Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Euskal ekintzailetzaren ekosistema

EAEko ekintzailetzaren ekosistema ondo finkatutako ekosistema da: araudi, zerga-esparru eta instituzio - sendoak eta fidagarriak ditu euskarri, eta oinarriak eta emaitzak kontrastatuta.

80ko hamarkadatik, ekintzailetzari laguntzeko politikek finkatze-prozesu nabarmena izan dute. Euskal eredu propio baten aldeko apustua egiten da, etorkizunari begira anbizio handiz, eta diziplina anitzeko hainbat gaitasun eskaintzen ditu: profesionalak, zerbitzuak, finantzaketa, laguntzak, azpiegiturak, sareak eta hedapena, etab.

Gure ekosisteman, finantza-, enpresa-, teknologia- eta ikasketa-arloetako eragile pribatuak eta publikoak ditugu, garapen-etapa guztietan proiektu ekintzaileak sustatzen eta babesten dituztenak. 100 eragiletik gorako sarea, gero eta osatuagoa eta dinamikoagoa, konektatuagoa eta balioetsiagoa.

2022an, Euskadik indartu egin zuen ekintzailetza teknologikoaren hub gisa duen posizionamendua: 1.000 enpresa teknologiko emergente baino gehiago, enpresa horiek, 8.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana, eta, 1.500 milioi euroan baino gehiagoan baloratzen dira. Ekosistema hori oso lotuta dago bere ekoizpen-sarearekin; sare horretako 10 startupetik 7k Euskadiko sektore estrategikoetara bideratutako irtenbideak garatzen dituzte.

  • Ekosistemako eragile publiko eta pribatuek ekintzailetzari laguntzeko 800 programa, ekimen eta tresna inguru jarri dituzte guztien eskura, etapa eta tipologia guztietako ekintzailetza bultzatzeko; guztira 96 milioi euro baino gehiagoko  aurrekontua exekutatu zen 2022an, inbertsio-funts eta azpiegitura espezializatu berrietarako 20 milioi euro baino gehiagoko ezohiko zuzkidurak barne. Ekintzen % 90 baino gehiago hainbat eragileren arteko lankidetzan garatu ziren.
  • Enpresa emergenteen % 75ek B2B ikuspegia dute, eta Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Estrategiarekin bat egiten dute; izan ere, EAEko startupen % 70ek RIS3 lehentasun estrategikoetara bideratutako irtenbideak dituzte.
  • Enpleguari dagokionez, azken urteetan sortutako oinarri teknologiko edota berritzaileko enpresek 8.000 langile baino gehiago dituzte, batez beste 8 langile enpresa bakoitzeko, eta 2021ean fakturazio-bolumena 750 milioi eurotik gorakoa izan zen. Biziraupen-tasa ere positiboki nabarmentzen da, % 80tik gorakoa baita.
  • Inbertsioari dagokionez, funts aktiboen kopurua nabarmen hazi da, 130 inbertitzaile aktibo baino gehiago baitaude, publikoak zein pribatuak (arrisku-kapitala, funts korporatiboak, business angel-ak, funts publikoak...). EAEko startup guztien guztizko balioa 1.500 milioi eurokoa dela kalkulatzen da. Inbertsioa, erronda kopurua eta azken urteetan lurraldean eragiketak egin dituzten inbertitzaile pribatu aktiboen kopurua etengabe hazi dira.
  • Inbertsio-erronden kopurua eta erronda horien guztizko zenbatekoa 4 bider handiagoa da 2016tik. Azken 2 urteetan, 198 milioi euro baino gehiago mobilizatu dira 300 inbertsio-errondatan; % 70 eskualdeko/estatuko inbertsio-funtsetatik dator, eta % 30 Europako inbertsio-funtsetatik.
  • Lurralde historikoen arabera bereizitako informazioaren arabera, Arabako startup-kopurua 150 da, Bizkaikoa 505 eta Gipuzkoakoa 320; eta 2022ko gutxi gorabeherako balorazioa, berriz, 104 milioi euro, 1.000 milioi euro eta 313 milioi eurokoa, hurrenez hurren; bestalde, azken 5 urteetan, nabarmen hazi dira 3 lurraldeetako inbertsio-errondak (Araba: 96; Bizkaia: 323; Gipuzkoa: 280).

Era berean, Euskadik nazioartean erreferentzia diren unibertsitate eta eragile zientifiko-teknologiko asko ditu Basque Research and Technology Alliance (BRTA) sarean bilduta. BIC zentroen sareak lankidetza estuan jarduten du haiekin, eta talentu-harrobi garrantzitsu gisa eta oinarri teknologikoko enpresa disruptibo berrien hartzigarri gisa finkatu da.

Azken aldaketako data: