Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ebaluazio-prozesua

bikainaplikazioa

Zure erakundeak euskararen erabilera areagotzeko dinamikan badihardu, ebaluazioaren bidez kanpoko adituen ekarpen kualifikatuak jasotzeko aukera ematen dizu, horrela zure entitatearen indarguneak sendotu ahal izango dituzu, zer hobetuak antzeman, eta aurrera egiteko laguntza jaso.

Gainera, euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren aldeko dinamika sortuko du zure erakundean, horrela etengabeko hobekuntza sustatuz.

Azkenik, diplomaren bidez orain arte egin duzuen lanaren eta ahaleginaren aitortza jasoko duzue.

Ebaluazioa jasoko duten erakundeek bete beharreko nahitaezko baldintzak:ebaluazioa

  1. Erakundeko plantillako pertsona bat solaskide izendatuko dute, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzarekiko nahiz ebaluatzaileekiko harremana bidera dezan prozesu osoan.
  2. Aurkezpen-dokumentua ebaluatzaileek eskuratuko dieten ereduaren arabera osatuko dute. Agiri horren bitartez, erakundearen hizkuntza-egoera objektiboaren berri jasoko da, ebaluazio-prozesuarekin hasi aurretik.
  3. Zerbitzu honek iraun bitartean ebaluatzaileen esku jarriko dituzte eskatzen zaien infor­mazioa nahiz baliabideak, ebaluazio-prozesua egoki burutu dadin. Baldintza horiek betetzen ez badira, kanpo ebaluazio-prozesua eten ahal izango da.

 Ebaluatzaileek zehaztuko dute ebaluatzeko onartuak diren era­kundeekin erabiliko diren komunikazio- eta koordinazio-euskarriak.

Entitate interesdunek bide elektronikoa erabili beharko dute prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko. Halaber, eskatzaileei egin beharreko jakinarazpen, komunikazio eta eskabidearen ondoko bestelako izapideak bitarteko berberak erabiliz egingo dira.

Pertsona fisikoek ere bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskaerak.

Eskabidea modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak ondoko helbidean daude eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1230303

Kontuan izan eskaera bakarra dagoela, baina BIKAIN ziurtagiria eskuratzeko hiru prozedura ezberdin daudela. Eskatzaileak eskaeran bertan markatu beharko du zein ebaluazio-prozesutara aurkeztu nahi duen.

Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko http://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunearen bitartez egin beharko dira.

Behin eskaera onartu eta gero, entitateek Bikain aplikazioa erabili beharko dute ebaluazio-prozesuari dagozkion lanak egiteko.

 

Kanpoko ebaluatzaile batek zure erakundea ebaluatuko du, indarguneak eta zer-hobetuak identifikatuz. Ebaluazioa ez da prozesuaren bukaera; bertatik jasotako informazioak euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan aurrera egiten lagun diezazuke.

Hizkuntza-kudeaketaren kalitatea ebaluatzeko eta egiaztatzeko sistemak oinarrian duen osagaia Erreferentzia Marko Estandarra (EME) da. EME lanerako markoa da, ez-arauemailea. Grafikoki, laguntza-koadro bat da erakundean hizkuntzaren presentzia eta erabilera (zerbitzuari eta lan-hizkuntzari dagokienez) zertan gauzatu ohi den adierazten duena modu eskematiko eta ordenatuan, baita erabilera-presentzia horien azpian dauden barne-mekanismoak eta kudeaketa ere. Harrobi aitortza-diplomaren oinarrian EME dago, baina ebaluazio-prozesu sinplifikatua denez, lehen mailako 6 elementuak erabiliko dira kontrasterako.

Erreferentzia Marko Estandarrak bi ardatz ditu:

1) Zerbitzu-hizkuntza: erakundeak irudian eta komunikazioan erabiltzen duena, eta lanpostuari dagozkion zereginak betetzerakoan herritarrekin ahoz, idatziz nahiz euskarri informatikoetan erabiltzen duena.

2) Lan-hizkuntza: erakunde bateko langileak lan jarduketan erabiltzen duen hizkuntza; hau da, erakundeko zereginak eta jarduerak egiteko ahoz, idatziz nahiz euskarri informatikoan erabiltzen duena: pertsonen kudeaketan, sistemen kudeaketan, komunikazio horizontal eta bertikalean, lan-prestakuntzan eta abar.

Bi ardatz horietan erakunde bateko hizkuntza baten erabileraren, presentziaren eta kudeaketaren berri ematen duten osagaiak modu ordenatuan eta integratuan jasotzen dira. Ardatz bakoitza elementu eta azpi elementuetan hedatzen da, orokorrenetik zehatzenera, erakundeei buruzko ikuspegi xeheagoa eman eta zer ebaluatu errazteko.

ikusi EME osoa (PDF, 321 KB)

Ebaluazio-prozesuaren fase nagusiak honako hauek izango dira:

  • Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eskaerak aztertuko ditu eta ebazpen bidez jakinaraziko die erakundeei onartuak izan diren ala ez.
  • Onartutako erakundeek aurkezpen-dokumentua egin eta Bikain aplikaziora igoko dute.
  • Ebaluatzaileak kontrastea egiteko eguna hitzartuko du erakundearekin.
  • Kontraste bilera egingo da.
  • Ebaluatzaileak ebaluazio-txostena idatziko du eta erakundeak Bikain aplikazioaren bidez jasoko du.
  • Ebaluazio-prozesuak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten erakundeek Harrobi diploma jasoko dute aplikazioaren bidez, eta iragarkia argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
  • Harrobi diploma eskuratu duten erakundeei aitortza publikoa egingo zaie Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako ekitaldi publikoan.

Harrobi aitortza-diploma lortzeko, gutxieneko baldintza hauek bete beharko ditu erakundeak:

Zerbitzu-hizkuntzari dagozkion ondorengo bi elementuetako baldintzak bete beharko ditu: 

 1. Erakundearen irudian:  ingurune digitalean, errotuluetan, publizitatean, jendaurreko ekitaldietan eta erakundearen irudia osatzen dutenetan euskararen erabilera gutxienez % 25ekoa izatea.
 2. Herritarrekin harremanak: harrera egiteko eta idatzizko eta ahozko harremanetarako euskararen erabilera bultzatzeko irizpideak izatea, eta elementu hauetan gutxienez % 25ean euskaraz ere eskaintzea.


Lan-hizkuntzari dagozkion ondorengo elementuetan jasotako baldintzetatik bat bete behar du, gutxienez:

 3. Barne komunikazioan eta lan-tresnak: lanari lotutako hizkuntza paisaian, langileen arteko ahozko eta idatzizko harremanetan, lan-tresna eta aplikazioetan euskara erabiltzeko pausoak ematea.
4. Pertsonen kudeaketa:  gehien erabiltzen diren dokumentu eta komunikazioetako batzuetan euskara ere erabiltzea.
5. Kanpo harremanetan irizpide batzuk izatea administrazioekin eta enpresa pribatuekin (bezero zein hornitzaileekin) euskara erabiltzeko, ahoz eta idatziz, eta harreman hauetan euskara erabiltzea % 15ean, gutxienez.
6. Kudeaketa-sistema:  erakundeak euskarari lotutako helburuak izatea, irizpideak zehaztuta, ardurak banatuta eta baliabideak aurreikusita. Langileen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko ekintzak izatea.

Prozesuan zehar, erakundeak aipatutako gutxienekoak betetzen dituen egiaztatuko dute ebaluatzaileek, eta hala bada, Harrobi diploma eskuratuko du.