12.- Ekintzailetza Jarduerari Laguntzeko Erakundearteko Plana (EJLEP).
Helburuak
EJLEPen helburu nagusia, egoeraren diagnostikoaren ondorioak aintzat hartuta, Euskadiren lehiakortasunaren hobekuntzari ekarpena egitea da, ekintzailetzako ekimen berriak eta ekintzailetzako barne-ekimen errentagarriak eta jasangarriak sortuta eta finkatuta, erakundearteko eta lankidetza publiko zein pribatuaren baitan.
Helburu estrategikoak:
- Ekintzailetzaren kultura eta balioak bultzatzea gizartearen maila eta bizitzaren etapa guztietan, gure herrialdeak iraganean zuen pentsaera ekintzailea berpizteko.
- Merkatura iristen diren ideien eta ekimen berrien bolumena handitzea, enplegua sortzeko eta jarduera ekonomikoa indartzeko.
- Euskadiko enpresa berrien hazkundea, sendotzea eta transmisioa (beharrezkoa izanez gero) bultzatzea.
- Barne-ekintzailetzaren edo ekintzailetza korporatiboaren aldeko apustu nabarmena egitea, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko gaitasun handia duelako.
- Egun, EAEn ekintzailetza bultzatzen duten erremintak, tresnak eta politikak bateratzea.
Saila
Denborazko konpromisoa
EJLEPek 4 urte (2013 – 2016) iraungo du.
Garatzeko jarduerak eta baliabideak
Jarduketa-esparruak: Planaren helburuekin bat etorriz, lehentasunezko bost jarduketa-eremu identifikatu dira ekintzailetzaren esparruan. Horiek jarraian xehatzen dira:
- Ideia eta ekimen ekintzaile berriak. Ekimen ekintzaile berri bat sortzeko hasierako eta berehalako beharrezko urratsak eta jarraibideak sartzen dira barne.
- Hazkundea, finkapena eta transmisioa. Esparru honetan sortutako ekimenaren bizi-zikloaren etapa guztiak jasotzen dira. Lehen hilabeteetako garapen- edo hazkunde-hasieratik epe ertaineko finkapenera.
- Ekintzailetzaren kultura eta balioak. Espiritu ekintzailearen eta prestakuntzaren sustapen-ekintzak jasotzen ditu, hezkuntza-fase desberdinetan eskaintzen den ekonomiaren, enpresaren eta ekintzailetzaren alderdiei dagokionez.
- Barne-ekintzailetza (edo ekintzailetza korporatiboa). Barne-ekintzailetza ere esaten zaio eta dauden erakundeetatik edo erakundeetan gauzatzen den edozein ekintzailetza-jarduera da.
- Laguntza-ekosistemaren integrazioa (politikak, azpiegiturak eta finantziazioa). Ekintzailetzari laguntzeko ekosistemaren faktore kritikoen antolamendu- eta integrazio-ahaleginak gaineratzen ditu.
Aurrekontua: Planeko aurrekontua X legegintzara (2013-2016) estrapolatuta, guztira, 266 milioi euro inguruko aurrekontua izango da (62 2013an, 65 2014an, 68 2015ean, 71 2016an).
Planeko kudeaketa organoak
EJLEPen kudeaketa eta jarraipena erakunde hauek egiten dute:
- Kontseilu Errektoreak.
- Ekintzailetzarako Erakundearteko Mahaiak (politiko/teknikoa).
- Gaikako lan taldeak.
- Idazkaritza Teknikoak.
Segimendu eta ebaluaziorako formulak
Legebiltzarrean urtero Gauzatzerako Balantze Txosten bat aurkezten da, ekimenek lortutako betetze-mailari dagokionez.