Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko abuztuaren 30ekoa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez arautzen baitira 2024-2025 ikasturtean A1 maila ikasten duten ikasleei dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak, eta dagokion deialdia egiten baita.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: HABE; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 177
- Hurrenkera-zk.: 4209
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/08/30
- Argitaratze-data: 2024/09/11
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa
Testu legala
Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzazioa arautu zen.
Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen mugen barruan, beste dirulaguntza mota batzuk, Dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, euskalduntze-prozesuetan murgilduta dauden ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.
Bestalde, XIII. legegintzaldi honetako gobernu-programaren 43. konpromisoaren 1. ekinbidea hau da: «Edozein pertsonari euskara doan ikasteko aukera eskaintzeko prozesuari ekitea, pixkanaka, maila guztietan, A1etik C2ra».
Ildo horretatik, 2024ko Dirulaguntzen Plana onartzen duen eta 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 28ko Aginduak Hizkuntza Politika alorreko helburu estrategikotzat helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du.
Aurreko xedapenak aintzat hartuta, HABEren arau organikoak onartu zituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak (eta berau aldatu duen urriaren 22ko 166/2019 Dekretuak) emandako eskumenez baliatuz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak araututakoari jarraikiz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (eta berau garatu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak) xedatutakoa oinarri izanik, honako hau
Lehenengoa. 2024-2025 ikasturtean A0A0 edo A1A0 abiapuntua duten ikasleei dirulaguntzak emateko oinarriak onartu eta deialdia egitea.
Bigarrena. Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, haren aurka, interesdunek gora jotze errekurtsoa jar diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Donostia, 2024ko abuztuaren 30a.
HABEko zuzendaria,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.
OINARRIAK
Lehenengo oinarria. Xedea eta baliabide ekonomikoak.
Ebazpen honen xedea da 2024-2025 ikasturtean A0A0 edo A1A0 abiapuntua duten ikasleei dirulaguntzak emateko baldintzak eta esleipen prozedura onartzea.
Dirulaguntza hauen xedea da A0A0 edo A1A0 abiapuntua duten ikasleei laguntza eskaintzea ikastaroen matrikula-prezioan.
Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2024-2025 ikasturtean 1.700.000 euroko kopurua jarriko da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura. Honela banatuko da kopuru hori:
2024an hasiko diren ikastaroetan matrikulatzen direnentzat 610.000 euro.
2025ean hasiko diren ikastaroetan matrikulatzen direnentzat 1.090.000 euro.
HABEk dirulaguntza honen bitartez ikasle bakoitzari ikastaro bakarra ordainduko dio eta ikasleek muga batzuk izango dituzte:
Euskaltegi pribatuetan aurrez aurreko eta jardun biko taldeetan ari diren ikasleek 330 orduko ordu-muga izango dute.
Udal euskaltegi publikoetan aurrez aurreko eta jardun biko taldeetan ari diren ikasleek 330 orduko muga izango dute eta udal bakoitzak argitaratutako prezio publikoa jasoko du ikasle bakoitzak.
Autoikaskuntzako ikasleek jasoko duten dirulaguntzak ez du 750 euroko muga gaindituko, ezta 190 orduko ordu-muga ere.
Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, oinarri honen 3. atalean ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da % 80ra arte. Adierazitako aldaketa HABEko zuzendariaren ebazpen baten bidez onartu eta EHAAn argitaratu beharko da.
Eskaerak segidako lehiaketaren araubidea erabiliz emango dira. Funtsak mugatuak izanik, agortuko balira une horretan bertan amaituko litzateke eskaerak egiteko epea, EHAAko iragarki baten bidez jakinaraziko dena eskaera berriak bertan behera uzteko.
Bigarren oinarria. Onuradun izateko baldintzak.
Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:
Matrikulatu izana, A1 mailako ikastaro batean A0A0 edo A1A0 abiapuntu mailarekin: HABEko erregistroan inskribatutako euskaltegi batean edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean aurrez aurreko ikastaroren batean edota autoikaskuntza ala jardun biko ikastereduko ikastaroren batean matrikulatu izana, 2024-2025 ikasturtean eta aldez aurretik A1 mailako ikasleei bideratutako dirulaguntza-lerroan parte hartu ez izana.
Matrikularen ordainketa: aukeratutako ikastaroko matrikula egitean 0,60 euro orduko ordainduko ditu ikasleak euskaltegian edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuan, matrikularen ordainketa partzial gisa, eta euskaltegiak edo zentroak matrikularen prezioan dagokion dirulaguntza aplikatuko dio eskari-egileari, onuradun baldin bada.
Ikastaro moduluak: ikasleak matrikula egiteko hautatzen duen ikastaroak nahitaez bete beharko ditu HABEko zuzendariak 2022ko abuztuaren 31n onartu zituen Ebazpenetako I. eranskinetan ezarritako moduluen baldintzak, baita 2023ko abuztuaren 31ko Ebazpeneko I. eranskinetakoak eta 2023ko azaroaren 17koa ere, bai euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek antolatutako ikastaroetan bai udalen edo udal erakundeen mendeko euskaltegiek antolatutako ikastaroetan. 2024-2025 ikasturterako HABEko zuzendariak onartzen dituen ebazpenetan aldaketarik badago ikastaroen moduluetan, aldaketa horiek aintzat izango dira, ikastaroak antolatzerakoan.
Ikastaroan, gutxienez, HEOCaren A1eko komunikagaitasun-mailako trebetasunetako batean azpimaila bat aurrera egitea. Trebetasunen bat aurreratu izana euskaltegiko zuzendariaren adierazpen baten bidez jasoko da.
Aipatutako aurrerapena lortu ezean eta ikastaroan emandako orduen % 75etara joan ezean, ehuneko horretara heltzeko bete gabeko zatiari dagokion matrikularen diru kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri «dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean. Asistentzia hori bete den neurtzeko, izena eman dutenetik ikastaroa amaitu arteko ordu guztiak hartuko dira kontuan, baldin eta ikastaroan jarraitzea ezinezkoa egiten duen egoeraren bat (lan berri batekin bateraezintasuna, osasun arrazoiak...) ez badago. Horrelakoetan baja izan arteko orduak hartuko dira aintzat asistentzia kalkuluak egiteko.
Administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ez izana, sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edota emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, betiere, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza-dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak).
Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatikoak barne direlarik, betiere, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza-dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina).
Dirulaguntza Lege Orokorraren 13.2 artikuluak aurreikusitako egoeretan ez egotea. Bereziki, zerga zein gizarte segurantza arloko betebeharrak egunean eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea. Horretarako, ikasleak eskari-formularioaren baitan erantzukizunpeko adierazpena egingo du, adieraziz egunean dituela zerga zein gizarte segurantza betebeharrak eta konpromisoa hartzen duela betebehar horiek betetzen jarraitzeko diruz lagundutako ikastaroaren iraupena bukatu arte. Betiere, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 8. artikuluaren gerizpean.
Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira Administrazio Publikoak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.
Hirugarren oinarria. Dirulaguntzaren eskariak (I. eranskina) aurkeztea.
Eskari-egileak eskabide-formularioa (I. eranskina) bete beharko du erakunde laguntzaile gisa hautatzen duen euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentro homologatuan. Formulario hori betetzen lagunduko diote euskaltegietako langileek. Eskabide-formulario horretan honakoak jasoko dira:
Eskari-egilearen datuak eta NANa. Eskari-egilea adin txikikoa bada, aitak, amak edo tutoreak sinatu behar du.
Matrikularen prezioa edo zenbateko osoa (ikasleak ordaindu behar duen diru kopurua kendu gabe).
Eskari-egilearen izenpea edo sinadura (eskuzkoa edo elektronikoa).
Eskari-formularioa euskaltegietan eskuratu ahalko du ikasleak zuzenean edo modu elektronikoan.
Eskari-formularioarekin batera honako agiri hau aurkeztu behar du eskari-egileak: ikasleak ordaindu beharko duen ikastaroaren matrikula-zatiari dagokion ordainagiria. Matrikularen ordainketa ikastetxearen bitartez ala euskaltegiak edo autoikaskuntza zentro homologatuak egindako banku-kargua dela medio gauzatzen den kasuetan, legezko froga balioa duten bestelako dokumentu kontableak aurkeztu eta txertatu beharko dituzte erakunde horiek HABEren Q87 izeneko sistema informatikoan.
Ikaslea matrikulatzen den unean, euskaltegiak ziurtatu beharko du, HABEk eskainitako datu basea erabiliz, ikasle horrek ez duela aldez aurretik dirulaguntza-lerro honetan laguntza eskuratu.
Dirulaguntza eskari-formularioa eta arestian aipatutako agiria matrikulatuko den euskaltegian edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuan aurkeztuko ditu eskari-egileak.
Laugarren oinarria. Dirulaguntza eskaria aurkezteko epea.
Eskari-egileak egin nahi duen ikastaroan matrikula egiten duenean aurkeztu beharko du dirulaguntza eskaria.
Bosgarren oinarria. Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.
Eskari-egileak aurkeztutako eskari-formularioan okerren bat badago edo agiriren bat ekarri ez badu hala jakinaraziko zaio eskari-egileari, eta 10 eguneko epea emango dio okerrak zuzen ditzan. Akatsak zuzendu ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da eta horrelaxe jasoko da bederatzigarren oinarrian aipatutako ebazpenean.
Seigarren oinarria. Dirulaguntzen organo kudeatzailea.
Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitateari eta Ikuskatzailetzari dagokie deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.
Zazpigarren oinarria. Erakunde laguntzaileak.
HABEko euskaltegien erregistroan inskribatuta dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntza zentro homologatuak izenda daitezke erakunde laguntzaile, aldez aurretik, horretarako eskaria eginez gero (II. eranskina) eta hitzarmena (III. eranskina) izenpetuz gero, eta betiere, zerga zein gizarte segurantza betebeharrak egunean edukiz gero.
Deialdi honen babesean erakunde laguntzaileek eskainiko dituzten ikastaroek ondoren zehaztutako matrikula-prezioak izan ditzakete:
Berariaz deialdi honetako xedearekin antolatutako ikastaroetan (ikastetxeetan, gela lekualdatuetan, euskaltegietan), taldeen matrikula prezioa (talde orduko) honakoa izango da:
Udal euskaltegi publikoen kasuan, Udal bakoitzak argitaratutako prezio publikoa (ikasle-orduko).
Euskaltegi pribatuen aurrez aurreko ikastereduan matrikula prezioa 22,57 euro talde/orduko aplikatuz ateratzen dena izango da.
Euskaltegietan edo gela desplazatuetan deialdiko xedearekin bat datozen taldeetan sartu ez, eta goragoko maila bateko ohiko ikastaroetako taldeetan barneratzen diren A0A0 eta A1A0 ikasleen kasuan, ikasle horiek ordainduko duten matrikula gehienez izango da talde horretan gainontzeko ikasleek ordaintzen duten berdina, eta diruz lagunduko den gehienezko ordu kopurua 330 ordu izango da.
Autoikaskuntza ikastereduan ikasten duten ikasleek ordainduko duten matrikula gehienez izango da ikasteredu honetako gainontzeko ikasleek ordaintzen duten berdina.
Udal euskaltegi publikoen kasuan, Udal bakoitzak argitaratutako prezio publikoa (ikasle-orduko).
Euskaltegi pribatuen autoikaskuntza ikastereduan eta autoikaskuntza zentro homologatuen kasuan, ikasle horiek ordainduko duten matrikula gehienez izango da gainontzeko ikasleek ordaintzen duten berdina.
Autoikaskuntzako ikasleek gehienez 750 euroko dirulaguntza jasoko dute.
Erakunde laguntzaileek lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharko dute HABErekin non arautuko baitira erakunde laguntzaileek bere gain harturiko baldintza eta betekizunak. Horretarako, deialdi honetako II. eta III. eranskinak beteta aurkeztuko dituzte, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko erregistro bidez.
Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta matrikulatu diren euskara-ikasleen dirulaguntza-eskaerak kudeatu eta izapidetuko dituzte erakunde laguntzaileek. Deialdi honen hirugarren oinarriko dokumentazioa jaso eta baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan, dagokion dirulaguntza aplikatuko dute matrikulan. Dirulaguntza-eskabidearen formulario-inprimakia (I. eranskina) eskatzaileak sinatu beharko du eta adin txikikoa izanez gero, baita tutoreak ere, eskuz ala elektronikoki. Ondoren, jasotako eskabide-formularioak, NAN agiriak eta ordain-agiriak (edo honen ordez, legezko froga balioa duten beste dokumentu kontableak) HABEri igorriko dizkiote erakunde laguntzaileek Q87 aplikazio edo programa informatikoaren bidez, ondoren ezarritako epeetan:
2024ko azaroaren 15a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena abenduaren 20a baino lehen gauzatu ahal izateko).
2025eko apirilaren 11 (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena maiatzaren 23a baino lehen gauzatu ahal izateko).
2025eko irailaren 10a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena urriaren 17a baino lehen gauzatu ahal izateko).
Halaber, aipatutako data horietarako (2024ko azaroaren 15a, eta 2025eko apirilaren 11 eta irailaren 10a) euskaltegi bakoitzak, arduradunak sinatuta, epe horretan dirulaguntza eskatu duten ikasleen zerrenda bidaliko dio HABEri. Zerrenda horretan ondoko hauek agertuko dira: ikaslearen izen-abizenak, NANa, ikastaroaren truke ikasleak ordaindu beharko lukeena (udal euskaltegietan, udalak onartutako prezio publikoen arabera), ikasleak ordaindu duen kopurua, eta ikasleak HABEtik jaso beharko lukeen dirulaguntza.
Horrez gain, euskaltegiko zuzendariak zerrenda bat osatuko du. Bertan trebetasunen batean aurrerapena lortu duten ikasleak azalduko dira. Horretarako bi epe izango dira:
2025eko uztailaren 15erako 2024ko urritik 2025eko ekainera arte aritutako ikasleen zerrenda.
2025eko urriaren 15erako 2025eko uztailetik irailera arte aritutako ikasleen zerrenda.
Ez da onartuko epe horiek igaro ondoren bidaltzen den aurretiazko matrikularik. Halakoetan, euskaltegiaren edota euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuaren kargu izango da matrikula horri dagokion dirulaguntza, eta ezingo zaio kostu hori ikasleari jasanarazi.
HABEk ofizioz egiaztatuko du erakunde laguntzaileek zerga eta gizarte segurantza arloetako betebeharrak egunean dituela, elkarreraginkortasun sistemak baliatuz. Horretarako HABEk biderik izan ezean, erakunde laguntzaileak berariaz aurkeztu beharko ditu ziurtagiri horiek.
Dirulaguntzen kudeaketan laguntzeagatik sortutako gastuengatik, erakunde laguntzaileek konpentsazio bat jasoko dute, matrikula bakoitzeko 3 euroko zenbatekoan. Konpentsazio ekonomiko hau ikasleen dirulaguntzen ebazpenean jasoko da.
Zortzigarren oinarria. Ikastaroen dirulaguntza.
Euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak ezarria duen matrikula-prezio osoari 2. oinarriaren 1.b) atalean ezarritako 0,60 euro orduko diru kopurua kenduko zaio (ikaslearen aurretiazko ekarpena), kontuan hartuta matrikula-prezioak 7.2 oinarrian aurreikusitako mugen barruan ezarri behar direla. Ikasleak matrikulatzeko unean ikastaro bera egiteagatik beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, HABEren dirulaguntza gutxitu egingo da kopuru berean.
Barnetegiek antolatutako ikastaroen prezioan pentsio-gastuak sartuko dira.
Bederatzigarren oinarria. Ikasleen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena.
Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEko zuzendariak euskara ikasleen dirulaguntza-eskariak ebatziko ditu eskabide-formularioan zehaztutako zenbatekoari jarraikiz (3. oinarriaren 1. puntua), zazpigarren oinarriaren 2. puntuan jasotako prezio mugen baitan dauden matrikula-prezioak oinarritzat hartuz eta, erakunde laguntzaileek onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.
Ebazpenak epe hauetan emango ditu HABEko zuzendariak:
2024. urtean abiatutako ikastaroetan matrikulatu diren ikasleen dirulaguntza-eskariak ebatziko dira 2024ko abenduaren 20a baino lehen. Horretarako, zazpigarren oinarriaren 4. atalean ezarritako epeetarako igo beharko dituzte erakunde laguntzaileek antolatutako ikastaroen eta matrikulatutako ikasleen datuak HABEren Q87 sistema informatikoan eta azken oinarri horretan aipatutako ikasleen zerrenda.
2024. urtean hasitako ikastaroetan beranduago matrikulatu diren ikasle berrien dirulaguntza-eskariak eta 2025. urtean zehar abiatu diren ikastaroetan matrikulatu diren ikasleen dirulaguntza-eskariak 2025. urtean ebatziko dira, zazpigarren oinarriaren 4. atalean adierazitako egunetan (hau da, maiatzaren 23an eta urriaren 17a). Horretarako, laugarren oinarrian ezarritako epeetarako igo beharko dituzte erakunde laguntzaileek antolatutako ikastaroen eta matrikulatutako ikasleen datuak HABEren sistema informatikoan (Q87) eta azken oinarri horretan aipatutako ikasleen zerrenda.
Ebazpen hauek interesdunei jakinaraziko zaizkie Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) eta Q87ko aplikazioan ikasle bakoitzaren esparruan argitara emanez. Emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, HABEren web orrialdean argitaratuko da (www.habe.euskadi.eus).
Dirulaguntzaren esleipen ebazpenean eskari-egileari eman zaion dirulaguntza-kopurua zehaztu behar da eta arrazoituta adierazi behar da gainerako eskaerak ezetsi direla, hala gertatu izanez gero.
Era berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatutako ebazpenak HABEren web-orrian argitaratuko dira Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitara ematen diren egun berean.
Eskabideen gainean emandako ebazpenek ez dute bide administratiboa agortzen eta interesdunek horien kontra gora jotze errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan jasotakoaren arabera.
Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.
Hamargarren oinarria. Matrikula-dirulaguntzaren kudeaketa ekonomikoa.
Ikasleak egindako matrikula bakoitzagatik ikastaroa eman duen erakunde laguntzaileak jasoko du zuzenean HABEtik matrikula-prezioaren dirulaguntzari dagokion zatia.
2024-2025 ikasturtearen hasieran jasotako ikasleen dirulaguntza eskarien zenbatekoaren kopurua, aurrekontu-partidan adierazitako diru zuzkidura baino gehiago balitz, 2025 urteari dagokion aurrekontuko gastu-partidaren kargu ordainduko lirateke.
Ordainketa ikasleek HABE edo Eusko Jaurlaritzarekin egiteke dituzten prozedura betearazleen ondorioz konpentsatzen bada, HABEk egoera horren berri emango dio eragindako euskaltegiari eta konpentsatutako kopurua ikasleari ordaindu beharreko guztizko kopurutik kenduko da eta ikasleak euskaltegiari ordaindu beharko dio.
Laguntza-eskaria aurkezteak euskaltegiari egoera horren berri ematea onartzea dakar.
Hiru alditan jasoko dituzte euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuek HABEtik ikasleen matrikula-prezioaren dirulaguntzari dagokion zatiaren zenbatekoak, 7.4 oinarrian zehaztutako epeetan, betiere 9. oinarrian adierazitako dirulaguntza esleitzeko ebazpenak eman eta jarraian.
Hamaikagarren oinarria. Bateragarritasuna.
Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, HABEko zuzendariaren 2024ko apirilaren 18ko Ebazpenaren bidez egindako deialdiaren babesean aitor daitezkeenak barne, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.
HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, baldin eta deialdi honen xede den gaiari atxikitzen bazaio.
Dirulaguntza-deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar ikasle den eskari-egileak berariaz ontzat eman dituela oinarri hauek, eta baimena ematen diola batetik, HABEri, gainfinantzaketa hori egon den ziurtatzeko beharrezko diren informazioa eska diezaien gainerako administrazio publikoei, eta bestetik, azken hauei, informazioa HABEri emateko ere.
Hamabigarren oinarria. Onuradunaren betebeharrak.
Onuradunek, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren14. eta 46. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotakoak bete beharko dituzte.
Eta zehazki, ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte honako betebehar hauek:
Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeen menpe eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egon beharko du, deialdi honen bitartez eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.
Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.
Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin bada, horren berri eman beharko dio HABEri.
Horretaz gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak ezarritako betebeharrak eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako betebeharrak ere izango ditu.
Hamahirugarren oinarria. Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.
Deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzez gain eta berauek ebatzi ondoren, kanpoko beste dirulaguntzak eskuratzeak horren berri HABEri ematea erakarriko du, baita erakunde honek aurretiaz emandako dirulaguntzaren aldaketa egitea ere, betiere deialdi honen 8. oinarrian aurreikusitako gainfinantzaketa ekiditeko besteko proportzioan, edo onuradun izateko baldintzak mantendu ez diren proportzioan.
Hamalaugarren oinarria. Datuen tratamendua.
Deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak araututakoaren arabera tratatuko dira, «Ikasleen dirulaguntzen kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueretan, ondoren zehazten den helbururako:
Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.
HABEko zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.
Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko.
Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Halaber, onuradunek bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezakete helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)