Ekain hizketan
Haitzuloaren sarrerak edo atarteak Paleolitoko giza taldeen okupazioen erregistro bikaina egin du. Besteak beste paleontologoek, antropologoek, historiaurrearen historialariek eta botanikariek direnak eta bi egiten dituzte hezurrak, harriak, ikatzak eta bestelako materialak aztertzeko. Era horretan, lurperatutako hondarrei “hitz eginaraztea” da euren helburua.
Indusketa lanen arabera, duela 42.000 urtetik duela 5.600 urtera bitarte izandako okupazioa etenduna izan zen. Batik bat Homo sapiens giza taldeak izan ziren nagusi, baina arrasto zaharrenaren arabera, Homo neanderthalensis taldea ere igaro zen handik.
Ia bost metroko barrubetean, hamabi sedimentu maila edo geruza daude; horietako batzuek, gainera, gizakia edo animalia han izan dela erakusten duten aztarnak dituzte. Giza taldeen ebidentzia zaharrenek ‒42.000 urtekoak, 33.000 urtekoak eta 24.000 urtekoak gutxi gorabehera‒ oso aldian behingo okupazioak adierazten dituzte. Alde batetik, gizakiak bere kontsumorako eramandako orein, sarrio, ahuntz eta basurde hondarrak ageri dira; eta, bestetik, baita hartzen ezin konta ahala hondar ere. Horrek erakusten du haitzuloa hibernaziorako erabiltzen zutela, eta giza okupazioa ez zela jarraitua izan, etena baizik.
Duela 18.000 urtetik duela 11.000 urtera bitarte, haitzuloa gehiago okupatu zuten. Magdalen aldian, bereziki garai epela eta hezea, nahiz eta izan zuen une hotzik ere, urrunetik ehizatu ahal izateko hezurrez egindako tresnak eta etxean erabiltzeko harrizko gailu ugari, bai eta arroka kristalez egindakoak ere (punta txikiak, karrakagailuak, gubilak, dentikuludunak, etab.) agertu ziren. Nahiz eta talde nomadak izan, arrastoen arabera gizakiak hilabete batzuetan egoten ziren haitzuloan. Oreinak eta ahuntzak dira gehien ehizatzen zituzten animaliak, eta tarteka, beste batzuk ere ageri ziren: zaldia, bisontea eta sarrioa. Arrantza ere egiten zuten; izan ere, izokinaren hondarrak eta arrankazi baten zatiak daude jasota dokumentuetan. Denboran aurrerago, gainera, itsas moluskuen kostaldeko baliabideak ere biltzen zituzten. Eta hegaztien hondar batzuk ere ageri dira, giza kontsumoaren ebidentziak erakusten dituztenak.
Arteari dagokionez, arte higigarriko bi pieza garrantzitsu berreskuratu ziren, haitzuloaren barnealdeko labar bildumaren osagarriak direnak. Hezur zati baten gainean hegazti formako silueta posible bat, duela 14.500 urte ingurukoa; bai eta harri xafla bat ere, ahuntz, orein eta zaldi bana grabatuta dituena, duela 12.500 urte ingurukoa.
Duela gutxi gorabehera 10.500 urte, gizakiak haitzulora sarri joateari utzi zion, eta oso-oso gutxitan egin zuen bertara bisita. Nabarmentzekoa da duela 5.600 urte inguru, nekazaritza, abeltzaintza eta zeramika ezagutu zuten lehen giza taldeek lurperatzeko toki gisa erabili zutela.