federazioak eratzea eta mantentzea sustatuko dute, hori baita modurik egokiena egituratzeko eta sektorearekin elkarrizketak maiz eta behar bezala egiteko.

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 86. artikuluaren bidez sortzen da nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarteen errolda, eta bertan inskribatuta egon behar dute azpisektoreetako bakoitzean adierazgarritzat jo diren elkarte guztiek. Artikulu horrek berak dio, halaber, arau bidez ezarriko direla horien adierazgarritasuna erabakitzeko irizpide objektiboak.

Dekretu honen xede da, hain zuzen, agindu hori betetzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarte adierazgarriak halakotzat hartzeko irizpideak ezartzea, bai eta horiek erroldan inskribatu ahal izateko ere.

Nekazaritza-erakunde profesionalak dekretu honen aplikazio-eremuan sartu dira, nahiz eta legeak berak arautuak dituen elkarte horiek aitortzeko oinarrizko baldintzak eta horren ondorioak. Aitzitik, dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo daude nekazaritza-ustiategiei aholku emateko erakundeak, arauketa oso eta zehatza baitute lehendik ere.

Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, manuzko txostenak eginda, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarte adierazgarriak aitortzea eta erroldan inskribatzea arautzea.

  2. Dekretu honen eranskinean ezarritako tipologiari jarraiki sailkatuko dira nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarteak.

  1. Nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarte eta federazio profesionalek eta enpresarialek baldintza hauek bete behar dituzte nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarte adierazgarritzat hartzeko:

    Helburu eta jarduera sozialek zerikusia izatea nekazaritzako eta elikagaigintzako sektoreen defentsarekin eta horiek ordezkatzearekin.

    Legearen arabera eratuta eta inskribatuta egotea dagokien erregistroan.

    Euskal Autonomia Erkidegoan izatea egoitza soziala, eta, halaber, kideen % 70ek gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan izatea egoitza.

    Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

    Jardueraren lurralde-eremuak lurralde historiko bat baino gehiago hartzea, baldin eta elkartearen produkzioa edo jarduera ez bada lurralde bakar batera mugatzen.

    Azpisektore jakin bateko ekoizleen edo operadoreen gutxieneko kopuru baten ordezkari izatea edo gutxieneko negozio-bolumenarena, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Nekazaritza-erakunde profesionalak adierazgarriagoak izango dira Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. eta 88. artikuluetan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

  3. Nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarteek honako obligazio hauek bete beharko dituzte, euren jardueraren barruan:

    Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, kanpoko zein barruko esparruetan.

    Dekretu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko harremanetan, idatzizkoetan zein ahozkoetan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea eta aukeratuko duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela bermatzea. Eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legeak dakartzan hizkuntza-betebeharrak ere zaindu beharko ditu.

  1. Dekretu honen eranskineko I. ataleko azpisektoreetako elkarteek (ekoizleen elkarteak) baldintza hauetakoren bat bete behar dute:

    Gutxienez, 200 kide izatea, eta kide horiek izatea EAEko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden ustiategietako titularrak edo titularkideak; edo

    Gutxienez, azpisektore horren ustiapenaren % 25 hartzea bere baitan, edo azpisektorearen fakturazioari dagokionez, gutxienez, % 25 fakturatzea.

  2. Dekretu honen eranskineko II. ataleko azpisektoreetako elkarteek (nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien elkarteak) baldintza hauetakoren bat bete behar dute:

    Azpisektoreko elkarte bakarra izatea, edo

    Azpisektoreko enpresen % 45en ordezkari izatea, edo

    Fakturatzea, gutxienez, azpisektorearen % 25.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako edo elikagaigintzako elkarte adierazgarritzat hartzeko eskabidea nekazaritzaren arloko eskumena duen Sailaren Kabinetearen Zuzendaritzara helarazi behar da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez aurkeztu ahal izango da.

  2. Nekazaritza eta elikagaigintza sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialen kasuan, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

    Erakundearen estatutuak.

    Dagokion erregistroan inskribatuta dagoela adierazten duen agiriaren kopia eta Identifikazio Fiskalaren Kodea.

    Beren baitan hartzen dituzten ekoizpen-motak, jarduerak edo sektoreak.

    Erantzukizunpeko adierazpena, kide-kopuruari buruzkoa (sexuaren arabera bereizita).

    Zuzendaritza- eta gobernu-organoen osaera, sexuaren arabera bereizita.

    Kide direnen ekoizpenaren edo jardueraren negozio-bolumena.

    Aurreko ekitaldian egindako jardueren memoria.

  3. Nekazaritza-erakunde profesionalen kasuan, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

    Erakundearen estatutuak.

    Dagokion erregistroan inskribatuta dagoela adierazten duen agiriaren kopia eta Identifikazio Fiskalaren Kodea.

    Erantzukizunpeko adierazpena, kide-kopuruari buruzkoa (sexuaren arabera bereizita).

    Zuzendaritza- eta gobernu-organoen osaera, sexuaren arabera bereizita.

    Aurreko ekitaldian egindako jardueren memoria.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarte adierazgarriaren aitorpena, hala badagokio, ebazpen bidez egingo da, eta nekazaritzaren arloko eskumena duen Saileko Kabinetearen Zuzendaritzako titularrak emango du ebazpena.

  5. Aitorpena emateko edo ukatzeko ebazpena, gehienez, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, eskabidea onartutzat hartuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 43.2 artikuluaren arabera.

  1. Nekazaritzako edo elikagaigintzako elkarte adierazgarriaren aitorpena izateak berekin dakar erakunde hori ofizioz eranstea Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako eta Elikagaigintzako Elkarteen erroldan, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 86. artikuluan xedatutako erroldan, hain zuzen.

  2. Horretaz gainera, nekazaritzako edo elikagaigintzako elkarte adierazgarriaren aitorpena izateak berekin dakar, Euskadiko Nekazaritzako eta Elikagaigintzako Kontseiluan parte hartzeari dagokionez, euskal administrazio publikoen kontsultak erantzutea eta haiekin elkarrizketak egitea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen VII. tituluan adierazitakoekin bat.

  1. Aitorpena duten nekazaritzako edo elikagaigintzako elkarteek ez badute dekretu honen 2. artikuluan xedatutako baldintzaren bat betetzen, izaera hori galduko dute.

  2. Agerian badago edo zantzurik badago aitortuak izan diren nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarte adierazgarriek utzi egin diotela dekretu honen 2. artikuluan aurreikusitako obligazioren bat edo baldintzaren bat betetzeari, aitorpen hori kentzeko prozedurari emango zaio hasiera, nekazaritzaren arloko eskumena duen Sailaren Kabinetearen Zuzendaritzak emango duen ebazpen baten bidez. Ebazpen horretan interesdunei jakinaraziko zaie zeintzuk diren prozedurari hasiera emateko arrazoiak, eta hilabeteko epea emango zaie komenigarritzat jotzen dituzten alegazioak egiteko.

  3. Behin alegazioak jasota, edo epea halakorik aurkeztu gabe igarota, nekazaritzaren arloko eskumena duen Sailaren Kabinetearen Zuzendaritzako titularrak dagokion ebazpena emango du. Nekazaritzako edo elikagaigintzako elkarte adierazgarri moduan duten aitorpena kenduz gero, erroldan ere baja emango die, ofizioz, erroldaren arduradunak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako eta Elikagaigintzako elkarte adierazgarrien errolda publikoa da eta haren egitekoa da, hain zuzen, dekretu honetan ezarritakoari jarraiki nekazaritzako edo elikagaigintzako elkarte adierazgarritzat hartu direnak inskribatzea; eta errolda-zenbaki bana emango zaie horiei.

  2. Nekazaritzaren arloko eskumena duen Saileko Kabinetearen Zuzendaritzako titularra izango da erroldaren arduradun, eta zuzendaritza horretako langileek egingo dute lan bertan.

  3. Erroldaren arduradunak egingo du ofizioz inskripzioa erroldan, baldin eta nekazaritzako edo elikagaigintzako elkarte adierazgarritzat hartu bada eta dekretu honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baditu.

  4. Erroldan inskripzio-liburu bat egongo da, eranskinean jasotzen diren atal eta elkarte-mota guztiekin, eta bertan jasoko dira dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten nekazaritzako edo elikagaigintzako elkarte adierazgarriak, halakotzat aitortuak izan direnak.

  5. Inskripzio-liburuak honako datu hauek jaso ditu idatziz:

    Nekazaritzako edo elikagaigintzako elkarte adierazgarriaren izena, erakunde-mota eta identifikazio fiskaleko kodea.

    Lurralde-eremua.

    Helburu eta jarduera sozialak.

    Entitatea noiz eratu zen eta noiz aitortu zen.

    Kide kopurua eta bazkideen zerrenda, eta zuzendaritza eta gobernu organoen osaera, guztiak sexuaren arabera bereizita.

    Kide direnen ekoizpenaren edo jardueraren negozio-bolumena, halakorik balego.

    Hasieran erregistratutako datuetan egindako aldaketak eta, egonez gero, datuen deuseztapenak eta noiz deuseztatu ziren.

  6. Inskribatuta dauden nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarte adierazgarriek eguneratuta eduki behar dituzte erroldako datuak, eta erakundearen estatutuetan aldaketarik eginez gero, edo zuzendaritza- eta gobernu-organoetan aldaketarik gertatuz gero, bertako arduradunari eman behar diote horien berri.

Administrazio-izapideak sinpletu eta azkartu nahian, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira betiere, indarrean dagoen eta aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat etorriz herritarrek bitarteko elektronikoak erabiltzeko eta datu-trukaketa errazteko aurreikusitako prozedura egokitu ahal izateko.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

  1. atala: Ekoizleen elkarteak.

    Azpisektore hauek hartzen ditu bere baitan atalak:

    Ekoizpen ekologikoa.

    Esnetarako behi-aziendak.

    Haragitarako behi-aziendak.

    Ardiak.

    Baratzezaintza.

    Laborantza estentsiboa.

    Mahastizaintza eta ardogintza.

    Frutikultura.

    Kunikultura.

    Hegazti-hazkuntza.

    Erlezaintza.

    Basogintza.

  2. atala: Nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien elkarteak.

    Azpisektore hauek hartzen ditu bere baitan atalak:

    Haragi-industria.

    Esne-industria.

    Arrain-kontserbak.

    Ogigintza eta errotaritza.

    Pastelgintza eta gozogintza.

    Zerragintza eta zuraren lehen eraldaketako industria.

    Edarigintza.

    Pentsuak.

    Eztigintza.

  3. atala: Nekazaritza-erakunde profesionalak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.