Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

100/2012 DEKRETUA, maiatzaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietan abereen ongizatea hobetzeko laguntzei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 123
  • Hurrenkera-zk.: 2899
  • Xedapen-zk.: 100
  • Xedapen-data: 2012/05/29
  • Argitaratze-data: 2012/06/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Gero eta kezka handiagoa daukagu gaur egun ingurumena dela-eta; horregatik, landa-garapenerako araudiak hainbat berrikuntza ekarri ditu. Ildo horretatik, laguntza-sistema bat ezarri da, nekazaritzaren eta ingurumenaren arloko neurri eta konpromiso batzuen bidez ingurumena babestea eta baliabide naturalak kontserbatzea xede duten nekazaritzako ekoizpen-metodo batzuk bultzatzeko.

Kontseiluaren 1698/2005 Erregelamenduak (2005eko irailaren 20koak), Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (FEADER) bidez landa-garapena bultzatzen duenak, animalien ekoizpenean erabiltzen diren izaki bizidunen premia fisiologiko eta etologikoak errespetatzen dituzten nekazaritzako ekoizpen-metodoak sustatzen dituzten neurrietara ere zabaldu ditu laguntza horiek.

Kontseiluaren 1698/2005 Erregelamenduak ezarritako laguntzak elkarren artean finantzatutakoak badira ere, 2007-2013 eperako Nekazaritza eta Basogintza Sektorerako laguntzei buruzko Europako zuzentarauek aukera ematen dute estatu mailako laguntzak ere emateko, baldin eta laguntza horiek behar bezala betetzen badute Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 Erregelamenduaren 40. artikuluak xedatutakoa eta Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1974/2006 Erregelamenduaren 27. artikuluak xedatutakoa, eta Batzordeak berak baimendutakoak badira. Eta baimenduta egon, badaude, 2012ko otsailaren 2an hala erabaki baitzuen Europako Batzordeak C(2012) 617 erabakiaren bitartez.

Orain arte arlo horretan nahitaezkoak ziren baldintzetatik harago doazen ekoizpen-metodoak bultzatzeko araubide izango dira neurriok. Metodo horiek erabiltzen hasteak kostuak eragingo ditu, edo diru-sarrerak murriztuko. Galera horiek nolabait konpentsatzeko izango dira laguntza horiek, hain zuzen.

Esnetarako behi-aziendetan ekoizpen intentsiboa oso ohikoa denez, sektore ezin hobea da abereen ongizatea indartzeko neurriak aplikatzeko. Dekretu honen xedea da esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietan abereen ongizatea hobetzea, ongizate horretarako ekoizpen-neurri eta metodo lagungarriak aplikatzearen trukean laguntzak emanez.

Dekretu hau egiteko, aholkua eskatu diegu foru-aldundiei eta nekazaritza arloko erakunde profesionalei.

Aurreko guztia oinarri hartuta, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 29an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatuta, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da esnetarako behien abeltzaintza-ustiategientzako laguntza batzuk arautzea. Laguntza horiek jaso ahal izateko, abereen ongizatea hobetzeko neurriak hartu beharko dituzte, eta neurriok arlo honetan dagoeneko nahitaezkoak direnak baino eskakizun handiagoak izan beharko dituzte.

  2. Laguntzak xedapen hauen arabera taxutuko dira: Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 Erregelamenduaren 40. artikulua, Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1974/2006 Erregelamenduaren 27. artikulua eta 2007-2013 eperako Nekazaritza eta Basogintza Sektorerako laguntzei buruzko Europako zuzentarauak.

  3. Dekretu honen aplikazioak ekarriko dituen eraginei dagokienez, definizioetarako, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuak xedatutakoa hartuko da kontuan (nekazaritzarako eta abeltzaintzarako Europako Erkidegoaren «ordainketa bakarreko» laguntzen araubidea eta zuzeneko laguntzen beste araubideak EAEn nola garatu eta nola aplikatu agintzen duena). ALUren (Azienda Larrien Unitateak) parekotasunen taulei dagokienez, irailaren 22ko 515/2009 Dekretua, abeltzaintza-ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena, bete beharko da.

  1. Dekretu honetan ezartzen diren laguntzak EAEko esnetarako behien ustiategien titularrak diren pertsona fisikoek edo juridikoek jaso ditzakete, baldin eta nekazaritza-ustiategien erregistroan izena emanda badaude eta betekizun orokor hauek betetzen badituzte:

    1. Titulu Nagusiz Nekazari izatea (TNN), 2011-2012 tasa-epean esne-kuota edukitzea, edo laguntza eskatzen den epean, eta epe horretan entregak egitea.

    2. Laguntza eskatu aurreko hiru urteetan animalien ongizateari buruzko edo esne gordinaren kalitateari buruzko indarreko araudia ez betetzeagatik zigorrik jaso ez izana.

    3. Laguntza eskatu aurreko urtean zigorrik jaso ez izana ustiategiaren ekoizpen-ahalmenaren eta aitortutako entregen arteko koherentzia egiaztatzeko kontrolen ondorioz.

    4. Behi-espezieko animalien identifikazio- eta erregistro-sistemei buruzko irailaren 18ko 1980/1998 Errege Dekretuaren obligazioak beteta edukitzea.

    5. Foru-ogasunei eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean izatea.

    6. Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo adiministratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean.

  2. Konpromiso hauek ustiategiko behi guzti-guztiei dagozkie.

Laguntza hauek jasotzeko, abeltzaintza-ustiategietako titularrek, aurreko artikuluko betekizun orokorrak betetzeaz gainera, konpromisoa hartu behar dute gutxienez 5 urtez abereen ongizatea hobetzeko neurri hauetakoren bat betetzeko:

  1. Larreetara eramatea, baldintza hauetan:

    1. Larrean daudenean, behi bakoitzeko 0,25 ha behar da gutxienez.

    2. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek konpromiso hauek hartu behar dituzte:

      Behiak bazkatzera aterako dituzte, eguraldiak uzten ez duenean izan ezik. Urtean 120 egunetan aterako dituzte gutxienez.

      Erregistro-liburu bat izango dute. Bertan, idatzita jasoko dute eguraldi txarra noiz egin duen eta zer abere gaixotu diren.

      Behiak larreratzeko partzelak txandakatzeko plan bat egingo dute, bai eta jarraipena egiteko plan bat ere, aldiko eta eguneko, larrean behi kopuru egokia egon dadin eta larrean belar ona egon dadin.

  2. Ibiltzeko eta lasai egoteko lekua.

    1. Instalazioetan, gutxienez 12 m2-ko eremua egon beharko da ALUko, abereak lasai egon eta ibil daitezen.

    2. Instalazioetan halako eremurik ez badago, kanpo-patio bat egon beharko da, barruko eta kanpo-patioko azalera batuta 12 m2 egon daitezen ALUko. Halakoetan, abeltzaintza-ustiategietako titularrek konpromiso hauek hartu behar dituzte:

      Behiak bazkatzera aterako dituzte, eguraldiak uzten ez duenean izan ezik. Urtean 156 egunetan aterako dituzte gutxienez (edozein sasoitan).

      Patioa egoera onean zainduko dute.

      Erregistro-liburu bat izango dute. Bertan, idatzita jasoko dute eguraldi txarra noiz egin duen eta zer abere gaixotu diren.

  3. Patologien zaintza eta prebentzio metodikoa.

    1. Jezteko robotak eduki beharko dituzte, edo eroankortasun-neurgailuak dituen areto bat, edo podometroak, edo lepokoak, edo abereen osasunaren bana-banakako jarraipena egiteko edozein sistema informatizatu.

    2. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek konpromisoa hartu behar dute jezteko robotak edo sistema informatizatuak emandako datuak zaintzeko, aztertzeko eta gordetzeko, bai eta gaixotasunak prebenitzeko eta sendatzeko neurriak hartzeko ere.

  4. Ukuiluan etzaleku gehiago egitea.

    1. Zenbat jezteko behi, hainbat etzaleku egon beharko dira, edo gehiago.

    2. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek konpromiso hauek hartu behar dituzte: jezteko behien kopurua etzalekuen kopurua baino txikiagoa izango da edo/eta korridore itxiak kenduko dituzte, edo ez dituzte erabiliko.

  5. Bigungarriz babestutako eremuak.

    1. Etzalekuen azpietan edo azpi beroetan, koltxonetak edo bigungarriz estalitako eremuak egon beharko dira.

    2. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek konpromisoa hartu behar dute bigungarriz estalitako eremuak egoera onean eta garbi mantentzeko.

  6. Aireztapena eta hezedura.

    1. Esparruaren ezaugarrien eta tamainaren araberako aireztagailuak, erauzgailu estatikoak edo lainoztagailuak eduki behar dira.

    2. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek konpromisoa hartu behar dute aireztagailuak, erauzgailu estatikoak edo lainoztagailuak behar beste denboran martxan jartzeko, esparrua behar bezala airezta eta heze dadin.

  7. Arrobaderak edo parrilak garbitzeko robota.

    1. Esparruaren ezaugarrien eta tamainaren araberako arrobaderak edo parrilak garbitzeko robota eduki behar dira.

    2. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek konpromisoa hartu behar dute arrobaderak edo robota egunean gutxienez 3 aldiz pasatzeko.

  8. Eskuilak.

    1. Behar beste eskuila eduki behar dira.

    2. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek konpromisoa hartu behar dute eskuilak egoera onean eta garbi mantentzeko.

      1. Askak.

        1. Jetzi aurretik behiak egoten diren itxaron-gelan, askak egon behar dira.

        2. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek konpromisoa hartu behar dute askak egoera onean eta garbi mantentzeko.

          1. Hankak garbitzeko eremua.

            1. Hankak garbitzeko eremu bat eduki behar da. Apatxetan patologiak prebenitzeko, hankak jetzi aurretik eta ondoren garbitu behar zaizkie.

            2. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek konpromisoa hartu behar dute hankak garbitzeko eremua egoera onean eta garbi mantentzeko eta erabilitako produktua dagokion espezifikazio teknikoen arabera aldatzeko.

  1. Kuota erabilgarria duten esnetarako behiak izango dira kontuan laguntzak emateko. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ustiategi bakoitzari puntuazio bat emango zaio, eta puntuazioa hori ustiategiko esnetarako behien kopurua eta puntuazio-baremo hau biderkatuz lortuko da:

    4 puntu: 3. artikuluko a) konpromisoa betetzeagatik.

    2 puntu: 3. artikuluko b) eta c) konpromisoak betetzeagatik.

    Puntu 1: 3. artikuluko d) eta f) konpromisoak (biak) betetzeagatik.

    Puntu ½: 3. artikuluko g) eta j) konpromisoak (biak) betetzeagatik.

  2. Laguntza jasotzeko, gutxienez 3 puntu lortu behar dira behi bakoitzeko. Gehienez, 6 puntu lortu ahal izango dira behi bakoitzeko.

  3. Ustiategia esnea kontrolatzeko programa bati atxikita badago, puntuen % 100 jasoko du. Bestela, puntuen % 80 jasoko du.

  4. Aurreko idatzi-zatietako puntuazioari murrizketa hauek aplikatuko zaizkio:

    Ustiategiko lehenengo 20 abereei ez zaie murrizketarik aplikatuko.

    Hurrengo 30 abereen puntuazioa % 20 murriztuko da.

    Hurrengo 50 abereen puntuazioa % 40 murriztuko da.

    Gainerako abereen puntuazioa % 60 murriztuko da.

    Ustiategiko titularra pertsona juridiko bat bada, 2.1.a) artikuluan xedatutakoa betetzen duen bazkideetako bakoitza (Titulu Nagusiz Nekazari izatea (TNN), 2011-2012 tasa-epean esne-kuota edukitzea, edo laguntza eskatzen den epean, eta epe horretan entregak egitea) ustiategitzat hartuko da murrizketa hau aplikatzeko orduan.

  5. Abeltzaintza-ustiategien titularrek zer zenbateko jasoko duten kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: laguntza horrentzako esleitutako guztizko aurrekontua zati murrizketak egin ondoren laguntza jasotzeko eskubidea duten ustiategiek lortutako guztiko puntuazioa, eta zatidura hori bider ustiategi bakoitzak lortu duen puntu kopurua. Edonola ere, puntu bakoitzeko 20 euro eskuratu ahal izango dira gehienez.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero helburu horretarako ezarriko diren aurrekontu-kredituen kargura finantzatuko dira laguntza horiek.

  2. Laguntza horiek bateragarriak dira foru-aldundiek baterako ekintzaren esparruan eta xede bererako emango dituzten beste laguntza batzuekin, betiere, laguntzen guztizkoa aurreko artikuluan ezarritako kopurua baino handiagoa ez bada. Hala gertatuz gero, laguntzak murriztu egingo dira, gehienezko mugara egokitu arte.

  1. Dekretu honen xedapen iragankorrean 2012. urterako xedatutakoari kalterik egin gabe, nekazaritza eta abeltzaintza arloetan eskumena duen saileko pertsona titularrak, urtero-urtero urtearen lehenengo hiruhilekoan egingo duen agindu baten bidez, dekretu honetan jasotako laguntzen deialdia egingo du, eta hala, eskabideak aurkezteko epea zabalduko da. Epe horretan, interesdunek adierazi behar dute laguntza horiek eskatzeko eta konpromisoei atxikitzeko asmoa dutela, baldin eta laguntza eskatzen duten lehenengo urtea bada. Halaber, deialdi-aginduan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean laguntzen guztizko zenbatekoa zein den adieraziko da. Zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

  2. Deialdi-aginduan, dekretu hau aplikatzeko eta araudian gertatzen diren aldaketetara eta laguntza horiei eragiten dieten Europako Erkidegoko erabakietara egokitzeko beharrezkoak diren xedapen osagarriak xedatu ahal izango dira.

  3. Hasierako eskabidean datu hauek jaso behar dira:

    Erreferentzia kopuruaren titularraren NAN. Ustiategi asoziatiboa bada, erakundearen IFKaren kopia.

    Nekazaritza-ustiategiaren txartel-zenbakia.

    Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-betebeharrak eta dagokion foru-ogasunari ordaindu beharreko zergak egunean egotea. Programa hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du betebehar hauek betetzen direla

    Nekazaritza-politika bateratuaren (NPB) zuzeneko laguntzak eskatzeko epea amaitzean ustiategian dauden abereen errolda. Ustiategia errendimendua kontrolatzeko programa bati atxikita egonez gero, atxikipenaren egiaztagiria, programa hori kudeatzen duen erakundeak emandakoa. Laguntza horiek kudeatzen dituzten administratzaileek eman ahalko dituzte datu horiek, baldin eta haien esku badaude.

    Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko eta pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso dituela, edo ez; ez dagoela lehen jasotako laguntzaren bat itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean edo prozedura hori amaitu dela; ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio edo zigor arloko zigorrik eta legezko debekurik; aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.

  4. Halaber, zer neurrirentzako laguntza eskatzen den, neurri horietako bakoitzaren dokumentazio espezifikoa aurkeztu beharko da. Dekretu honen I. eranskinean esaten da zer dokumentazio dagokion neurri bakoitzari.

  5. Konpromiso-aldia amaitu osteko urteetan, urter-urtero, artikulu honen 1. idatzi-zatian jasotako epean, eskatzaileek laguntza ordaintzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, eta datu hauen berri eman:

    Hartutako konpromisoak betetzen dituela eta hori egiaztatzeko kontrolak egiten dituela dioen zinpeko adierazpena.

    Nekazaritza-politika bateratuaren (NPB) zuzeneko laguntzak eskatzeko epea amaitzean ustiategian dauden abereen errolda. Ustiategia errendimendua kontrolatzeko programa bati atxikita egonez gero, atxikipenaren egiaztagiria, programa hori kudeatzen duen erakundeak emandakoa. Laguntza horiek kudeatzen dituzten administratzaileek eman ahalko dituzte datu horiek, baldin eta haien esku badaude.

    Laguntza lehenengo aldiz eskatzean egindako adierazpenetan eta aurkeztutako agirietan egon diren aldaketak, halakorik egon bada.

  6. Edonola ere, administrazioaren esku dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu behar, baldin eta behar bezala eguneratuta badago.

  1. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan jasotako laguntzak. Halaber, foru-aldundiek laguntza horien kudeaketan parte hartu ahalko dute, baldin eta xede bererako laguntzak ematen badituzte. Horretarako, laguntza guztien kudeaketa bateratua egite aldera, foru-aldundiekin hitzarmen bat egingo da, eta dekretu honen 6.2 artikuluan jasotako deialdi-aginduan argitaratuko.

  2. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak kontrol-plan bat egingo du dekretu honetan jasotako laguntzak emateko baldintzak betetzen direla bermatzeko. Kontrol administratiboak eta tokian tokiko kontrolak egingo dira laguntzak emateko baldintzak betetzen direla bermatzeko.

    Kontrol administratiboa sistema informatiko batean egongo da oinarrituta. Sistema horren bidez, egiaztapen gurutzatuak egingo dira: laguntzaren xede diren lurzati eta abereenak. Azken batean, kontua da okerreko ordainketarik ez gertatzea.

    Tokian tokiko kontrolak eskabideen kopuru handi batean egingo dira, gutxienez eskabideen % 5ean. Tokian tokiko kontrolak ustekabean egingo dira. Dena den, baliteke eskatzaileei aldez aurretik abisatzea, oro har gehienez 48 orduko epearen barruan. Ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzaileari datxekion arrazoi batengatik tokian tokiko kontrola egitea ezinezkoa bada, eskabidea ukatu egingo da.

    Edonola ere, kontrol horietan irregulartasun handiren bat agerian jarriz gero, baliteke kontrol gehiago egitea eta hurrengo urtean eskabide gehiago kontrolatzea.

  3. Laguntza hori eskatzen dutenek kudeaketa-organoaren esku jarri behar dituzte fakturak, emate-agiriak edo ustiategian erabilitako inputekin eta ekoizpen-elementuekin lotutako bestelako agiriak, hartutako konpromisoekin zerikusia dutenak.

    Halaber, eskatzaileek ustiapen-koadernoan idatzita jaso behar dute zer jarduera egiten dituzten hartutako konpromisoen eraginpean dauden lurzati eta eremu guztietan.

    Horiek horrela, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo/eta informazio gehigarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta bideratzeko.

  4. Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitu eta, hala badagokio, aurreko idatzi-zatian aipatzen diren kontrolak egin ondoren, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzako pertsona titularrak ebazpen bat emango du, eta ebazpen horren bidez, eskatutako laguntza onartuko edo ukatuko du, bost hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita.

  5. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak ezetsitzat joko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera (urtarrilaren 13ko 4/1994 Legearen idazketa kontuan izanda).

  6. Laguntzak gehienez hiru hilabeteko epean ordainduko dira, onuradunek betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren eta hurrengo urteko eskabideak aurkezteko epea zabaldu aurretik, beranduenik ere.

  7. Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei. Horretaz gainera, publizitatea egiteko, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuaren ebazpen baten bidez, dekretu honetako laguntzen onuradun gertatu diren pertsonen zerrenda eta laguntzen zenbatekoa abeltzaintza arloko organo eskudunaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, www.euskadi.net helbidean.

  1. Dekretu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte, betiere:

    1. Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen jardueran aritzea edo egoeran egotea, eta diru-laguntza eman duen erakundeari frogatzea diru-laguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera egiten dutela.

    2. Egiaztatze-ekintzak onartzea eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Europar Batasuneko organo eskudunei behar adina informazio ematea, agindu honen kargura jasotzen diren diru-laguntzen gainean dituzten zereginak bete ditzaten.

    3. Diru-laguntza ematen duen erakundeari, bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta diru-laguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.

    4. Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, pentsatuko da diru-laguntza onartu duela.

  2. Dekretu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko harremanetan, idatzizkoetan zein ahozkoetan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea eta aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela bermatuko da.

  1. artikulua Baldintzak aldatzea eta ez betetzea.

  1. Laguntzak ematean eta ordaintzean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere, laguntzaren helburua bete dela ikusita, eta, hala badagokio, aldi berean beste diru-laguntza batzuk lortzearen zioz diruz lagun daitekeen kopurua gainditzen bada, baliteke diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea. Ondorio horietarako, kudeaketa-organo eskudunak dagokion aldaketa-ebazpena emango du; bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

  2. Onuradunek dekretu honetan ezarritako betekizunak betetzen ez badituzte, jasotako zenbatekoa eta aplikatzekoak diren legezko interesak itzuli beharko dituzte, azaroaren 11ko 1/97 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duenak, xedatutakoaren arabera eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatutakoaren arabera.

  3. Eskatzaileari, hark aitortutakoaren arabera duen abere kopuruaren eta betetzen dituen neurrien arabera dagozkion puntuak kontrolaren arabera dagozkion puntuak baino gehiago badira, kontrolaren arabera dagokion puntu kopurua hartuko da kontuan laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko.

    Halaber, ezinbesteko kasuak, ohiz kanpoko egoerak eta abere taldearen bizitzako berezko gorabeherei egotz dakizkiekeen arrazoiak salbu, laguntzen zenbatekoa honela murriztuko da:

    Zehaztuko den ehunekoan murriztuko da, % 10 baino handiagoa ez bada.

    Zehaztuko den ehunekoa halako bi aldiz murriztuko da, % 10 baino handiagoa baina % 20 baino txikiagoa edo haren adinakoa bada.

    Zehaztutako ehunekoa % 20 baino handiagoa bada, laguntza ezetsiko da.

    Zehaztutako ehunekoa % 50 baino handiagoa bada, aurreko urteetan programa honen bidez eskuratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere.

    Eskabide bakoitzari dagokion ehunekoa kalkulatzeko, zatiketa hau egingo da: eskatzaileari, hark aitortutakoaren arabera duen abere kopuruaren eta betetzen dituen neurriaren arabera, dagokion puntu kopurua zati kontrolaren arabera dagokion puntu kopurua.

  1. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak laguntzak elektronikoki bideratzeko bitarteko egokiak baditu, eskatzaileen eta onuradunen esku jarriko ditu, eta eskatzaileak eta onuradunak haiek erabiltzera behartu ere egin ahal izango ditu. Dekretu honen 6. artikuluan ezarritako urteroko deialdi-aginduan garatuko da laguntzak bideratzea xede duten bitarteko elektronikoak erabiltzeko prozedura, xedapen hauek kontuan izanik: Administrazio-prozeduretan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa PLATEA ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

  2. Izapide elektronikoak abian jartzen direnean, eskabidea bitarteko elektronikoen bidez egiteko eredu normalizatua eta bitarteko elektronikoak erabiltzeko eta eskabidea elektronikoki bideratzeko argibideak dekretu honen 6. artikuluan ezarritako urteroko deialdi-aginduan argitaratuko dira, bai eta abeltzaintza arloko organo eskudunaren egoitza elektronikoan, www.euskadi.net helbidean.

  1. 2012. urterako laguntza-eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari egin behar zaizkio, eta leku hauetan aurkeztu behar dira: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

  2. Interesdunek gehienez hilabete izango dute eskabideak aurkezteko, dekretu hau argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita. Eskabidea egiteko, dekretu honen 2. eranskineko eredu normalizatua erabili beharko dute.

  3. Dekretu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko 600.000 euro erabiliko dira gehienez. Zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2012rako esleitutako aurrekontu-sailen kargura finantzatuko da. Zenbateko hori handitu ahal izango da, betiere laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik, dagoen aurrekontu-loturaren arabera eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste programa batzuen aurrekontuak egin ostean gelditzen den aurrekontuaren arabera. Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen batek emango du horren berri.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko maiatzaren 29an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (7)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.