Lehendakaritza

Arautegia

Inprimatu

234/1995 DEKRETUA, apirilaren 11koa, euskal gizataldeekiko harremanetarako organoak arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 90
  • Hurrenkera-zk.: 1938
  • Xedapen-zk.: 234
  • Xedapen-data: 1995/04/11
  • Argitaratze-data: 1995/05/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomi Elkarteaz Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen bidez, euskal gizataldeekin harremanak instituzionalizatzeko nahian, alde batetik, Euskal Etxeak sortu ziren, komunikaziorako lehentasunezko bide moduan; eta bestetik, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordea, euskal erakundeetako eta euskal etxeetako ordezkarien bilgune moduan. Horiekin batera, Euskal Gizaltaldeen Biltzarra ere sortu zen, euskal-etxeen eta beren federazioen eta EAEko administrazio publikoen arteko harremanak lau urtean behin aztertu eta indartzeko bilgune legez.

Maiatzaren 27ko 8/1994ko Legearen 12.2. atalean, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordearen antolaketa eta iharduteko modua eta Euskal Gizaltaldeen Biltzarra arauz garatu behar dela jasotzen denez gero, bidezkoa da dekretu hau onartzea.

Ondorioz, Lehendakaritzak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1995eko apirilaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

I. ATALBURUA

EUSKAL GIZATALDEEKIKO HARREMANETARAKO AHOLKU BATZORDEA

1. atala.

1.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordea, maiatzaren 27ko 8/1994 Legeaz sortua, aipatu diren gaietan Euskal Autonomi Elkarteko administrazioei aholkuak emateko organoa da eta Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorrari atxikirik egongo da.

2.- Aholku batzordearen helburuak hauek dira: Euskal Autonomi Elkartetik kanpo dauden euskal gizatalde eta etxeekin Euskadik dituen harremanei laguntza eta indarra ematea; arlo horretan erakundeen iharduera koordinatzaea; eta atzerrian dauden euskal gizataldeen egoera eta beharrekiko sentiberatasuna piztea euskal gizartean.

2. atala.

- Maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 12. atalean adierazitakoaren arabera, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordearen egitekoak hauek dira:

- Euskal Autonomi Elkarteko erakundeei euskal gizataldeei buruzko erabakiak hartzeko edo aldatzeko proposatzea.

- 8/1994 Legearen helburuak betetzeari begira, datozen lau urteetan zer egin proposatzeko lau urtetarako plana egitea. Aginpidea duten erakundeei plan horren berri emango zaie.

- Lau urtetarako plana eta 8/1994 Legean jasotako beste aurrikuspen batzuk zenbateraino betetzen diren ebaluatzea.

Orokorrean, Aholku Batzordeak hauek ere egin beharko ditu:

- Euskal administrazio publikoei aholkuak eta informazioa ematea, aztertzeko eman zaizkion gaiei buruz.

- Euskal erakundeei aurkezteko egokitzat jotzen dituen txosten, proposamen eta azterketak egitea. Horretarako, behar duen adina informazio jaso dezake.

- Urteko txosten bat egitea, 8/1994 Legea betetzeko burututako iharduerei buruzkoa eta tarte horretan euskal gizataldeek duten egoerari buruzkoa.

3. atala.

Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeak osoko bilkuran edo batzordeetan ihardungo du.

4. atala.

1.- 8/1944 Legearen 12. ataleko 3. idazatian ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeko kide, hauek izango dira:

- Eusko Jaurlaritzako lehendakaria edo berak aukeratutako ordezkoa, batzordeko buru.

- Arloko ardura duen sailburua edo berak aukeratutako ordezkoa, buruorde.

- Euskal gizataldeekiko harremanetarako arduraduna edo berak aukeratutako ordezkoa, idazkari.

- Kultura, Turismo, Lan eta Gizarte Segurantza, Hezkuntza, Etxebizitza, Ogasun, Industria eta Merkataritza Sailetako ordezkari bana.

- Hiru foru-aldundietako ordezkari bana eta Euskadiko Udalen Elkarteak izendatutako beste ordezkari bat, euskal udalen izenean.

- Eusko Legebiltzarreko ordezkari bi.

- Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat.

- Euskal etxeetako hiru ordezkari, Euskal Gizataldeen Biltzarrak izendatuak.

- Euskaltzaindiako ordezkari bat.

2.- Osoko bilkuretan, bilkurak hala eskatuta, bilkuran landuko den gaian adituak direnek parte hartu ahal izango dute, baina ezingo dute boturik eman.

5. atala.

Gai jakin batzuei buruzko lan eta txostenak egiteko, batzorde iraunkorrak edo aldi baterakoak sor daitezke osoko bilkuran hala erabakitzen bada. Osoko bilkuran erabakiko da batzorde horrek zein lanesparru eta ihardunbide izango dituen.

Batzorde horiek Aholku Batzordeko Osoko Bilkurako kideek edo horretarakotxe izendatutako beste pertsona batzuk osatuko dituzte.

6. atala.

1.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeko Osoko Bilkura ohiko bilkuretan eta ezohikoetan bilduko da. Ohiko bilkurak urtean behin egingo dira; ezohikoak, berriz, lehendakariak egoki deritzonean edo Osoko Bilkurako kideen erdiak, behar den moduan arrazoituta, eskatzen badu.

2.- Osoko bilkuretarako deia lehendakariak egingo du gutxienez hamar egun lehenago eta bilkuretarako asistentziaren eta erabakiak hartzeko erregimena, organo kolegiatuak arautzen dituzten arauen araberakoa izango da.

3.- Bilkura bakoitzeko akta bat jasoko da, gutxinez, zein pertsona bertaratu den, bilkura egin deneko lekua eta ordua, aztertu diren gai nagusienak, bozketaren modua eta emaitza eta erabakien edukina jasoko dituena gutxienez.

Aktak idazkariak idatziko eta izenpetuko ditu, lehendakariaren oniritziaz eta hurrengo bilkuran edo bikuretan onartuko dira.

7. atala.

1.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeko kideak, eta, behar izanez gero, aurrez izendatutako ordezkoak lehendakariaren dekretubidezizendatu eta kargutik kenduko dira. Karguak lau urtetarako izango dira, aldi hori luzatzeko aukerarekin.

2.- Legez jasota dagoen arrazoiren batengatik hutsunerik geratuz gero, proposamena egin zuenari jakinaraziko zaio, ordezko bat izenda dezan gelditzen den aldirako.

3.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeko bilkuretan parte hartzeagatik ez da ordainik jasoko. Dena dela, kideek legez dagozkien kalteordainak jaso ahal izango dituzte.

II. ATALBURUA

EUSKAL GIZALTALDEEN BILTZARRA.

8. atala.

Euskal Gizaltaldeen Biltzarra, maiatzaren 27ko 8/1994 Legeaz sortua, lau urtean behin egingo da euskal gizatalde, euskal etxe, euskal etxeen federazio eta konfederazioek eta euskal erakundeek elkar ezagutu dezaten eta lankidetzan ari daitezen.

9. atala.

1.- Maiatzaren 27ko 8/1994 Legeko 13. atalaren 2. idazatian jasotakoaren arabera, erabateko eskubideekin hauek izango dira biltzarreko kide:

- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako AholkuBatzordeko kideak.

- Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak.

- Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden legebiltzartaldebakoitzeko kide bat.

- Federazio guztietako hiruna ordezkari.

- Federaziorik gabeko herrialdeetako euskal etxeetako hiruna ordezkari.ta.

2.- Beste pertsona batzuk eta euskal gizataldeekin zerikusirik duten erakundeetako beste zenbait ordezkarik ere Biltzarrean parte har dezakete, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gonbidatuta.

10. atala.

Biltzarra antolatzea eta biltzarra prestatzeko eta egiteko behar diren administrazioko izapideketak egitea, Eusko Jaurlaritzan euskal gizataldeekiko harremanen alorrean aginpidea duen organoaren ardura izango dira. Horretarako, organo horren barruan antolaketa batzorde bat eratuko da.

11. atala.

Ondorio horietarako, biltzarra egingo den ekitaldiari dagozkion Euskal Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorretan beharrezko gertatzen den diru-dotazioa jarriko da.

12. atala.

Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeko bilkuretan parte hartzeagatik ez da ordainik jasoko. Dena dela, kideek legez dagozkien kalteordainak jaso ahal izango dituzte.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 1995eko apirilak 11.

Lehendakaria,

JOSE ANTONIO ARDANZA GARRO.