Lehendakaritza

Arautegia

Inprimatu

316/2003 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Gaztemundu programa arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 8
  • Hurrenkera-zk.: 159
  • Xedapen-zk.: 316
  • Xedapen-data: 2003/12/23
  • Argitaratze-data: 2004/01/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional

Testu legala

Maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanei buruzkoak, lehentasuneko helburua du Euskadik, euskal gizarteak eta haren erakundeek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo diren euskal gizatalde eta etxeekin dituzten harremanak sustatu, babestu eta areagotzea. Euskal Etxeak, lege horretan, euskal gizataldeetako kideen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen arteko harremanetarako bide nagusitzat jotzen dira.

Euskal gizataldeek, Gasteizen 1999an egin zuten II. Mundu Biltzarrean, gazteen heziketari arreta berezia eman behar zaiola adierazi zuten, Euskal Etxeen jardueretan parte har dezaten lortzeko. Izan ere, parte-hartze hori beharrezkoa da, zentro horien geroa hein batean gazteen esku dagoelako; gazteek ere zuzendaritza organoetan sartu behar dute eta Euskadirekiko loturak sendotzen ahalegindu.

Horregatik, bideak jarri behar dira gazteek Euskal Etxeen jardueretan parte har dezaten, zuzendaritza batzordeetan belaunaldi guztietako ordezkariak egon daitezen. Hori lagungarria izango da Euskal Etxeak iraunarazteko eta haien lana hobetzeko.

Euskal Etxeen jardueretan gazteen esku-hartze hori bultzatu nahian, Gaztemundu programa sortzea erabaki da, bi helburu nagusi hauek beteko dituelakoan: Euskadiko gaurko errealitatearen alderdi guztiak ezagutaraztea eta belaunaldi berriei Euskal Etxeen bizitza aktiboan sartzeko aukera ematea.

Euskadiko gaurko errealitatea ezagutarazteko helburuari dagokionez, azpimarratu behar da, zalantzarik gabe, herri baten errealitatera hurbiltzeko erarik egokiena beraren erakundeak, biztanleak, enpresak, kultura edo geografia sakonago ezagutzea dela. Horregatik, Gaztemundu programaren bitartez, euskal gizataldeetan hautatzen diren gazteek hobeto ezagutu behar dute Euskadiko errealitatea eta harremanak izan behar dituzte berton lan egiten duten erakunde, enpresa eta pertsonekin, Euskadin bizi diren euskal gazteen eta kanpoan bizi direnen arteko harremanetarako guneak sor daitezen.

Horrenbestez, Lehendakaritzak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko abenduaren 23an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe:

XEDATU DUT: :
1. artikulua.– Xedea eta helburuak.

1.– Dekretu honen xedea da Euskal Etxeetako gazteentzat sortutako Gaztemundu Programa arautzea.

 2.– Hauek dira Gaztemundu Programaren helburuak:

a) Euskal Etxeetako gazteek gaur egungo Euskadiri buruzko heziketa eta jakintza zabalagoa izatea, eta Euskadin lan egiten duten eta bizi diren elkarte, erakunde, enpresa eta pertsonekin harremanak izatea.

b) Euskadin bizi diren euskal gazteen eta kanpoan bizi direnen arteko harremanetarako guneak sustatzea, eta kanpoan bizi diren euskal gazteak Euskal Etxeetan parte hartzera bultzatzea.

2. artikulua.– Programaren ezaugarriak.

Hona zertan den Gaztemundu Programa: gazteek egonaldia egingo dute Euskadin, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik, gaurko errealitatera hurbil daitezen eta gero Euskal Etxeetan isla dezaten. Egonaldi horretan, parte-hartzaileek parte hartu beharko dute eurentzat antolatzen diren lan jardunaldietan, eztabaida foroetan eta kultur guneetara, erakundeetara eta turismo guneetara egingo diren bisitetan.

3. artikulua.– Egonaldiaren finantzaketa.

1.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak bere gain hartuko ditu programaren gastuak, programan sartuta dauden joan-etorriko bidaiak, egonaldia, mantenua, lan jarduerak eta aisiako jarduerak barne direla.

2.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoak aseguru poliza bat kontratatuko du, edizio bakoitzeko parte-hartzaileen bidaietako laguntza estaliko duena.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.-Ondoko baldintzak betetzen dituzten pertsonek egin ahalko dute Gaztemundu Programan parte hartzeko eskaera:

a) Deialdia egiteko ebazpenean zehaztuko den adina izatea.

b) Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izatea.

c) Ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko Euskal Etxe bateko bazkidea izatea, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

d) Programarako deialdietan urtero proposatuko diren gaiei buruzko ikerketa edo azterlana eginda edukitzea.

e) Gaztemundu programako egonaldirik inoiz egin gabekoa izatea.

2.– Gaztemundu programarako hautaketa eta bertan parte hartzeko aukera gauzatu daitezen, ondoko baldintza hau bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat abian eta izapideetan egonez gero, hura amaitzea.

5. artikulua.– Aukeratzeko prozedura.

Aurkeztutako eskabideak alderatu egingo dira, hurrengo artikuluan dauden balorazio irizpideei jarraituz, behar adinako balorazioa lortzen dutenak onartzeko, lortutako balorazioaren araberako lehentasun-ordena ezarrita, eta gainerakoak baztertzeko.

Onartutako eskabideen artetik puntuaziorik onena lortu dutenak aukeratuko dira, bat Euskal Etxe bakoitzeko.

Aurreko irizpide hori erabilita Programaren edizio bakoitzean eskaintzen diren egonaldietako baten bat esleitu gabe geratzen bada, onartutako eskabideetatik hurrengo puntuazio handiena lortu duena hautatuko da.

6. artikulua.– Balorazio irizpideak.

1.– Ebaluazio Batzordeak baloratu egingo ditu aurkeztutako eskabideak, deialdia egiteko ebazpenean urtero ezarriko diren irizpideak erabiliz. Hiru alderdi hauek hartu beharko ditu kontuan gutxienez:

a) Ikerketa edo azterlanaren balorazioa.

 b) Eskatzaileak zenbateraino parte hartzen duen bere Euskal Etxeko gizarte jardueretan.

c) Euskara jakitea.

d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea.

2.– Deialdia egiteko ebazpenean, gainera, balorazio irizpideen haztapen zehatza eta hautaketa prozeduran onartuak izateko eskabideek lortu behar duten gutxieneko puntuazioa ezarriko dira.

7. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia arduratuko da programa honen inguruko kudeaketa lanez.

8. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

1.-Urtero, Lehendakaritzako idazkari nagusiak emango duen ebazpenaren bitartez, deialdia egingo da, dekretu honek arautzen duen Gaztemundu programan parte hartzeko plazak eskaintzeko, zenbat plaza diren zehaztuta. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkariaren ebazpen horretan beti jasoko dira deialdiaren xedea, eskaintzen diren egonaldien kopurua, ekitaldiko aurrekontuan programarako jarri den horniduraren zenbatekoa, eskabideak baloratzeko irizpideen azalpen zehatza eta haztapena, eskatzen den gutxieneko puntuazioa, programa gauzatzeko aldia, eskabideak aurkezteko lekua eta epea eta eskabideen eredu normalizatua. Halaber, dekretu honen 11. artikuluan aipatutako Ebaluazio Batzordeko kideak izendatuko dira.

2.– Gainera, deialdian gai zerrenda bat jarriko da eta eskatzaileek gaietako bat aukeratuko dute, eskabidearekin batera aurkeztu behar duten ikerketa edo azterlana egiteko. Deialdian gai bakarra ematen bada, eskatzaileek nahitaez berari buruz egin beharko dute ikerketa edo azterlana.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Gaztemundu programan parte hartzeko eskabideak Programaren deialdian adierazten diren epean eta eran aurkeztu beharko dira.

2.– Deialdian bertan zehaztuko da zein agiri aurkeztu behar diren eskabidearekin batera. Beti ere honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pasaportearen edo nortasun agiriaren kopia, besteak beste adina eta bizilekua agertzen dituena.

b) Euskal Etxeak emandako ziurtagiria, eskatzaileak baldintza hau betetzen duela egiaztatzeko: ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko Euskal Etxe bateko bazkidea izatea, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

c) Euskal Etxearen txostena, eskatzaileak bertako gizarte jardueretan zenbateraino parte hartzen duen jakiteko.

d) Programan parte hartzeko urteko deialdian proposaturiko gaiari edo gaietako bati buruzko ikerketa edo azterlana, deialdian adierazitako moduan egina.

e) Euskararen jakite maila egiaztatzeko agiria.

f) Eskatzailearen Euskal Etxeak egindako ziurtagiria. Bertan Euskal Etxeak hitz emango du bere gain hartuko dituela plazaren hartzaileak eragindako gastuak, honek baldintzak betetzen ez baditu.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

1.– Eskabidea behar bezala betetzen ez bada edo aurreko artikuluan aipatutako agiri guztiak eransten ez bazaizkio, interesatuari hamar eguneko epea ezarriko zaio akatsak zuzendu edo falta diren agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hala egiten ez badu eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela.

2.– Epe hori jakinarazpen egunaren biharamunetik hasita zenbatuko da. Akatsak zuzendu edo eskatutako agiriak aurkeztu ezik, epea igarotakoan, eskaera bertan behera utzi dela ulertuko da, behin ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

11. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.

1.– Deialdi bakoitzean aurkezten diren eskabideak aztertzeko Ebaluazio Batzordea eratuko da. Hauek izango dira Batzordeko kideak:

– Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, batzordeburu arituko dena.
– Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria.
– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko funtzionario bat.
– Lehendakaritzako bi teknikari; horietako bat idazkari arituko da.

Ebaluazio Batzordeak 6. artikuluan ezarri diren ebaluazio irizpideak erabiliko ditu eta 5. artikuluan ezarritako hautaketa prozedura beteko du. Azkenik, organo eskudunari ebazpen-proposamena egingo dio Gaztemundu programan parte hartu behar dutenak hautatzeko.

2.– Batzordeak hautagaiekin elkarrizketak egin ahal izango ditu, beharrezkotzat jotzen badu, baloraziorako behar beste informazio biltzeko.

3.– Batzordeak, egoki baderitzo, aholkulari adituei iritzia eskatu ahal izango die batzordekideei laguntzeko.

4.– Ebaluazio Batzordearen jarduna bat etorriko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeaz aldatuak, 22 eta 27 bitarteko artikuluetan ezarritako arauekin.

12. artikulua.– Parte-hartzaileak aukeratzeko ebazpena.

1.– Lehendakaritzako idazkari nagusiak, Ebaluazio Batzordearen proposamena ikusirik, Gaztemundu programako parte-hartzaileak aukeratzeko prozedura ebatziko du. Programan parte hartzeko aukeratutako eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean.

2.– Inork parte hartzeari uko egingo balio ere, ebazpenean ordezkoen zerrenda jaso ahal izango da. Eskatutako gutxieneko puntuazioa izan arren kanpoan geratu diren hamar eskatzaile, gehienez, sartuko dira zerrenda horretan, lortutako balorazioaren araberako hurrenkeran.

3.– Ebazpenak administrazio bidea agortuko du. Argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, guztiek jakin dezaten, eta aukeratutakoei bananbanan jakinaraziko zaie, sei hilabeteko epean, urteko deialdia egiteko ebazpena indarrean jartzen denetik hasita.

4.– Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaerari ezetza eman zaiola ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

13. artikulua.– Aukeratutako parte-hartzaileen betebeharrak.

Gaztemundu programan parte hartzeko aukeratuek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Programan parte hartzea onartu behar dute. Aukeratutako pertsona Euskadirako bidai txartelen bila joatea onarpentzat joko da, baldin eta horretarako ezartzen zaion epean joaten bada. Ezarritako epean eta eran bidai txartelen bila joan ezik, programan parte hartzeari uko egin diola ulertuko da eta esleipenak sortutako eskubide guztiak galduko ditu.

2.– Euskadin dauden bitartean, eurentzat antolatutako jardueretan parte hartzea.

3.– Euskadin egindako egonaldiaren berri ahalik eta zabalena ematea nork bere Euskal Etxean, gazteei bereziki zuzendutako hitzaldi eta ponentzien bitartez.

4.– Programan parte hartzea probetxugarria izan dela egiaztatu ahal izateko, bi hilabeteko epean, egonaldia amaitzen denetik hasita, horri buruzko txostena aurkeztu beharko dute.

5.– Beste administrazioren batek edo erakunde publiko zein pribatuek xede berarekin diru-laguntza edo laguntza, diru-sarrerak edo bitartekoak ematen badizkiete, horren berri ematea Kanpo Harremanetarako idazkaritza nagusiari.

14. artikulua.– Bateragarritasuna.

Gaztemundu programan parte hartzen dutenek aldi berean laguntza jaso dezakete, xede berarekin, beste edozein erakunde publiko edo pribaturengandik; hala ere, ez da hortik gainfinantzaketarik sortu behar. Gainfinantzaketa sortuz gero, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak behar adina murriztuko du bere ekarpena parte-hartzailearen egonaldi gastuetarako.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dekretu honetan eta deialdia egiteko urteroko ebazpenetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak ez betetzeak programan parte hartuz eragindako gastuak itzuli beharra ekarriko du, legezko korrituak gehituta, horrela xedatzen baita Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legean eta diru-laguntzak itzultzeko Prozedura Orokorrean (abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. titulua). Parte-hartzailearen Euskal Etxeak bere gain hartuko du itzulketaren erantzukizuna.

Laguntza hauek sortutako betebeharrak betetzen ez badira, behar den zehapen espedientea izapidetu ondoren, arau-haustea egin dela deklaratu ahal izango da, hain zuzen ere Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onetsi zuen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 62. artikuluko arauak urratu direla, eta 63. artikuluko zehapenak ezarri ahalko dira; besteak beste, laguntzak jasotzeko ezgaiturik egotea bost urte arteko epean.

AZKEN XEDAPENAK:

Lehenengoa.– Dekretu honetan araututa ez dagoen guztirako, administrazio prozedurari dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatua.

Bigarrena.– Lehendakaritzako idazkariari ahalmena eman zaio dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

Hirugarrena.– Dekretu honek administrazio bidea agortu duenez, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen du lege horrek).

Laugarrena.– Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.