Arautegia

Inprimatu

44/2012 DEKRETUA, martxoaren 27koa, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluaren eta Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordearen eginkizunak eta barne-araubidea zehazten dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 115
  • Hurrenkera-zk.: 2693
  • Xedapen-zk.: 44
  • Xedapen-data: 2012/03/27
  • Argitaratze-data: 2012/06/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

17/2008 Legeak, abenduaren 23koak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoak, 2008ko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoak (250. zk.), Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua eta Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordea sortzen ditu 92. eta 93. artikuluetan, hurrenez hurren.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluak entzuteko, koordinatzeko, kontsultatzeko eta aholkularitza teknikoa emateko helburua izango du, euskal nekazaritza-administrazioen eta sektoreko eragile adierazgarrienen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta elikagaigintza-politikak diseinatzeko.

Bere aldetik, Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordea Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-arteko organoa izango da, eta bertan diseinatuko dira nekazaritza eta elikagaigintza-politikak, bai eta arlo horretako jarduera-proposamenak eztabaidatu eta landu ere.

Organo horiek sortu dituen 17/2008 Legeak berak, abenduaren 23koak, Nekazaritza eta Elikagaigintza politikakoak, zehaztu du organoen osaera, eta 94. artikuluan agintzen du arau bidez zehaztu behar direla horien eginkizunak eta barne-araudia. Hori da, hain zuzen ere, dekretu honen xedea.

Dekretu hau egiteko, eragindako administrazioei eta lan-munduko eta ekonomia-arloko ordezkariei egin zaie kontsulta. Orobat, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutako izapideak bete dira.

Ondorioz, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18. artikuluan xedatutakoari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari jarraikiz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko martxoaren 27an egindako bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, hauxe

Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua, aurrerantzean, Kontseilua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Kabinetearen eta Hedabideen Zuzendaritzari atxikita dago. Atxikipen honek aipatutako sail horren hierarkia-egituran sartzea dakar, kide anitzeko organo gisa.

Kontseiluaren egiteko nagusiak dira entzutea, koordinatzea, kontsultatzea eta aholkularitza teknikoa ematea euskal nekazaritza-administrazioen eta sektoreko eragile adierazgarrienen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak diseinatzen laguntzeko, bai eta interesgarri irizten diren gaiak eztabaidatzeko ere. Zehazki, honako egiteko hauek bete beharko ditu:

  1. Kontsulta egitea, aholkuak ematea eta proposamenak lantzea Euskal Autonomia Erkidegoak Nekazaritzako Politika Bateratuaren (NPB) erreformekiko hartuko dituen jarrerei dagokienez, bai eta erreforma horiek eragingo duten araudia aplikatzerakoan hartuko dituenei ere, eskualdean jarduteko aukera dagoenetan.

  2. Kontsulta egitea, aholkuak ematea eta proposamenak lantzea nekazaritza- eta elikadura-arloko plan estrategikoen inguruan, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoak badira.

  3. Kontsulta egitea, aholkuak ematea eta proposamenak lantzea nekazaritza- eta elikadura-arloko planen eta laguntza-programen inguruan, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoak.

  4. Nekazaritza eta elikagaigintza-arloko araudien lanketa onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa.

  5. Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeak igorritako gaiak eztabaidatzea eta akordioak lortzea.

  6. Gai jakin batzuk Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeari igortzea proposatzea, eta, hala badagokio, adostea, hark jarrera bat har dezan.

  7. Kontseiluaren egiteko orokorrek dakarten beste edozein egiteko.

  1. Presidentetzan jardungo duen pertsona batek, presidenteordetzan jardungo duen beste batek, idazkaritzako beste batek eta kide-izaera dutenek osatzen dute Kontseilua.

  2. Presidentetzan jardungo duen pertsonak eta presidenteordetzan jardungo duenak kide-izaera izango dute.

  3. Ez da ordainsaririk jasoko Kontseiluko kide izateagatik, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuari, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoari, eta indarrean dagoen gainerako legediari jarraikiz kideei dagozkien dietak eta kalte-ordainak jaso badaitezke ere.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko titularra izango da Kontseiluko presidente, eta honako egiteko hauek izango ditu:

  1. Kontseiluaren ordezkari izatea.

  2. Ohiko eta ezohiko bilkuren deialdiak egitea, eta gai-ordena zehaztea; horretarako, kontuan hartuko ditu, hala badagokio, Kontseiluko gainerako kideen eskaerak, 8. artikuluan eta 7. artikuluaren 2. atalean xedatutakoari jarraikiz.

  3. Gai-ordenan adieraztea zer gai diren informaziozkoak, zein eztabaidarakoak eta zein erabakiak hartzekoak, 9. artikuluaren 4. atalean xedatutakoari jarraikiz.

  4. Bileretan buru izatea eta horiei amaiera ematea, eztabaiden moderatzaile izatea, eta eztabaidok bertan behera uztea arrazoi justifikaturik badago.

  5. Erabakiak hartzeko gaien bozketa proposatzea, eta bere botoarekin erabakitzea berdinketak.

  6. Akordio lotesleak betearaztea, 9. artikuluaren 5. atalean xedatutakoari jarraikiz.

  7. Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeari helaraztea hark eskatutako akordioak, edo batzordeak jarrera bat har dezan hari helaraztea adostu den gaiak.

  8. Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeari jakinaraztea Kontseiluak zer jarrera hartu duen hark galdegindako gaien gainean.

    6. artikuluko 1. atalean eta 7. artikuluko 2. eta 3. ataletan jasotako eginkizunak.

  1. Aktei eta erabakien ziurtagiriei buruzko oniritzia ematea.

  2. Kontseiluaren akordio bidez egozten zaizkion egiteko guztiak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Kabinetearen eta Hedabideen zuzendaria izango da presidenteorde, eta presidentetza duena ordezkatuko du bere egiteko guztietan.

  1. Presidenteak izendatuko du idazkaria bere saileko langileen artean, eta honako egiteko izango ditu:

    1. Bilkuretara joatea, ahotsa bai baina botorik gabe.

    2. Bilkuretarako deialdia egitea presidentearen aginduz, bai eta kide-izaera duten pertsonen zitazioak ere; hala badagokio, gai-ordenako puntu bakoitzari dagokion informazio gehigarria ere igorri beharko du.

    3. Kontseiluko kideen komunikazio-egintzak jasotzea, bai eta jakinarazpenak, datu-eskabideak, zuzenketak edo ezagutu behar duen beste edozein dokumentu ere.

    4. Gaiak bideratzea eta bilkuretako aktak egitea eta baimentzea.

    5. Kontsulta-ziurtagiriak eta adostutako akordioak ematea.

    6. Koordinazio-lanak egitea gaiak Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeari helarazterakoan eta harengandik jasotzerakoan.

    7. Kontseiluko presidenteak egozten dizkion edo Kontseiluaren akordio bidez egozten zaizkion egiteko guztiak.

  2. Ez dagoelako, gaixo dagoelako edo legezko beste arrazoi bategatik, idazkaria ordeztu behar bada, horretarako izendatutakoak ordeztuko du denbora batez.

  1. Honako hauek izango dira Kontseiluko kide:

    1. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko titularra; presidente izango da, eta deialdiak egiteaz eta Kontseiluan zer gai aztertu behar diren ezartzeaz arduratuko da.

    2. Sail bereko Kabinetearen eta Hedabideen Zuzendaritzako titularra; presidenteorde izango da.

    3. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako titularra.

    4. Berrikuntza eta Elikagaien Industrien Zuzendaritzako titularra.

    5. Arabako Foru Aldundiko ordezkari bat; zuzendari-kargua izango du gutxienez.

    6. Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari bat; zuzendari-kargua izango du gutxienez.

    7. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari bat; zuzendari-kargua izango du gutxienez.

    8. Euskadiko Udalen Elkarteko (Eudel) ordezkari bat.

    9. Nekazaritzako lanbide-erakunde adierazgarrienek eskuratutako ordezkariak, 17/2008 Legearen, abenduaren 23koaren, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoaren, 88. artikuluan xedatutako prozedurari jarraiki; gehienez, bost kide erakunde bakoitzeko.

    10. Ordezkaritza handieneko Euskadiko ekoizle-elkarteen zortzi ordezkari, azpisektore hauetako bakoitzetik bat: ekoizpen ekologikoa, esnetarako behiak, haragitarako behiak, ardiak, baratzezaintza, labore-sail estentsiboak, basogintza eta ardotarako mahastiak. Azpisektore batean ordezkaritza handiko elkarte bat baino gehiago badago, elkarte horiek adostasunez izendatuko dute ordezkaria, eta txandaka jardun ahal izango dute.

    11. EAEko nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien elkarteetako hiru ordezkari, abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 86. artikuluan sortutako erroldan inskribatuak, xedapen beraren 85. artikuluaren 4. atalean xedatutakoaren arabera; elkarte horiek izendatutako dituzte ordezkariak guztien akordio bidez, eta txandaka jardun ahal izango dute.

    12. Autonomia Erkidegoko Basogintza Konfederakundeko ordezkari bat.

    1. EAEko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioko ordezkari bat.

    2. Nekazaritza-ustiategien aholkulari gisa aitortuta dauden erakundeen ordezkari bat, erakundeok adostasunez izendatutakoa; txandaka jardun ahal izango du.

  2. Gaiaren berezitasuna dela-eta Kontseilu honetatik kanpoko bestelako erakundeetako edo esparruetako ordezkarien parte-hartzea beharrezkoa bada, lehendakariak bileretara etor daitezen dei egingo die, Kontseiluak eskatzen badio, aurrez kide gehienek hala adostu dutelako. Arazo horri buruz jarduteko izango da soilik. Ordezkari hauek 8. artikuluaren a), g), h) eta i) ataletan aurreikusitako eskubideak izango dituzte, eta gonbidatu diren gairako bakar-bakarrik.

  3. Lehendakariak izendatuko ditu kontseiluko kideak, ordezkatuta dauden erakundeen proposamenak kontuan hartuta. 2 urtekoa izango da agintaldia, eta, epe hori igaro ostean, berriz hautatuak edo berretsiak izan beharko dute.

  4. Kideen aldi baterako edo behin betiko ausentzia kasuetan gaixotasunagatik edo bestelako legezko arrazoi batengatik, honako hauek izango dira ordezko:

    1. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko kideei dagokienez, sailburuak izendatutakoa.

    2. Foru-aldundietako ordezkariei dagokienez, aldundi bakoitzaren barne-arauei jarraikiz, dagokion pertsona.

    3. Gainerako ordezkariei dagokienez, bakoitzaren barne-arauen arabera ordezko izatea dagokiona.

      Ordezkapena behin etikoa bada, ordezkatzen den kideari agintaldia amaitzeko falta den denborarako izendatuko dira ordezkoak.

Honako hauek dira kideen eskubideak:

  1. Deialdia jasotzea bilkura baino 7 egun lehenago; bertan, bilkuretako gai-ordena eta gai horien gaineko informazioa jaso beharko dira.

  2. Gerora egingo diren bilkuretako gai-ordenan sartzeko gaiak proposatzea idatziz presidentetzari, bai informaziozkoak, bai eztabaidarakoak, bai eta akordio-proposamenak ere.

  3. Kontseiluaren ezohiko bilkurak proposatzea.

  4. Kontseilutik kanpoko erakundeetako edo esparruetako ordezkariak deitzea proposatzea, 7. artikuluko 2. atalean xedatutakoari jarraikiz.

  5. Kontseiluaren bileretan zehar, premiazko gaiak sartzea proposatzea, 9. artikuluaren 3. atalari jarraikiz.

  6. Kontseiluaren bilkuretan zehar, gai jakin bat Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeari igortzea proposatzea, hark jarrera bat har dezan.

  7. Bakoitzaren iritzia eta proposamenak askatasunez adieraztea gai-ordenako edozein gairen inguruan.

  8. Botoa emateko eskubidea erabiltzea eta, hala badagokio, botoaren zentzua eta arrazoiak azaltzea.

  9. Galderak eta eskaerak egitea.

  10. Kontseiluak adostutako gainerako eskubide guztiak.

  1. Deialdia idatziz egingo da bilkura bakoitza baino 7 egun lehenago gutxienez. Kontseiluak berak erabakiko du zenbatero egingo diren ohiko bilerak; gutxienez, urtean bi egin beharko dira. Presidenteak beharrezko irizten duenean deituko ditu ezohiko bilerak, edo gutxienez kideen % 50ek eskatzen duenean. Presidenteak deialdi-epea murrizteko erabakia hartu ahal izango du larrialdi-egoeretan; gutxieneko epea 48 ordukoa izango da.

  2. Lehenengo deialdian, bilkurak egin ahal izango dira presidenteaz eta idazkariaz gainera kideen erdiak bertaratzen badira. Bigarren deialdian, lehenengotik ordu bat pasa ostean, bilkurak egin ahal izango dira, presidenteaz eta idazkariaz gainera bederatzi kide bertaratzen badira.

  3. Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, Batzordeko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.

  4. Gai-ordenan garbi adierazi behar da zer gai diren informaziozkoak, zein eztabaidarakoak eta zein erabakitzekoak akordio-proposamenak. Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeak igorritako gaiak badira, Kontseiluak eskatu diolako, edo Kontseiluaren iritzia jakin nahi duelako, hala adierazi beharko da.

  5. Kontseiluak bozkatu egingo ditu erabakitzeko gaiak, presidentearen proposamenari jarraikiz. Nekazaritza- eta elikagaigintza-arloan adostutako akordioak ez dira lotesleak izango erakundeen ekintza politikorako. Kontseiluaren partaide ez diren beste erakunde edo eremu batzuetako ordezkariek parte hartzeari buruzko akordioak, eta Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeari gai bat helaraztearekin lotutakoak lotesleak izango dira. Botoen gehiengo soilez adostuko dira akordioak; berdinketarik egonez gero, kalitateko botoa izango du Batzordeko presidenteak.

  6. Aktek eta akordioen ziurtapenek 30/1992 Legea bete beharko dute, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

  1. Gai batzuei, oso espezifikoak direlako, tratamendu berezia eman behar bazaie, lan-taldeak sor daitezke. Lan-talde bat sortzeko akordioa adosten bada, akordio horretan zehaztu beharko da zertarako sortu den eta zenbat denboraz iraungo duen. Lan-talde horiek agintzen zaizkien gaiak aztertu behar dituzte, eta haiei buruzko txostenak eta proposamenak aurkeztu; ezin dute ezer erabaki, eskumen hori berea baitu Kontseiluaren osoko bilkurak.

  2. Lan-talde bakoitza sortzeko akordioan zehaztuko da zenbat kide izango dituen eta nork osatuko duen, bai eta kideetako zein izango den taldeko presidente ere. Kontseiluko presidenteak izendatuko du idazkaria organo hau atxikita dagoen Sailean lan egiten dutenen artean. Idazkaria ez dagoelako, gaixo dagoelako edo legezko beste arrazoi bategatik, ordeztu egin behar bada denbora batez, lan-taldeko presidenteak ordeztuko du.

  3. Dekretu honek Kontseiluarentzat ezarritako funtzionamendua bete beharko dute lan-taldeek.

Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordea, aurrerantzean, Batzordea, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Kabinetearen eta Hedabideen Zuzendaritzari atxikita dago. Atxikipen honek aipatutako sail horren hierarkia-egituran sartzea dakar, kide anitzeko organo gisa.

Batzordearen eginkizun orokorrak dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikadura-politikak diseinatzea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 5. artikuluan zehaztutako xedeei jarraikiz, nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko jarduera-planak eta -programak proposatzea eta interesgarritzat jotzen diren gaiak eztabaidatzea. Zehazki, honako egiteko hauek bete beharko ditu:

  1. Nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko plan estrategikoak diseinatzea, eztabaidatzea eta onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoak direnak.

  2. Plan eta programa azpisektorialak diseinatzea, eztabaidatzea eta onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 22. artikuluari jarraikiz.

  3. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 96. artikuluan aurreikusitako sustapen-neurriak diseinatzea, eztabaidatzea eta onartzea, lege bereko 5., 8. eta 97. artikuluei jarraikiz.

  4. Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintza Kontseiluari kontsulta egin ostean, administrazio-esleipen batetik datozen euskal ustiapenekin lotutako eskubideak kudeatzeko jarraibideak ezartzea, eta horiek betetzen direla bermatzea.

  5. Hala badagokio, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legeak euskal nekazaritza-administrazioei agindutako jarduera guztiak ezartzea, sustatzea, koordinatzea, zaintzea edo bermatzea.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoak Nekazaritzako Politika Bateratuaren (NPB) erreformen aurrean hartuko dituen jarrerak diseinatzea, eztabaidatzea eta onartzea, bai eta erreforma horiek eragindako araudia aplikatzerakoan hartuko dituenak ere, eskualdean jarduteko aukera dagoenetan.

  7. Ezohiko edo premiazko jarduerak diseinatzea, eztabaidatzea eta onartzea osasun, klima edo merkatu-krisialdirik badago.

  8. Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluak eskatutako gaien inguruan eztabaidatzea eta erabakiak hartzea jarrera bat hartzeko.

  9. Hala badagokio, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluak adostutako akordioak berrestea.

  10. Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluari iritzia helaraztea eta eskatzea, nekazaritza eta elikagaigintza-arloko gaien inguruan, komenigarri irizten badu.

  11. Batzordearen eginkizun orokorrek dakarten beste edozein eginkizun.

  1. Presidentetzan jardungo duen pertsona batek, presidenteordetzan jardungo duen beste batek, idazkaritzako beste batek eta kide-izaera dutenek osatzen dute Batzordea.

  2. Presidentetzan jardungo duen pertsonak eta presidenteordetzan jardungo duenak kide-izaera izango dute.

  3. Ez da ordainsaririk jasoko Batzordeko kide izateagatik, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuari, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoari, eta indarrean dagoen gainerako legediari jarraikiz kideei dagozkien dietak eta kalte-ordainak jaso badaitezke ere.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko titularra izango da Batzordeko presidente, eta honako egiteko hauek izango ditu:

  1. Batzordearen ordezkaria izatea.

  2. Ohiko eta ezohiko bilkuren deialdiak egitea, eta gai-ordena zehaztea; horretarako, kontuan hartuko ditu, hala badagokio, Batzordeko gainerako kideen eskaerak, 18. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

  3. Gai-ordenan adieraztea zer gai diren informaziozkoak, zein eztabaidarakoak eta zein erabakiak hartzekoak, 19. artikuluaren 4. atalean xedatutakoari jarraikiz.

  4. Bileretan buru izatea eta horiei amaiera ematea, eztabaiden moderatzaile izatea, eta eztabaidok bertan behera uztea arrazoi justifikaturik badago.

  5. Erabakiak hartzeko gaien bozketa proposatzea.

  6. Akordioak betetzen direla zaintzea.

  7. Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluari helaraztea hark galdegindako gai baten gaineko erabakiak, edo, halakorik egonez gero, akordioak, bai eta, jarrera bat har dezan, hari helaraztea erabaki diren gaiak ere.

  8. Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluaren jarrera aurkeztea galdegin zaizkion gaien inguruan.

  9. Aktei eta erabakien ziurtagiriei buruzko oniritzia ematea.

  10. Batzordeak egotzi dizkion egiteko guztiak.

Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordea izango da presidenteorde, eta honako egiteko hauek izango ditu.

  1. Presidenteak izendatuko du idazkaria bere saileko langileen artean, eta honako egiteko hauek bete beharko ditu:

    1. Bilkuretara joatea, ahotsa bai baina botorik gabe.

    2. Bilkuretarako deialdia egitea presidentearen aginduz, bai eta kide-izaera duten pertsonen zitazioak ere; hala badagokio, gai-ordenako puntu bakoitzari dagokion informazio gehigarria ere igorri beharko du.

    3. Batzordeko kideen komunikazio-egintzak jasotzea, bai eta jakinarazpenak, datu-eskabideak, zuzenketak edo ezagutu behar duen beste edozein dokumentu ere.

    4. Gaiak bideratzea eta bilkuretako aktak egitea eta baimentzea.

    5. Kontsulta-ziurtagiriak eta adostutako akordioak ematea.

    6. Koordinazio-lanak egitea gaiak Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluari helarazterakoan eta harengandik jasotzerakoan.

    7. Batzordeko presidenteak edo Batzordeak akordio bidez egozten dizkion gainerako eginkizun guztiak.

  2. Ez dagoelako, gaixo dagoelako edo legezko beste arrazoi bategatik, idazkaria ordeztu behar bada, horretarako izendatutakoak ordeztuko du denbora batez.

  1. Batzordeko kide dira:

    1. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko titularra; presidente izango da, eta deialdiak egiteaz eta Batzordean zer gai aztertu behar diren ezartzeaz arduratuko da.

    2. Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordea.

    3. Arrantza eta Elikagaien Industrietako sailburuordea.

    4. Arabako Foru Aldundiak izendatutako ordezkari bat; diputatu izango da gutxienez.

    5. Bizkaiko Foru Aldundiak izendatutako ordezkari bat; diputatu izango da gutxienez.

    6. Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatutako ordezkari bat; diputatu izango da gutxienez.

  2. Batzordeko kideren batek hala proposatzen badu, behar bezainbat pertsonak parte hartu ahal izango dute bilkuretan, Batzordean eztabaidatu behar diren gaien inguruan jakintza espezifikoak eta gaitasunak badituzte.

  3. 2 urtekoa izango da agintaldia, eta, epe hori igaro ostean, berriz hautatuak edo berretsiak izan beharko dute.

  4. Kideak ordeztu egin behar badira, ausentziagatik, gaixotasunagatik edo bestelako legezko arrazoi batengatik, honako hauek arituko dira ordezko:

    1. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko kideei dagokienez, sailburuak izendatutakoa.

    2. Foru-aldundietako ordezkariei dagokienez, aldundi bakoitzaren barne-arauei jarraikiz, dagokion pertsona.

Honako hauek dira kideen eskubideak:

  1. Deialdia jasotzea bilkura baino 15 egun lehenago; bertan, bilkuretako gai-ordena eta gai horien gaineko informazioa jaso beharko dira.

  2. Gerora egingo diren bilkuretako gai-ordenan sartzeko gaiak proposatzea idatziz presidentetzari, bai eztabaidarakoak, bai eta akordio-proposamenak ere.

  3. Batzordearen ezohiko bilkurak proposatzea.

  4. Batzordetik kanpoko erakundeetako edo esparruetako ordezkariak deitzea proposatzea, 17. artikuluko 2. atalean xedatutakoari jarraikiz.

  5. Batzordearen bileretan zehar, premiazko gaiak sartzea proposatzea, 9. artikuluaren 3. atalari jarraikiz.

  6. Batzordearen bilkuretan zehar, gai jakin bat Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluari igortzea proposatzea, hark jarrera bat har dezan.

  7. Bakoitzaren iritzia eta proposamenak askatasunez adieraztea gai-ordenako edozein gairen inguruan.

  8. Botoa emateko eskubidea erabiltzea eta, hala badagokio, botoaren zentzua eta arrazoiak azaltzea.

  9. Galderak eta eskaerak egitea.

  10. Batzordeak adostutako gainerako eskubide guztiak.

  1. Deialdia idatziz egingo da bilkura bakoitza baino 15 egun lehenago gutxienez. Batzordeak berak erabakiko du zenbatero egingo diren ohiko bilerak; gutxienez, urtean bi egin beharko dira. Presidenteak beharrezko irizten duenean deituko ditu ezohiko bilerak, edo gutxienez kideen % 50ek eskatzen duenean. Presidenteak deialdi-epea murrizteko erabakia hartu ahal izango du larrialdi-egoeretan; gutxieneko epea 48 ordukoa izango da.

  2. Presidenteaz eta idazkariaz gainera lau kide bertaratzen badira, bilkurak lehenengo deialdian egin ahal izango dira. Lehenengotik ordu bat pasa ostean, eta presidenteaz eta idazkariaz gainera hiru kide bertaratzen badira, bilkurak bigarren deialdian egin ahal izango dira.

  3. Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, Batzordeko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.

  4. Gai-ordenan garbi adierazi behar da zer gai diren informaziozkoak, zein eztabaidarakoak eta zein erabakitzekoak akordio-proposamenak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluak igorritako gaiak badira, Batzordeak eskatu diolako, edo Batzordearen iritzia jakin nahi duelako, hala adierazi beharko da.

  5. Dena den, Batzordearen bilkuretan zehar, informaziozkoa edo eztabaidarakoa den gai bat erabakitzeko gai bihur daiteke jarrera bat hartzeko, Batzordeko edozein kidek hala proposatzen badu eta bileran dauden Batzordeko kide guztiek aho batez onartzen badute.

  6. Batzordeak bozkatu egingo ditu erabakitzeko gaiak, presidentearen proposamenari jarraikiz. Botoen gehiengo soilez adostuko dira akordioak, eta kide guztiek bete beharrekoak izango dira.

  7. Aktek eta akordioen ziurtapenek 30/1992 Legea bete beharko dute, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

Lehenengoa. Kontseilua eta Batzordea osatuko dituzten pertsonak izendatu eta hautatzean, ahaleginak egingo dira gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena. Kontseiluak eta Batzordeak, bilkurak prestatzeko lanetan, informazioaren eta komunikazioen teknologia berriak erabiltzea sustatuko dute.

Hirugarrena. Dekretu honetan Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari erreferentzia egiten zaionean, ulertu behar da erreferentzia egiten zaiela testu honetan azaldutako eskumenak dituen sailari edo administrazio-organoei, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretuari eta egitura organikoaren eta funtzionalaren dekretuari jarraikiz, hurrenez hurren.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 27an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.