Arautegia
Inprimatu235/2000 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, zeinaren bitartez behi-okela edo abelgorrien haragia eta haren ondoriozko produktuak etiketatzeko aukerako sistema ezartzeko arauak eman baitira Euskal Autonomia Erkidegorako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 227
- Hurrenkera-zk.: 5291
- Xedapen-zk.: 235
- Xedapen-data: 2000/11/21
- Argitaratze-data: 2000/11/27
Gaikako eremua
- Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Europako Parlamentuak bai eta Kontseiluak ere, 2000ko uztailaren hamazazpian, 1760/2000 (EE) Erregelamendua onetsi zuten. Erregelamendu horretan hauxe ezarri dute: etiketatzeko sistema nahitaezkoa eta etiketatzeko sistema borondotezkoa edo aukerakoa, behi-okela edo abelgorrien haragia eta haren ondoriozko produktuentzako, haiei buruzko gutxieneko informazioa bermatu, eta informazio osagarria ere ahalbidetzeko, aditzera ematearren etiketadun haragi-okelaren edo okelak jatorri duen aberearen etorkia, hainbat zehaztasun edo ekoizpenaren baldintzak. Sistema horrek -zeina Batzordeak 2000ko abuztuaren 25ean emaniko 1825/2000 (EE) Erregelamenduaren bidez osatu baita- funtsean lortu nahi duena zera da: behi-okela eta haren ondoriozko produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko baldintzak hobetzea, osasun publikoa zaintzea eta kontsumitzaileen konfiantza handitzea.
Arau horiek osatzera etorri da abenduaren 30eko 2071/1999 Errege Dekretua, zeinaren bitartez ezarri baitira Europako Batasuneko esandako arauak estatu barruan aplikatzeko xedapenak. Izan ere, estatuek dutenez aipatu sistema aplikatzeko ardura, baita aplikaziorako arau gehigarriak ezartzekoa ere, bereziki, erabili beharreko kontrol eta zehapenen gainekoak, kontuan hartuta Konstituziotik eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia-Estatututik eratorritako eskumen-banaketa, Autonomia-Erkidegoari dagokio bere lurralde-eremuan alor horretarako agintari eskuduna izendatzea, antolaketa-neurriak hartzea eta arau-xedapenak ematea.
Goian esandako arauek erregulatu duten etiketatzeko sistemak nahitaezko etiketatzea eta aukerako edo borondatezko etiketatzea bereizi ditu. Dekretu honek azken etiketatze hori arautuko du. Aukerako etiketatzearen asmoak ¿Europako Batasuneko arauek ezarri dituzten helburuekin behar bezala uztarturik¿, beraz, hurrengoak dira: sistemaren aztarnagarritasuna hobetzea; okertzeko edo nahasteko biderik emango ez duen informazio argia eta osoa eskaintzea; eta, segurtasun juridikoaren mesederako, arau bat oraintxe bertan landu eta onartzea, informazio osatu gabeak edo zatizkoak iruzurrezkotzat edo behar bezain besteko argitasunik gabekotzat jo daitezkeen kasuak objektibatzearen bila. Alegia, irizpide horiek guztiak arau batean finkatu nahi dira, eta arau hori egiteko garaian, jakina, nahitaezko txostenak eskatu dira, eta beharrezko argibide-eskaerak egin, neurriaren legezkotasuna, zuhurtasuna eta egokitasuna ziurtatzeko.
Ondorioz, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartu ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko azaroaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
¿ Dekretu honen xedea da abelgorrien haragiaren edo behi-okelaren eta haren ondoriozko produktuen aukerako etiketatzea arautzea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.
¿ Dekretu honen ondorioetarako:
"etiketa"tzat hartuko da: produktuari buruzko informazioa emateko saltokian erabil dadin edozein euskarri.
"aukerako etiketa"tzat hartuko da: beste edozein arauk ezinbestean eskatzen dituenez bestelako datu edo aipamenik dakarren etiketa.
Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritza izango da agintari eskuduna:
Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean helbidea duten eragile ekonomikoek edo elkarteek aurkez dezaten baldintzen pleguak onesteko.
Baldintzen pleguak baimendu eta horiek behar bezala betetzen direla kontrolatzeko, baldintzen plegu horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruaren barruko jarduerei buruzkoak badira, edo jarduera horiei eragiten badiete, edo beraiekin halako jarduerak badakartzate; hori guztia, Kontsumo Ikuskatzailetzak merkatu-kontrolean dituen eskumenen kaltetan gabe.
Kontrol egokiak egiteko dekretu honen ezarpen eremuaren baitan.
Eskabideak agintari eskudunari bidaliko zaizkio. Eskabideekin batera, baldintzen pleguaren bi kopia eta Dekretu honek eskatzen duen gainerako dokumentazioa. Eskabidea zer organori zuzentzen zaion, bada haren erregistroan aurkez daitezke eskari-dokumentuak, edo bestela, edozein administrazio-organotako erregistroan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38. artikuluak dioenaren arabera.
Baldintzen pleguek hurrengoak jasoko dituzte:
Etiketaren barruan sartuko den informazio guztia.
Ekoizpen eta merkaturatzearen fase bakoitzean, aipatu informazioa egiazkoa eta zehatza dela ziurtatzeko hartuko diren neurrien deskribapena. Sistemaren aztarnagarritasuna ahalik eta grafikoen, argien eta zehatzen azalduko da.
Ekoizpen eta salmenta fase guztietan ezarri beharreko kontrol-sistemaren deskribapena. Hurrengoak zehaztuko dira: kontrola egiteko ardura duena, kontrolaren maiztasuna, ikuskapen-protokoloa, hautemandako bat ez etortzeen tratamendua eta kudeaketa, eta zuzentzeko ekintza egokiak ezartzea, baita ikuskapenaren emaitzaren erregistroa eta kudeaketa ere.
Elkartea denean, baldintzen plegua betetzen ez duen edozein kideri ezarri beharreko neurriak.
Baldintzen pleguarekin batera, hurrengo dokumentuak aurkeztu beharko dira:
Eskabidea egin duen eragile ekonomikoaren edo elkartearen nortasuna eta haren ordezkariaren gaitasuna egiaztatzeko agiria.
Etiketen zirriborroak. Plegua onetsi ondoren, eta merkatuan aurkeztu baino lehen, etiketen jatorrizko ale bana bidali beharko da.
Erakunde independente batek kontrol-zerbitzua eskainiko duelako konpromisoaren egiaztagiria.
Aztarnagarritasuna frogatzeko beharrezko erregistroen fotokopia.
Baldintzen plegura bildutako ekoizle, hiltegi, zatikatzeko gela eta handizkako eta txikizkako merkaturatzaileen zerrenda.
Ekoizpenaren edo salmentaren faseetakoren bat beste autonomia erkidego edo Europako Batasuneko estatu kideren batean gauzatzen bada, toki horietako agintari eskudunek emandako baimenen kopiak, esandako faseari dagokion baldintza-pleguaren zatiari buruzkoak. Baldintzen plegua aurkezteko garaian baimenok eman gabe badaude, eman bezain laster aurkeztuko dira.
Zuzenbidean onartutako beste edozein froga-agiri edo froga-bide, baldintzen pleguan jasotako informazioa frogatu, azaldu edo osatzeko balio baldin badu.
¿ Etiketak hurrengoak jaso beharko ditu, beti:
Eskabidea egin duen eragile ekonomikoaren edo elkartearen izena eta/edo logotipoa, halako moldez non argi eta garbi identifikaturik geratuko baita.
Indarreko legediak ezinbestekotzat jotako aipamenak.
¿ Eragile ekonomikoak edo elkarteak nahi izango balu etiketan sartu aurreko puntuan esandakoaz bestelako informaziorik, beren beregi eskatu beharko dio Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari, eta zuzendaritza horrek, baimena ematekotan, zio eta guztizko ebazpen baten bidez emango du, aipamen hori indarreko legediaren aurkakoa ez dela oinarri hartuta.
¿ Eragile ekonomikoek edo elkarteek, beraien kabuz, aipamen geografikoak edo jatorriari buruzkoak jarri nahi badituzte etiketetan, hurrengo idatziak adierazi behar dituzte, nahitaez, eta denak batera, eta ezin izango da horietakoren bat bakarrik erabili, besteetatik bereiz:
Idatzia: "Sorlekua: (aukeratutako aipamena)".
Idatzia: "Hazitokia/k (aukeratutako aipamena)".
Idatzia: "Hiltokia: (aukeratutako aipamena)".
¿ Eremu geografiko edo jatorriari buruzko aipamen bakarra egin ahal izango da, baldin eta aberea esandako eremu geografikoan sortu, hazi eta hil bada.
¿ Hurrengo aipamenak ez dira onartuko:
Kontsumitzaileari nahasgarri edo tronpagarri gerta dakizkiokeenak.
Froga eta kontrola ezin daitezkeenak.
Indarreko legediaren aplikazioaren ondorioz erreserbatuta daudenak.
¿ Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzaren esku dago eskatzaileari akatsak zuzen ditzala, testua hobe ditzala edo dokumentu osagarriak aurkez ditzala eskatzea. Zuzendaritzak, halaber, bi hilabeteko epean eman beharko du ebazpena, eskabidea jaso denetik kontatzen hasita, edo, hala bada, akatsak zuzendu, testua hobetu edo eskatutako dokumentazio osagarria aurkeztu denetik.
¿ Eskatutako betekizunik gabeko baldintzen plegu guztiak bazter utziko dira; bereziki, okelaren aztarnagarritasuna bermatzen ez dutenak, eta etiketetan informazio engainagarria, behar besteko argitasunik gabea edo kontsumitzaileari nahasgarri gerta dakiokeena aurreikusi dutenak.
Baldintzen plegua onetsi ondoren, edozein aldaketa egin nahi bazaio, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari aurkeztu beharko zaio, eta 3, 4 eta 5. artikuluetan xedatuaren arabera izapidetuko da.
¿ Erakunde independenteek zertuko dituzte ekoizpen eta salerosketaren fase guztietan egin beharreko kontrolak. Erakunde independente horiek Europako EN/45011 arauak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak baimenduta beharko dute. Eragile ekonomikoek eta elkarteek kontrol erakunde independenteari beti bermatu beharko diote lokaletara eta erregistro guztietara iritsi ahal izatea, etiketetan jasotako informazioa zuzena dela egiaztatzearren.
¿ Kontrol erakunde independenteek Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote kontrolerako prozedura orokorrak eta bereziak, eta baldintzen pleguan ezarritakoa betetzen ez bada aplika daitezkeen neurriak. Hauexek ere jakinarazi beharko dizkiote: eragile ekonomikoek eta elkarteek, etiketak eta baldintzen pleguak direla -eta, egin dituzten arau-hausteak eta irregulartasunak, horiek zuzentzeko modua eta, hala badagokio, hartutako neurriak, eta baita neurriok bete diren ala ez, beren beregi eskatzen zaien beste edozein informazioz gain. Informazioa emateko epea hiru egunekoa izango da, aurrekoren baten berri izan ondoren.
¿ Goian esandakoa betetzeko, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak egoki iritzitako dokumentuak eta informazioa eska diezaieke kontrol erakunde independenteei, baita bidezko iritzitako kontrolak egin ere.
¿ Eragile ekonomikoen, elkarteen, kontrol erakunde independenteen eta onetsitako baldintza-pleguen erregistroa sortu da. Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzaren menpe egongo da, eta hiru atal izango ditu:
Onetsitako baldintzen pleguak.
Baldintzen pleguak onetsita dituzten eragile ekonomikoak eta elkarteak.
Europako EN/45011 arauak ezarritako baldintzak betetzen dituzten, eta Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak baimena duten kontrol erakunde independenteak.
¿ Onetsi dituen agintaria edozein dela ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde eremuaren barruko jarduerei buruzkoak diren, halakoei eragiten dieten edo beraiekin halakorik dakartzaten baldintzen pleguak erregistratu egin beharko dira.
¿ Dekretu honetan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 17ko 1760/2000 (EE) Erregelamenduan eta haiek osatzeko xedapenetan esandakoei buruzko arau-hausteak, eta baita behi-okelaren eta behi-okelarekin egindako produktuen etiketatzeari buruzko beste edozein xedapen indarrekori buruzkoak, ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuaren arabera zehatuko dira, errege dekretu horrek kontsumitzailearen defentsaren eta nekazaritzako elikagaigintzaren arloko arau-hausteak eta zehapenak arautu baititu.
¿ Zehatzeko prozeduraz denaz bezainbatean, hurrengoei begiratuko zaie: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeari, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 2ko 2/1998 Legeari, eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatu duen maiatzaren 11ko 218/1999 Dekretuari.
Lehena.¿ Nekazaritza eta Arrantza sailburuari ahalmena ematen zaio Dekretu honetan xedatutakoa aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko azaroaren 21ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
IÑAKI GERENABARRENA MARTINEZ DE LAHIDALGA.