Eleaniztasuna. Zer da?
Kontuan izan behar da XXI. mendeko euskal gizartea eleaniztuna dela eta, beraz, eskolak nahitaez lortu behar ditu herritar eleaniztunak. Horregatik, mundu gero eta elkarlotuago honetan –non hainbesteko garrantzia duten jakintzaren gizarteak, informazio- eta komunikazio-teknologiek eta pertsonen mugikortasunak–, hizkuntza ofizialez gain jakin behar dira, ezinbestean, hizkuntza global esaten zaienetako bat edo batzuk, eta era horretan bultzatu pertsonek elkar ezagutzea, ideiak trukatzea eta kulturek elkar ulertzea.
Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartaren (1992) arabera, kontuan hartuz ingurunearen baldintzek eta gizarte-harremanek gaztelania erabiltzera bultzatzen dutela, eta –ebaluazioek erakutsi dutenez– irakatsi eta ikasteko prozesuan euskara erabiltzea funtsezkoa dela ahoz eta idatziz behar bezala komunikatzeko gai izateko, sistema eleaniztun honek euskara izango du ardatz, era horretan gainditu ahal izateko bi hizkuntza ofizialen arteko desoreka –gaur egun euskararen aurkakoa–, eta bi hizkuntzen berdintasun soziala eta ikasleen aukera-berdintasuna sustatzeko. Horregatik, euskara ohituraz eta modu normalizatuan erabiltzen dela bermatuko da, barruko nahiz kanpoko jardueretan eta, oro har, eskolako ekintzetan.
Irteera-profilean, ikasleak bizitzako eremu guztietan, euskaraz eta gaztelaniaz ahoz nahiz idatziz, modu egoki eta eraginkorrean komunikatzea nahi da. Halaber, gutxienez atzerriko lehen hizkuntza batean egoki komunikatzea, egoera eta eremu pertsonal, sozial eta akademikoetan. Era berean, ikasleak bere burua eta bere inguruko mundua hobeto ezagutzen lagunduko dion literatura heziketa izatea nahi da.
Euskal eskolak elebitasuna bermatzeko duen erronkaz gain, badu beste helburu bat ere: pertsona eleaniztunak lortzea, gutxienez atzerriko hizkuntza bat behar adina dakitenak. Ikuspuntu eleaniztunean, pertsona baten esperientzia hedatu ahala hizkuntza baten kultur inguruneetara –familiaren hizkuntza, gizarte osoarena, beste herri batzuetako hizkuntzak...–, pertsonak ez ditu hizkuntza eta kultura horiek gordetzen buruko konpartimentu bereizitan; aldiz, bere komunikaziorako konpetentzia osatzen dute hizkuntza-jakintza eta -esperientzia guztiek, eta hizkuntzak elkarrekin harremanetan daude. Ikuspuntu horrek erabat aldatzen du hizkuntza baten irakaskuntza. Kontua ez da bi edo hiru hizkuntza eskuratzea, zein bere aldetik. Aldiz, hizkuntza-gaitasun guztiak biltzen dituen hizkuntza-bilduma bat garatu nahi da.
Ikastetxe bakoitzak, hizkuntzen irakaskuntzarekin eta erabilerarekin lotutako alderdi guztiak ondo planifikatzeko, Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua egin behar du. Ikaskuntza-prozesu osoan hizkuntzak irakastearekin eta erabiltzearekin lotutako irizpideak garatu behar ditu Proiektu horrek, bai eta Hezkuntza Proiektuan jaso ere, eta bestalde, Curriculum Proiektuan hizkuntzen trataera ere zehaztu behar du. Halaber, ikastetxeko dokumentu guztiek hartu beharko dituzte oinarri Proiektuan jasotako erabakiak.
Ikasleek irteera-profileko eleaniztasun-maila lortzeko helburuak hizkuntza-irakasleak behartzen ditu hizkuntzak modu integratuak tratatzera, irakatsi eta ikastearen helburuaz gogoeta egitera eta, ondorioz, edukiak nahiz metodologia egokitzera.
Hizkuntzak modu integratuan irakastea hainbat ebidentziaren emaitza da:
- Ikasle elebidunak edo eleaniztunak etengabe eskura ditu hainbat hizkuntza eta haietan ikasitakoa, hornidura kognitibo eta emozional moduan.
- Hizkuntza-ikasketak hizkuntza batzuetatik besteetara transferitzen dira.
- Hiztunek parte hartzen duten inguruneetan hainbat hizkuntza egotea aldi berean.
Ebidentzia horien ondorioz, hizkuntzen curriculum integratua egin behar da eta, horretarako, hizkuntza bakoitzarentzat hautatu behar dira egoera-familia esanguratsuak, bizitzaren eremu guztiekin lotuak, kontuan hartuz hizkuntza bakoitzaren estatusa, testuinguruaren errealitate soziolinguistikoa eta hizkuntza bakoitzarentzat irteera-profil orokorrean definitutako lorpen-maila. Hizkuntza bakoitzak berezkoa duena landu behar da, eta denen artean partekatua dutena, ikasleak egoki eta eraginkor erabili ahal izan dezan egoera bakoitzak eskatzen duen hizkuntza.
Baina hizkuntza-irakasleak ez dira euskara ardatz hartuta eleaniztasuna garatzen konprometitutako bakarrak, eta eskola osoa dago inplikatua hizkuntzen trataera integralean. Hizkuntza-gaiak ematen ez dituzten irakasleen ardura ere bada hizkuntza- konpetentzia garatzen laguntzea, ikasleak arlo bakoitzeko egoerak egoki eta eraginkor ebatzi ahal izan ditzan. Arlo horietako oinarrizko konpetentziak lortzeko, ikasleak edukiekin batera ikasi behar ditu arloak berezko dituen esamoldeak, eta modu integratuan erabili behar ditu bakoitzeko egoerak/problemak ebazteko. Edukia eta hizkuntza integratzeko planteamenduak hizkuntza-konpetentzia garatzea dakar.
Bi hizkuntza ofizialetan eta gutxienez atzerriko hizkuntza batean konpetentzia lortzeko bidean, hizkuntzen curriculum integratu baten bidez eta curriculum-arlo guztietan, printzipio hauek onartu behar dira:
- Hizkuntzen irakaskuntza inklusioan oinarritu behar da, hau da, ikasleen jatorrizko hizkuntza edozein izanik ere, denek beren konpetentzia eleaniztuna osoki garatzeko bidea eman behar du.
- Hizkuntzen irakaskuntza erabileran oinarritu behar da, hau da, hizkuntzak erabilera sozialean eta akademikoan ikasten dira, eta komunikazioaren behar pragmatikoak dira kodea menderatzeko bidea jartzen dutenak.
- Hizkuntzen irakaskuntza ikuspuntu komunikatiboan oinarritu behar da, hau da, ikasgelak komunikazio-gune pribilegiatu bihurtu behar dira, ikasleek modu eraginkorrean parte hartu ahal izan dezaten denetariko komunikazio-jardueratan. Hizkuntzen irakaskuntza ikuspuntu komunikatiboan oinarritu behar da, hau da, ikasgelak komunikazio-gune pribilegiatu bihurtu behar dira, ikasleek modu eraginkorrean parte hartu ahal izan dezaten denetariko komunikazio- jardueratan.
- Hizkuntzen irakaskuntza hizkuntzekiko eta hiztunekiko jarrera positiboak garatzean oinarritu behar da, kontuan hartuz hizkuntzek zenbateko garrantzia duten harreman sozialetan eta gizabanakoen garapen emozionalean.
- Eskolan, curriculum-arloak irakatsi eta ikasteko prozesuak dira hizkuntza erabiltzeko eremurik eta egoerarik ohikoenak eta naturalenak; beraz, hizkuntza eta edukia integratzea komeni da.
Printzipio horiek beharrezkoa egiten dute komunikazio-proiektu esanguratsuen bidez irakastea, testua delarik oinarrizko komunikazio-unitatea; ikaskuntza sekuentzia didaktikotan egituratzea, komunikazio-lan zehatz bat lortzera bideraturik, eta prozedurazko edukiak lehenestea, "egiten jakitea", eta ez adierazpenezko jakintza hutsa.
Hizkuntza Proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek egin behar dituzten erakunde-proiektuetako bat da. Indarrean dugun araudiaren arabera, Hizkuntza Proiektua hizkuntzen irakaskuntzari eta erabilerari lotutako alderdien planifikazioa da, ikastetxe bakoitzak bere esparruan garatuko duena.
kastetxearen Hizkuntza Proiektua dokumentu bat da. Bertan jasotzen dira hizkuntzen erabilerari eta haien ikas-irakaskuntzei lotutako erabakiak, eta hizkuntzen trataerari koherentzia ematea du helburu. Hizkuntzen inguruko gogoeta eta erabakien dokumentu profesionala da ikastetxeko komunikazio-esparru zabalari eragiten diona (hizkuntzak eta hizkuntza horien bidez ikastea eta irakastea, hezkuntza-komunitatearen harremanak eta eskolako gizarte-inguru hurbila).
Proiektu guztietan bezala, prozesua dokumentua bera bezain garrantzitsua da, ikastetxeko kide guztien arteko gogoeta eta denek hartutako erabakiak eskatzen baititu. Hizkuntzen presentziari, erabilerari eta haien ikas-irakaskuntzei dagozkien alderdi guztiak hobetzeko aukera ematen du. Horregatik, esku-hartze didaktikoa ez ezik hizkuntzen arteko bizikidetza eta kohesioa ere hobetzea dakar.