Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Euskal Autonomia Erkidegoko elikakatea eta zuraren katea digitalizatzeko laguntzak 2024

[Elikakatea eta zuraren katea digitalizazioa]

Deskribapena


Xedea

Euskal Autonomia Erkidegoko elikakatearen eta zuraren katearen industrian digitalizazioa txertatzeko eta sustatzeko laguntzen deialdia egitea, lehiakortasuna hobetze aldera.

Laguntza hauek hiru helburu dituzte: batetik, enpresei laguntzea digitalizazio-prozesua hasten, sistema digitalak txerta ditzaten; bestetik, digitalizazio-fase aurreratuan dauden enpresei laguntzea, 4.0 teknologia txerta dezaten; Euskal Autonomia Erkidegoko elikakatean eta zuraren katean eragina duten digitalizazio-proiektu estrategikoak sustatzea; eta, azkenik, digitalizazio-teknologia berriak zabaltzea aziendaren kudeaketan.

Honako laguntza hauek emango dira, agindu honen 1. oinarriko xedea lortzeko:

3.a.– Enpresei digitalizatzen hasten laguntzeko laguntzak. Aurrerapauso bat egin eta sistema digitalak txertatu nahi dituzten enpresak dira. Zerbitzuak finantzatzeko aukera izango dute, hala nola digitalizazio integraleko planak edo enpresaren jarduera-eremu guztietarako –esate baterako, elikakateari lotutako produktuak kudeaketarako, ekoizpenerako edo merkaturatzeko– tresna digitalak txertatzea. Diruz lagundu ahalko dira, besteak beste, honako jarduera hauekin lotutako jarduketak:

– Diagnostikoak garatzea, soluzio digitalak ezartzeko.

– Enpresan kudeaketa aurreratuko sistemak ezartzea, hala nola ERP (Enterprise Resource Planning edo enpresa-baliabideak planifikatzeko sistemak), Business Intelligence edo negozio-inteligentzia, SMC, etengabeko hobekuntzako zerbitzua, mantentze prebentiboa, hornidura-katearen kudeaketa logistikoa edo beste batzuk.

– Produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa CAM (ordenagailuz lagundutako fabrikazioa), EAE (ordenagailuz lagundutako ingeniaritza), PDM (produktuaren datuen kudeaketa), DMF (manufaktura digitala) bezalako aplikazioak ezartzea.

– Merkataritza elektronikoa ezartzea: erosketa elektronikoak, salmenta elektronikoak, B2B (business to business) proiektuak, B2C (business-to-consumer) proiektuak eta abar.

– Telelana txertatzeko edo hobetzeko sistemak sustatzea, duten izaeragatik EAEko elikakatearen eta zuraren katearen sektoreak berezkoa duen aldiberekotasunik –ez fisikorik ez denborazkorik– gabe egiteko aukera ematen duten zereginak gauzatzean.

– Eskuratutako tresnak abian jartzeko beharrezkoak diren prestakuntza-jarduketak programatzea eta eskaintzea.

3.b.– Digitalizazio-fase aurreratuan dauden eta Elikaduraren eta Zuraren Balio Kateari lotutako produktuen elaborazioan 4.0 teknologia txertatzea bilatzen duten enpresentzako laguntzak. Diruz lagundu ahal izango dira, besteak beste, jarduera hauek:

– Enpresen digitalizazio-egoeraren diagnostikoa, askotariko 4.0 teknologien ezarpen-maila baloratzeko.

– Mota hauetako azpiegiturak garatzea:

• Plataforma txertatuak, biltegiratzeko, kontrolerako, alertak sortzeko, negozio-analitikako eta txostenak sortzeko oinarrizko funtzionalitateekin.

• Datuak, kudeaketa-sistema korporatiboak eta enpresarako edo balio-katerako garrantzitsuak diren kanpo-datuak biltegiratzeko plataforma digitalekin osatzea.

• Makina eta sistema industrial guztiak plataforma digitaletan txertatuz amaitzea.

• Prozesu industrial guztietan zibersegurtasun-soluzio oso bat ezartzea: segurtasun-soluzioak gaitzea, gorabeherak eta arrotzak antzemateko eta horiei denbora errealean erantzuteko.

– Digitalizazioa ekoizpen-prozesuan eta produktuen kontrolean:

• Ikuskapen-sistemak eta sentsorika aurreratua eratzea.

• Soluzio automatizatuak eta sistema robotikoak planifikatzea eta diseinatzea.

• Prozesuko datu garrantzitsuak lortu eta txertatzea historikoen ekoizpena eta sorkuntza kudeatzeko plataforman.

• Prozesuak optimizatzea, datuak tratatzeko teknikak aplikatuz (machine learning deritzona, etab.).

• Prozesuen eta produktuen datuak digitalizatzea eta plataforman edo hodeian ostatatzea.

• Erabiltzailearen interfazea (HMI, Human Machine Interface) hobetzeko plan bat egitea eta abian jartzea, soluzio digitalen bidez (adib.: sentsoreak, tableta, etab.), langileen gaitasunak, prestakuntza (adib.: langile berriak), osasuna eta laneko segurtasuna hobetzeko, besteak beste.

– Elikakatearen, zuraren katearen eta horien industriaren negozio-datuak analizatzea:

• Datuak analizatzeko ereduak garatzea ikaste automatikoko tekniken eta abarren bidez.

• Ekoizpen-prozesua optimizatzeko eta produktuaren kalitatea, segurtasuna eta osotasuna ziurtatzeko aurreikuspen- eta agindu-ereduak garatzea: bai enpresaren barruko prozesuaren mailan (adib.: prozesuaren efizientzia hobetzea), bai balio-katearen mailan (prozesuen artean).

• Enpresatik edo balio-katetik kanpoko datuak txertatzea, merkatuari, bezeroari, sare sozialei, klimari, inguruneari eta abarri buruzko datuak barne.

– Katearen ekosistema / konektagarritasuna / negozio-adimena:

• Ekosistemako eragile guztiekin datuak partekatzeko eta ondoriozko IPR (jabetza intelektuala eta industriala) kudeatzeko plana definitzea.

• Merkatuaren eta kontsumitzaileen eskariaren zaintza eta prospektiba, denbora errealean.

• Hornitzaileekin, bezeroekin eta azken erabiltzaileekin –adibidez, kontsumitzaileekin– lehen harreman digitalak garatzea (esaterako, eskariaren araberako eskaeren automatizazioa...).

• Kudeaketa indibidualizatu eta proaktiboa duen eta bezero edo azken erabiltzailearengana (adibidez, kontsumitzailea) bideratutako arreta-sistema bat ezartzea.

• Katearen gainerako mailekin, hornitzaile nagusien, bezeroen eta kateko beste eragile batzuen informazio-sistemekin osatzea.

• Informazio partekatuaren trazabilitaterako, kalitate-kontrolerako eta subiranotasunerako sistema bat ezartzea.

• Negozio-eredu berriak sortzea, datu adimendunen kudeaketan eta tratamenduan funtsatuta.

• Elkarlaneko berrikuntzara, gardentasunera, komunikaziora eta abarretara bideratutako Open Data plataformak garatzea.

– Eskuratutako tresnak abian jartzeko beharrezkoak diren prestakuntza-jarduketak.

Euskal Autonomia Erkidegoko elikakatean eta zuraren katean eragina duten eta digitalizazio-fase aurreratuan dauden enpresen proiektuak bakarrik kalifikatu ahal izango dira digitalizazio-proiektu estrategiko gisa.

3c.– Abeltzaintza-ustiategientzako laguntzak, behi-, ardi-, ahuntz- eta zaldi-aziendaren geolokalizazioko lepokoak eta itxitura digitaleko eskuratzeko.

Lepokoek, gutxienez, honako espezifikazio hauek izan beharko dituzte:

– Animaliaren posizionamendua kontrolatzea denbora errealean – aplikazio mugikor eta/edo web bidezko bistaratzea.

– Hesi birtualak sortzeko eta aziendaren baztertze-eremuak zehazteko aukera, aplikazio mugikor eta/edo web bidez.

– Ekipoek animaliekin fisikoki elkarreragiteko aukera izan behar dute, animaliek aplikazio mugikorraren edo webgunearen bidez zehaztutako hesi birtualak errespeta ditzaten.

– Bateriak kudeatzeko sistema bat, autosufizientzia eta etorkizuneko birjarpena bermatzeko.

Aurrekontuko zuzkidura

2.500.000 €

Prestazio ekonomikoa

2024 eta 2025. ekitaldietarako, 2.500.000 euro bideratuko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen Aurrekontu Orokorren kargura. Zenbateko horretatik, 500.000 euro 2024. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2.000.000 euro 2025. urteko konpromiso-kredituari. Honela geratuko dira banatuta, lerroka eta ekitaldika:

a) 450.000 euro erabiliko dira digitalizazioan hasten diren enpresen proiektuetarako. 150.000 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 300.000 euro 2025erako konpromiso-kredituari.

b) 900.000 euro erabiliko dira digitalizazio-fase aurreratuan dauden eta 4.0 teknologia txertatu nahi duten enpresen proiektuetarako. 200.000 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 700.000 euro 2025erako konpromiso-kredituari.

c) 1.150.000 euro, abeltzaintzako ustiategien titularrek lepokoak erosteko; horietatik 150.000 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.000.000 euro 2025erako konpromiso-kredituari.

Nori dago zuzenduta


elikakatea eta zuraren katea digitalizatzeko laguntzen onuradunak

Lehenengo bi laguntza lerroetan adierazitako proiektuetarako, onuradunak EAEko elikaduraren eta zuraren kateko hauetako edozein izan daitezke: Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Honela sailkatuko dira:

a) Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere; honela sailkatuko dira:

1) Enpresa txiki eta ertaina (ETE):

• Mikroenpresa: 10 pertsona baino gutxiago okupatzen dituena eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 2 milioi eurotik beherakoa duena.

• Enpresa txikia: 50 pertsona baino gutxiago okupatzen dituena eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 10 milioi eurotik beherakoa duena.

• Enpresa ertaina: gutxienez 50 pertsona okupatzen dituena, baina gehienez 250 pertsona baino gutxiago, eta urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez duena edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez duena.

2) Enpresa handia: enpresa txiki eta ertainen definizioan jasotzen ez diren enpresak.

b) Elkarteak

c) Enpresa-taldeak

d) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten enpresa guztiak izango dira onuradunak, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarte horiek beren beregi adierazi beharko dituzte eskabidean elkarteko kide bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak, bai eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, taldeko ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahikoarekin, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile gisa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean. Elkartea ezin izango da desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan eta 32.m) artikuluan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

Laguntza hauetan adierazitako proiektuetarako, onuradunek alta emanda egon beharko dute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, Ekonomia Jardueren Kode Nazionalaren (EJKN) epigrafe hauetan.

3. oinarriko 3.c lerroan adierazitako proiektuetarako laguntzak jasotzeko, onuradunek behi-, ardi-, ahuntz- eta zaldi-azienden ustiategien titularrak izan beharko dute, eta ustiategi horiek, lehenik eta behin, beren ustiategia Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean inskribatuta egon beharko dute (urtarrilaren 16ko 9/2015 Errege Dekretuak sortu zuen, nekazaritza-ekoizpen primarioan higiene-araudia aplikatzeko baldintzak arautzen dituenak), edo, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon beharko dute (Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrari buruzko irailaren 27ko 203/2011 Dekretuak sortu zuen erregistro hori); eta, bigarrenik, lau baldintza hauetakoren bat bete beharko dute:

a) Esnetarako behi-azienda duen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea, baldin eta 2024an aurkeztu badute abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan aurreikusitako eskaera bakarra. Dekretu hori 2023tik aurrera zuzeneko ordainketen bidezko esku-hartzeak aplikatzeari eta Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan betekizun komunak ezartzeari buruzkoa da, bai eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra arautzeari buruzkoa ere.

b) Haragitarako behi-azienda duen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea, baldin eta 2024an aurkeztu badute abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskaera bakarra, eta bertan gutxienez 15 abere zehaztu badira behi ume-hazleak mantentzeagatik lotutako laguntza ordaintzeko.

c) Ardi-azienda duen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea, baldin eta 2024an aurkeztu badute abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskaera bakarra, eta bertan gutxienez 200 abere zehaztu bazaizkio.

d) Zaldi-azienda duen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea, 2024an, derrigorrezko urteko aitorpena.

e) Ahuntz-azienda duen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea, 2024an derrigorrezko urteko aitorpena aurkeztu badute.

Betekizunak

  • Diruz lagundu daitezkeen jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
  • Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko bai izaera horri eusteko emandako diru-laguntza likidatu arte, eta, beraz, betetzen dela egiaztatuko da diru-laguntza eman eta ordainketak egiten diren unean.
  • Diru-laguntzaren onuradun den pertsona fisiko edo juridiko pribatua krisian dagoen enpresatzat ez hartzea, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetan ezarritako definizioaren arabera (2014/C 249/01).
  • Inbertsioak ingurumenaren eta higiene-osasunaren arloko arauak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko berariazko araudiarekin bat etorriz (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa).
  • Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea, erregelamendu bidez zehaztutako moduan, edo ebazpen irmo baten bidez diru-laguntzak lortzeko aukera galdu ez izana, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren edo hori ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Onuradunek edo erakunde laguntzaileek diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean dutela ulertuko da zorrak geroratuta edo zatikatuta daudenean, edo dagokion itzulketa-ebazpena dela-eta etetea erabaki denean. Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko bai izaera horri eusteko emandako diru-laguntza likidatu arte, eta, beraz, betetzen dela egiaztatuko da diru-laguntza eman eta ordainketak egiten diren unean. Artikulu honen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzea.
  • Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
  • Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo desgaitua ez izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
  • Diru-laguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapenik ez izatea ebazpen irmo bidez, edo honako delitu hauengatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
  • Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin ez izana, erruduntzat jotzeko kausagatik.
  • Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza duten administratzaileak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituenean, ezarritako kasuren batean, edo ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguren batean, Hauteskunde Araubide Orokorrean bertan aurreikusitako kasuetan, ezarritako kasuetan, ez egotea.
  • Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
  • Elkarteen kasuan, elkartze-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako aldeko kausetan sartuta ez egotea. Eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik inskripzioa egiteko administrazio-prozedura ez etetea, dagokion erregistroan inskripzioa egiteko ebazpen judizial irmoa ematen ez den bitartean.
  • Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, ez egotea berreskuratzeko agindu baten menpe.
  • Diru-laguntzak jasotzeko debekuek eraginpean hartuko dituzte, halaber, zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, eraldaketagatik, bat-egiteagatik edo ondorengotzagatik beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla pentsa daitekeen enpresak.

Erakundeak


Deitzen duen erakundea

  • Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza / Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza > Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza

Ebazten duen erakundea

  • Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza > Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza

Kontaktu-informazioa


Xabier Andrés Uriarte

Telefonoa: 945 01 87 50

E-maila: x-andres@euskadi.eus

Zuzenean: Herritarrentzako arreta zerbitzua

Kodea

1207204

Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea


  1. Ziurtatu identifikazio elektronikorako bitarteko bat duzula.
  2. Prestatu dokumentazioa formatu digitalean (dokumentuak digitalizatzeko laguntza).
  3. Sartu online inprimaki honetara.

Ebazpena eta errekurtsoak


Ebazteko epea

6 hilabete deialdiaren agindua EHAAn argitaratzen denetik aurrera.

Diru-laguntza emateko modua

Lehiaketarik gabe

Isilbidearen ondorioak

Gaitzetsiak

Hirugarrenaren datuen alta edo aldaketa "Hirugarrenaren Erregistroan"


Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean sartuta egon beharko duzu.

Beste tramite batzuk