Lehendakaritza

Arautegia

Inprimatu

106/1996 DEKRETUA, maiatzaren 14koa, Euskal Autonomi Elkartetik Kanpora dauden Euskal Etxeak aitortu eta erregistratzeko araubidea ezartzeko Dekretua aldatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 104
  • Hurrenkera-zk.: 2698
  • Xedapen-zk.: 106
  • Xedapen-data: 1996/05/14
  • Argitaratze-data: 1996/05/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomi Elkartetik Kanpora dauden Euskal Etxeak aitortu eta erregistratzeko araubidea ezartzeko den uztailaren 28ko 318/1994 Dekretuaren bidez maiatzaren 27ko 8/1994 Legea garatu zen arlo haietan.

Euskal Etxeak erregistratzearen inguruan, Dekretu horretako II. atalburuan euskal etxeen antolaketa eta ihardunbidea zehazten da eta horien datu-basera sartzea arautzen. Euskal Etxeak aitortu eta erregistratzeak informazioa biltzea eskatzen duenez, erregistro hori publikoa izan arren —hala ezartzen baita legeetan—, erregistroak daukan alderdi pribatua agerian ez jartzeko beharra ikusten da. Hala dago jasota euskal etxeak eratu eta kokatu diren estatuetako ordenamendu juridikoetan, Estatu Espainiarrarenean ere bai, hain zuzen ere, datu pertsonalak automatikoki erabiltzea arautzeko den urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan.

Euskal Etxeen Erregistroak bertako kideen nortasunari buruzko datuak dituenez, eta datu horiek 318/1994 Dekretuaren 9. atalak zehazten duen moduan erregistroaren helburuetarako beharrezkoak direnez gero, informazio mota horretarako sarrera mugatzea beharrezkoa da. Horregatik 8. eta 12. atalak aldatu egin behar dira, datu pertsonalak libreki kontsultatzeko eta erabiltzeko aukera kentzeko, eta, ondorioz, jendeak bere datu pribatuak gordetzeko duen eskubide legitimoa errespetatzeko. Izan ere, pribatutasun hori erabat errotuta ageri zaigu gure ordenamendu juridikoan eta euskal etxeak dauden atzerriko estatuetakoan.

Ondorioz, Lehendakaritzaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko maiatzaren 14an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Lehenengo atala.- Uztailaren 28ko 318/1994 Dekretuaren 8. atala aldatzea.

Dekretu horren 8. atalean beste idazati bat (hirugarrena) sartuko da, hauxe alegia:

"3.- Datu pertsonalak kontsultatu edo erabiltzeko ezinbestekoa eta nahitaezkoa izango da datu horiek aipatzen duten pertsonak berariaz baimena ematea. Pertsona horrek une oro sartu ahal izango da erregistratutako datuetan, eta datuok zuzendu edo ezabatzeko aukera izango du, datuak babesteari buruzko araudian ezarritakoaren arabera."

Bigarren atala.- Uztailaren 28ko 318/1994 Dekretuaren 12. atala aldatzea.

Dekretu horren 12. atala aldatu egin da, eta hemendik aurrera idazkera hau edukiko du:

"12. atala.- Erregistroaren zaintzaz arduratzen den organoak, inskripzioak eta oharrak jasoko dituzten agiriak gordeta dauden artxiboaz gain, informatika-baliabideak edukiko ditu erregistroaren edukina zaindu eta erabiltzeko eta jendea datu basera sartu ahal izateko, Dekretu honen 8. atalean agindutakoaren arabera".

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1996ko maiatzaren 14an.

Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.