Lehendakaritza

Arautegia

Inprimatu

318/1994 DEKRETUA, uztailaren 28koa, Euskal Autonomi Elkartetik kanpora dauden Euskal Etxeak aitortu eta erroldatzea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 162
  • Hurrenkera-zk.: 3026
  • Xedapen-zk.: 318
  • Xedapen-data: 1994/07/28
  • Argitaratze-data: 1994/08/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomi Elkartetik kanpo dauden Euskal Etxe eta Gizataldeekiko harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legean finkatutakoaren arabera Euskal Etxeak hartzen dira biderik egokien lez euskal gizataldekideen eta Euskal Autonomi Elarteko administrazio publikoen artean harremanak izateko. Euskaltasuna mundu bazterretan zabaltzen lan bikaina betetzen dute izaiki horiek, hainbat elkartze eta ordezkatze modu erabiliz horretarako. Areagotu egin nahi da harreman hori lankidetzarako bide iraunkorrak ezarriz.

Euskal Erakundeek eskeintzen dituzten prestazioak eskuratu ahal izateko, bai Euskal Etxeak, Federazioak zein Konfederazioak, aitortu egin beharko dira aipatutako legean ezarritako baldintzen arabera; Euskal Etxeen erroldan ere eman beharko dute euren izena, horretarako sortuta baitago.

8/1994 Legeko 5.3 eta 7.2 ataletan jasotako xedapena betetzen da dekretu honetan. Atal horietan ezartzen denez, aitormen eta erroldatze zereginetarako, arautegi bidezko garapena behar da. Hasteko, aitormenerako behar diren baldintzak jasotzen ditu, horri ekiteko prozedura arautzen du, eta bai aitortutako Euskal Etxeak informatzeko duen obligazioa eta aitormena indargabetzeko arrazoiak ere jasoko dira. Euskal Etxeak erroldatzeari buruzkoa da arauaren bigarren zatia; bere helburua, izaera, inskripzioak eta ondorioak definituko ditu, eta bai prozedura eta Erroldaren antolaketa ere.

Azkenik, azalpen fitxarako balioko duten bi eraskin gehitzen zaizkio, horko datuak errolda zentsuan sartuko direla.

Ondorioz, Lehendakaritzaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1994ko uztailaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

I. ATALBURUA

EUSKAL ETXEAK, ETA BAI HORIEN FEDERAZIOAK ETA KONFEDERAZIOAK ERE AITORTZEARI BURUZKOA.

1. atala. - Maiatzaren 27ko 8/1994 Legean jasotakoa ahalbideratzeko eta lege horretan finkatutako prestazioak modu errazean eskuratu ahal izateko, bai Euskal Etxeek eta bai horien Federazioek eta Konfederazioek ere, aldezaurreko aitormena izan beharko dute, horrela eskatzen baitu aipatutako legeko 2. atalaren 1 idazatiak eta 5.atalak.

Xede horretarako, honako helburu hauek bete beharko dituzte Euskal Etxeek:

- Legez eratutako pertsona juridikoa izatea, elkartearen edo fundazioaren izaera izan zein beste bat.

- Diru xederik ez izatea.

- Egoitza Euskaditik kanpo izatea.

- Estatutuen helburua eta eguneroko iharduera 8/1994 Legean ezarritako xedeak lortzea izan daitezela.

2. atala. - 1.- Euskal Etxeak eskatuta egingo da aitormena. Legezko ordezkariak izenpetuko du eskabidea, dekretu honen I. eraskin lez azaltzen den ereduaren arabera. Honako hauek erantsiko zaizkio:

- Entitatea behar bezala eratu denari buruzko egiaztagiriak, kokatuta dagoeneko Estatuan indarrean dauden arauen arabera.

- Euskal Etxearen zehaztasunik adierazgarrienak jasotzen dituen fitxa, dekretu honetako II. eraskinean ohartemandako moduan.

2.- Eskatutako agiriak eta eskabidea Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailera bidaliko dira (Nafarroa kalea 2, 01006 VitoriaGasteiz).

3. atala. - 1.- Euskal Etxeak aurkeztutako agiriak ikusita eta atzerrian dauden euskal gizatalde eta euskal etxeekiko harremanen alorrean aginpidea duen organuak aurkeztutako txostena ikusita, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, dekretu honetan eskatzen diren agiri guztiak eskuratu eta bi hilabeteko gehienezko epearen barruan, aitormena egiteko erabakia hartuko du.

2.- Maiatzaren 27ko 8/1994 Legean adierazitako ondorioetarako epemugarik gabekoa izango da aitormena, baldin eta lege horretan eta dekretu honetako 6. atalean adierazitako ezestapenik gertatzen ez bada.

4. atala. - Gobernu organuetan eta zentruaren gainerako zereginetan izandako aldaketen berri eman beharko diote aitortutako Euskal Etxeek Eusko Jaurlaritzari. Bi hilabete izango dituzte horretarako, gertatzen direnetik kontatzen hasita. II. eraskinean azaltzen den fitxa eguneratu egin beharko da eta bidali ostera ere.

5. atala. - Euskal gizataldeekin erakunde mailako harremanak ahalik ondoen koordinatzeko orduan interesgarriakizan daitezen datuak, bazkideei, iharduerei edo beste zernolako batzuei buruzkoak alegia, eska diezazkioke Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeari.

6. atala. - 1.- Ez baditu betetzen Euskal Etxeak maiatzaren 27ko 8/1994 Legean ezarritako helburuak, ez badu ematen zentruaren zereginetan izandako aldaketen berri edo lege horretan edo dekretu honetan jasotako obligazioei bizkarra ematen badie, indargabetu egin daiteke aitormena.

2.- Indargabetzeari ekiteko, indargabetzeak oinarri hartzen duen ziozko txostena bidali beharko du agintedun organuak; horri buruzko erabakia Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartuko du.

II. ATALABURUA

EUSKAL ETXEEN ERROLDA

7. atala. - Aitortutako Euskal Etxe, Federazio eta Konfederazio guztiak erroldatzeko sortzen da «Registro de Centros Vascos-Euskal Etxeak». Horren kudeaketa eta jarraipena Eusko Jaurlaritzan hori dagokion organuak egingo du, atzerriko Euskal Gizatalde eta Euskal Etxeekiko harremanen alorrean eskuduntza duenak hain zuzen ere.

8. atala. - 1.- «Registro de Centros VascosEuskal Etxeak» izaera publikoa izango du. Horren adierazgarri lez eskatzen dituen edonori eskeiniko zaizkio datuak; edo zilegizko den ziurtagiria emango da, Erroldaren edukia Zehatz-mehatz egiaztatzeko bide bakar lez.

2.- Norbanako fisikoek eta erakunde publiko edo pribatu guztiek dute Erroldako datuak kontsultatzeko eskubidea. Eskubidea izango dute, baita ere, agintedun organuak ziurtagiriak eman diezazkien eta edukiari buruzko agiriak erkatu diezazkien.

9. atala. - Zentsu eta publizitate ondorioak bakarrik izango ditu Erroldan izena emateak. Euskal Etxeak badaudela jakitea eta horiei buruzko datuak eguneratzea bermagarri da interesaturik egon daitezen bazkide eta beste batzuentzat. Administrazioarekiko harremanak ere erraztuko ditu eta honek dituen programez baliatzea ere bai.

10. atala. - 1.- Euskal Etxeetan alta edo baja ofiziozhartuko da, aitortzeaz edo indargabetzeaz Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako akordiaren hurrengo hilabetean. Maiatzaren 27ko 8/1994 Legean eta dekretu honetan ezarritako eran egingo da hori.

2.- Izan daitezen aldaketen berri, dekretu honetako 4. atalean finkatutakoari jarraiki, Eusko Jaurlaritzari emango zaio; ondoren Erroldan sartuko dira noiz gertatu ziren adieraziz.

11. atala. - 1.- Euskal Etxeen Erroldan aurki daitezkeenak:

- Direktorioa, Euskal Etxeen, Federazioen eta Konfederazioen altak jasoko dituena.

- Oharpen liburua, entitate bakoitzari dagozkion datuak bildu, antolatu eta eguneratuko dituena, dekretu honen II. eraskinean argitaratzen den fitxaren arabera.

2.- Euskal Etxe bakoitzak bere errolda zenbakia izango du, alta inskripzioan izendatuko zaiona. Direktorioan alta edo baja hartzean eta Oharpen Liburuetan egindako mugimenduetan adierazi egin beharko dira eguna eta dagokion errolda erreferentzia.

12. atala. - Izenemate eta oharpenak jasoko dituen agiriak gordeta daudeneko artxiboaz gain, erroldaren zaintzaz arduratuko den organuak, bere edukiari bereonean eusteko, horiek erabiltzeko eta datutegiaz edonor baliatzeko baliagarriak izango diren tresna informatikoak izango ditu.

ALDIBATERAKO XEDAPENA

Maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen aldibaterako xedapenetatik lehenengoaren arabera, aldezaurreko aitormena eskatuko da, 1995eko uztailaren 3tik aurrera, Euskal Etxe, Federazio edo Konfederazioentzat, baldin eta lege honetan jasotako prestazioak eurenganatu nahi badituzte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. - Prozedurari buruzko administrazio gaiei dagokienez, Herri-Administrazioen LegeJaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea osagarria izango da dekretu honekiko.

Bigarrena. - Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 1994ko uztailak 28.

Lehendakaria,

JOSE ANTONIO ARDANZA GARRO.