This is an unofficial translation of the GNU General Public License into
Basque. It was not published by the Free Software Foundation, and does not
legally state the distribution terms for software that uses the GNU GPL—only
the original English text of the GNU GPL does that. However, we hope that this
translation will help Basque speakers understand the GNU GPL better.
You may publish this translation, modified or unmodified, only under the
terms at https://www.gnu.org/licenses/translations.html.
-------------------------------------------------------------------------------
Hau GNU Lizentzia Publiko Orokorraren (GNU General Public License) euskarazko
itzulpen ez ofizial bat da. Itzulpen hau ez du Software Librearen Fundazioak
(Free Software Foundation) argitaratu, eta ez ditu legalki zehazten GNU GPL
erabiltzen duen softwarea banatzeko baldintzak. Hori GNU GPLren ingelesezko
jatorrizko testuak baino ez du egiten. Hala ere, itzulpen hau euskaldunei GNU
GPL hobeto ulertzen laguntzeko asmoarekin egin dugu.
Itzulpen hau argitara dezakezu, aldatuta edo aldatu gabe, baldintza hauek
betetzen badituzu soilik: https://www.gnu.org/licenses/translations.html.
-------------------------------------------------------------------------------
GNU LIZENTZIA PUBLIKO OROKORRA
3. bertsioa, 2007ko ekainaren 29a
Copyright © 2007 Free Software Foundation, Inc.
Edonork egin eta bana ditzake lizentzia-dokumentu honen hitzez hitzeko kopiak,
baina debekatuta dago dokumentuan aldaketak egitea.
Sarrera
GNU Lizentzia Publiko Orokorra softwarerako eta beste lan mota batzuetarako
copyleft lizentzia librea da.
Software eta beste lan praktiko gehienen lizentziak lanak partekatzeko eta
aldatzeko askatasuna kentzeko diseinatuta daude. Aitzitik, programa baten
bertsio guztiak partekatu eta aldatzeko duzun askatasuna bermatzea da GNU
Lizentzia Publiko Orokorraren xedea, hau da, softwarea erabiltzaile guztientzat
librea izango dela ziurtatzea. Guk, Software Librearen Fundazioak, GNU
Lizentzia Publiko Orokorra erabiltzen dugu gure software gehienetarako; egileek
modu horretan argitaratutako beste edozein lanetarako ere erabil daiteke. Zure
programetarako ere erabili dezakezu.
Software libreaz hitz egiten dugunean, askatasunari buruz ari gara, eta ez
prezioari buruz. Gure Lizentzia Publiko Orokorren diseinuaren xedea da software
librearen kopiak banatzeko (eta nahi izanez gero, horiengatik kobratzeko)
askatasuna duzula ziurtatzea, iturburu-kodea jaso duzula edo nahi izanez gero
hori lor dezakezula bermatzea, softwarea aldatzeko edo software-zatiak beste
programa libre berri batzuetan erabiltzeko eskubidea duzula ziurtatzea, eta
gauza horiek egin ditzakezula jakinaraztea.
Zure eskubideak babesteko, norbaitek zuri eskubide hauek ukatzea edo eskubide
horiei uko eginaraztea galarazi behar dugu. Beraz, software baten kopiak
banatzen badituzu edo software bat aldatzen baduzu, hainbat erantzukizun izango
dituzu: besteen askatasuna errespetatzeko erantzukizunak.
Adibidez, horrelako programa baten kopiak banatzen badituzu, bai doan eta bai
kuota baten truke, zuk jaso dituzun askatasun berberak eman behar dizkiezu
hartzaileei. Beraiek ere iturburu-kodea jasotzen dutela edo lor dezaketela
ziurtatu behar duzu. Eta baldintza hauek erakutsi behar dizkiezu, zein eskubide
dituzten jakin dezaten.
GNU GPL erabiltzen duten garatzaileek zure eskubideak babesten dituzte bi
urratsen bidez: (1) softwarearen egile-eskubideak (copyright) aitortuz, eta (2)
softwarea kopiatzeko, banatzeko edota aldatzeko legezko baimena ematen dizun
izentzia hau eskainiz.
Garatzailea eta egilea babeste aldera, GPLk argi azaltzen du software libre
honek ez duela inolako bermerik. Erabiltzaileen eta egileen onerako, bertsio
aldatuak direnean hala adieraztera behartzen du GPLk, horiek eragindako arazoak
modu okerrean ez leporatzeko aurreko bertsioen egileei.
Zenbait gailu diseinatzen dira erabiltzaileei ez uzteko beren barnean
softwarearen bertsio aldatuak instalatzen edo erabiltzen, fabrikatzaileak hala
egin dezakeen arren. Hori erabat bateraezina da erabiltzaileek softwarea
aldatzeko duten askatasuna babesteko helburuarekin. Gehiegikeria horren
errepikapen sistematikoa norbanakoek erabiltzeko produktuen esparruan gertatzen
da, non, hain zuzen, ezin onartezinagoa baita. Hori dela eta, GPLren bertsio
hau diseinatu dugu produktuotan praktika hori debekatzeko. Arazo horiek beste
esparru batzuetan nabarmen areagotuz gero, prest gaude GPLren etorkizuneko
bertsioetan neurri hori esparru horietara hedatzeko, erabiltzaileen askatasuna
babesteko behar den heinean.
Azkenik, software-patenteek etengabe mehatxu egiten diete programa guztiei.
Estatuek ez liekete patenteei baimenik eman behar erabilera orokorreko
ordenagailuetan softwareen garapena eta erabilera mugatzeko. Hala ere, hori
baimentzen dutenen kasuan, patenteen erabilera saihestu nahiko genuke programa
libreak jabedun programa bilakatzeko arrisku berezia dagoenean. Hori
saihesteko, GPLk bermatu egiten du patenteak ez direla erabiliko programak ez
libre bilakatzeko helburuarekin.
Softwareak kopiatzeko, banatzeko eta aldatzeko baldintza zehatzak jarraian
azaltzen dira.
BALDINTZAK
0. Definizioak.
«Lizentzia hau» aipatzen denean GNU Lizentzia Publiko Orokorraren 3.
bertsioaz ari gara.
«Egile-eskubideak» aipatzen direnean, barne hartzen ditugu egile-eskubideen
antzeko legeak ere, beste lan mota batzuei aplikatzen zaizkienak, besteak
beste, zirkuitu integratuen argazki-maskarei.
«Programa» da Lizentzia honen menpean dagoen edozein egile-eskubidedun lan.
Lizentzia guztiak «zuri» zuzenduta daude. «Lizentziadunak» eta «hartzaileak»
norbanakoak edo erakundeak izan daitezke.
Lan bat «aldatzea» da lan batetik kopiatzea edo lan osoa edo zati bat
egokitzea, egile-eskubideen baimena behar duen modu batean, eta ez kopia
berdin-berdin bat egitea. Amaierako lana aurreko lanaren «bertsio aldatu» bat
da, edo aurreko lanean «oinarritutako» lan bat.
«Babestutako lan» bat da aldatu gabeko Programa bat edo Programa batean
oinarritutako lan bat.
Lan bat «hedatzea» da lan horrekin edozer egitea, baimenik gabe eginez gero
egile-eskubideen lege aplikagarria haustera eramango zintuzkeena zuzenean edo
zeharka, lana ordenagailu batean exekutatzen denean edo kopia pribatu bat
aldatzen denean izan ezik. Hedatzeak barne hartzen du kopiatzea, banatzea
(aldaketekin edo aldaketarik gabe), publikoaren eskura jartzea, eta, herrialde
batzuetan, bestelako ekintza batzuk burutzea.
Lan bat «helaraztea» da lana hedatzea hirugarrenei kopiak egiteko edo
jasotzeko aukera ematen dien edozein modutan. Ordenagailu-sare batetik
erabiltzaile batekin interakzioan jardute hutsa, kopiarik transferitu gabe, ez
da lanak helaraztea.
Erabiltzaile-interfaze interaktiboak «Lege-ohar Egokiak» erakusten ditu,
baldin eta funtzio edo eginbide praktiko eta ikuserraz bat baldin badauka (1)
egile-eskubideei buruzko ohar egoki bat erakusteko, eta (2) erabiltzaileari
jakinarazteko lanak ez duela bermerik (bermeak eskaintzen direnean salbu),
lizentziadunek Lizentzia honen arabera lana helaraz dezaketela, eta Lizentzia
honen kopia bat nola ikus dezaketen. Interfazeak erabiltzaile-komando edo
aukeren zerrenda bat erakusten badu, esate baterako, menu bat, zerrendan
elementu nabarmen bat jartzeak irizpide hori betetzen du.
1. Iturburu-kodea.
Lan baten «iturburu-kodea» da lanari aldaketak egiteko lanaren formarik
egokiena. «Objektu-kodea» da lan baten iturburu-forma ez den edozein forma.
«Interfaze Estandar» bat da aitortutako estandar-erakunde batek definituriko
estandar ofizial den interfaze bat, edo, programazio-lengoaia jakin baterako
zehaztutako interfazeen kasuan, lengoaia horretan lan egiten duten garatzaileen
artean erabilera zabala duen interfaze bat.
Lan exekutagarri baten «Sistema Liburutegiak» esatean, esan nahi da lan osoa
ez den edozer: (a) Osagai Nagusi baten paketatze-forma normalean sartzen dena,
baina Osagai Nagusi horren zati ez dena, eta (b) Osagai Nagusi horrekin lana
erabili ahal izateko soilik balio duena, edo Interfaze estandar bat
inplementatzeko, inplementazioa iturburu-kodean eskuragarri dagoenean.
Testuinguru honetan, «Osagai Nagusia» da lan exekutagarriak funtzionatzen duen
sistema eragile espezifikoaren (halakorik badago) funtsezko osagai bat (kernel,
leiho-sistema, etab.), edo lana sortzeko erabiltzen den konpiladore bat, edo
horrek funtziona dezan erabiltzen den objektu-kodearen interprete bat.
Objektu-kode forman dagoen lan baten «Dagokion Iturburua» da objektu-kodea
sortzeko, instalatzeko eta (lan exekutagarrietan) exekutatzeko eta lana
aldatzeko behar den iturburu-kode guztia, jarduera horiek kontrolatzeko
script-ak barne. Hala ere, ez dira barne hartzen lanaren Sistema Liburutegiak,
edo erabilera orokorreko tresnak eta orokorrean eskuragarri dauden programa
libreak, jarduera horiek burutzean aldatu gabe erabiltzen diren arren, lanaren
zati ez direnak.
Adibidez, Dagokion Iturburuaren barnean sartzen dira lanaren iturburu-
fitxategiei lotutako interfazeen definizio-fitxategiak, eta baita partekatutako
liburutegien eta dinamikoki lotutako azpiprogramen iturburu-kodea ere, lana
espezifikoki diseinatuta badago horiek behar izateko, adibidez, azpiprograma
horien eta lanaren beste zati batzuen arteko datu-komunikazio edo kontrol-
fluxu bidez.
Ez da beharrezkoa Dagokion Iturburuaren barnean sartzea Dagokion Iturburuaren
beste atal batzuetatik erabiltzaileek automatikoki birsortu dezaketen edozer.
Iturburu-kodean dagoen lan baten Dagokion Iturburua, lana bera da.
2. Oinarrizko baimenak.
Lizentzia honetan aitortzen diren eskubide guztiak Programaren egile-
eskubideak indarrean dauden bitartean aitortzen dira, eta errebokaezinak dira
baldin eta ezarritako baldintzak betetzen badira. Lizentzia honek esplizituki
berresten du aldaketarik gabeko Programa erabiltzeko baimen mugagabea duzula.
Babestutako lan bat exekutatzetik sortzen den produktua Lizentzia honek
babestuko du baldin eta produktua, edukia kontuan hartuta, babestutako lan bat
bada. Lizentzia honek lana zentzuz erabiltzeko eskubideak edo baliokideak
aitortzen dizkizu, egile-eskubideen legeak aurreikusten duen bezala.
Zuk helarazten ez dituzun babestutako lanak baldintzarik gabe sortu, erabili
eta heda ditzakezu, zure lizentzia gainerakoan indarrean dagoen bitartean.
Babestutako lanak hirugarrenei helaraz diezazkiekezu lanei zuretzat soilik
izango diren aldaketak egin diezazkieten bakarrik, edo lan horiek exekutatzeko
lagungarriak eman diezazkizuten, baldin eta Lizentzia honen baldintzak betetzen
badituzu zure kontrolpean ez dauden egile-eskubideak dituen material guztia
helarazten duzunean. Babestutako zure lanak modu horretan burutzen edo
erabiltzen dituzten pertsonek zure izenean, zure zuzendaritzapean eta
kontrolpean egin beharko dute hori, eta ezin izango dute, horretarako, zure
egile-eskubidedun materialaren kopiarik egin zuen arteko harremanetik kanpo.
Beste edozein baldintzaren arabera helarazi ahal izateko, behean adierazitako
baldintzak bete behar dira. Azpilizentziatzeko baimenik ez da ematen; 10.
atalaren ondorioz ez da beharrezkoa.
3. Erabiltzaileen legezko eskubideen babesa, Saihestearen Aurkako Legearen
aurrean.
Babestutako lanak ez dira teknologia-neurri eraginkor baten zatitzat joko
1996ko abenduaren 20an adostutako WIPO egile-eskubide itunaren 11. artikuluan
ezarritakoa betetzen duen edozein lege aplikagarriren arabera edo neurri horiek
saihesteko aukera debekatzen edo mugatzen duten antzeko legeen arabera.
Babestutako lan bat helarazten duzunean, neurri teknologikoak saihesteko
aukera debekatzeko edozein legezko ahalmeni uko egiten diozu, baldin eta
saiheste-ekintza hori Lizentzia honek, babestutako lanari dagokionez, aitortzen
dituen eskubideak erabiltzean burutzen bada. Horrez gain, uko egiten diozu
lanaren erabilera edo aldaketa mugatzeko edozein asmori, lanaren erabiltzaileen
aurka baliatuz zure edo hirugarrenen legezko eskubideak teknologia-neurriak
saihesteko aukera debekatzeko.
4. Hitzez hitzeko kopiak helaraztea.
Programaren iturburu-kodearen hitzez hitzeko kopiak helaraz ditzakezu, jaso
bezala, edozein euskarritan, baina, horretarako, kopia bakoitzean egile-
eskubideen ohar bat argitaratu beharko duzu modu ikusgarri eta egoki batean;
oso-osorik mantendu beharko dituzu bai Lizentzia hau eta bai 7. atalaren
arabera gehitzen den edozein baldintza murriztaile kodeari aplikatzen zaizkiola
zehazten duten ohar guztiak; oso-osorik mantendu beharko dituzu bermerik ezaren
inguruko ohar guztiak; eta Lizentzia honen kopia bat eman beharko diezu
hartzaile guztiei Programarekin batera.
Kopiak prezio baten truke edo dohainik helaraz ditzakezu, eta laguntza-
zerbitzua edo berme-babesa eskain dezakezu kuota baten truke.
5. Iturburu-kodearen bertsio aldatuak helaraztea.
Programan oinarritutako lan bat helaraz dezakezu, edo Programatik abiatuta
lan hori sortzeko egin behar diren aldaketak, iturburu-kodearen forman, 4.
ataleko baldintzak betez, eta, gainera, beste baldintza hauek guztiak ere
betez:
a) Lana aldatu duzula adierazi behar duzu ohar nabarmenen bidez, eta data
adierazgarri bat eman.
b) Adierazi behar duzu lana Lizentzia honen arabera eta 7. atalean jasotzen
den edozein baldintzaren arabera argitaratu dela ohar nabarmenen bidez.
Eskakizun honek 4. ataleko eskakizun bat aldatzen du: «ohar guztiak
oso-osorik mantentzea».
c) Lana bere osotasunean hartzen duen Lizentzia bat eman behar diozu kopia
bat eskuratzen duen edonori. Ondorioz, Lizentzia hau, 7. ataleko edozein
baldintza osagarri aplikagarrirekin batera, lan osoari aplikatuko zaio, eta
lanaren atal guztiei, nola paketatu diren kontuan hartu gabe. Lizentzia
honek ez du baimenik ematen lanaren lizentziak beste edozein modutara
emateko, baina ez du halako baimenik baliogabetzen bereizita jaso baldin
baduzu.
d) Lanak erabiltzaile-interfaze interaktiboak baldin baditu, horietako
bakoitzak Lege-ohar Egokiak erakutsi behar ditu. Hala ere, Programak
Lege-ohar Egokiak erakusten ez dituzten interfaze interaktiboak baldin
baditu, ez dituzu gehitu beharko zure lanean.
Babestutako lan batek beste lan bereizi eta independente batzuekin batera
bilduma bat osatzen duenean, baldin eta lanok babestutako lanaren luzapenak ez
badira eta babestutako lanarekin programa handiago bat osatzeko konbinatzen ez
badira, biltegiratze-bolumen edo banaketa-euskarri batean, bilduma horri
«agregatu» esaten zaio, baldin eta bilduma eta haren egile-eskubideak ez badira
erabiltzen bildumaren erabiltzaileen sarbidea edo legezko eskubideak mugatzeko,
lan bakoitzak baimentzen duenetik harago. Babestutako lan bat agregatu batean
sartzeak ez du behartuko Lizentzia hau agregatuaren gainerako atalei
aplikatzera.
6. Iturburu-kode ez diren formetan helaraztea.
Babestutako lanak objektu-kodean helaraz ditzakezu, 4. eta 5. ataletako
baldintzen arabera, baldin eta horrekin batera Dagokion Iturburua, makina bidez
irakurgarria, ere helarazten baduzu Lizentzia honen baldintzen arabera, modu
hauetako batean:
a) Objektu-kodea produktu fisiko batean, edo horren barruan, (banaketarako
euskarri fisikoetan barne) helarazi, Dagokion Iturburuarekin batera
normalean softwareak trukatzeko erabiltzen den euskarri fisiko iraunkor
batean.
b) Objektu-kodea produktu fisiko batean, edo horren barruan, (banaketarako
euskarri fisikoetan barne) helarazi, idatzizko eskaintza batekin batera,
objektu-kodea daukan edozeini eskaintzeko: (1) Dagokion Iturburuaren kopia
bat Lizentzia honek babesten duen produktu barneko software guztiarentzat,
normalean softwareak trukatzeko erabiltzen den euskarri fisiko iraunkor
batean, eta iturburua fisikoki helaraztea kostatu zaizun zentzuzko prezioa
baino gehiago kobratu gabe, edo (2) Dagokion Iturburua kopiatzeko sarbidea,
kosturik gabeko sareko zerbitzari batetik. Eskaintza hori baliagarria
izango da gutxienez hiru urterako eta produktu-modelo horrentzako ordezko
piezak edo bezeroarentzako zerbitzua eskaintzen dituzun bitartean.
c) Objektu-kodearen banakako kopiak helarazi, Dagokion Iturburua emateko
idatzizko eskaintzaren kopia batekin batera. Aukera hau kasu batzuetan
baino ez dago baimenduta eta modu ez komertzialean, eta zuk ere objektu-
kodea halako eskaintza batekin jaso baduzu soilik, 6b azpiatalean zehazten
den bezala.
d) Objektu-kodea helarazi izendatutako leku batetik sarbidea eskainiz
(dohainik edo kostu baten truke), eta Dagokion Iturbururako sarbide berdina
eskainiz, modu berean eta leku beretik eta kostu gehigarririk gabe.
Hartzaileei ez daukazu eskatu beharrik Dagokion Iturburua objektu-
kodearekin batera kopiatzeko. Objektu-kodea kopiatzeko lekua sareko
zerbitzari bat baldin bada, Dagokion Iturburua beste zerbitzari batean egon
daiteke (zuk edo hirugarren batek kudeatzen duzuen batean), baina
zerbitzari horrek kopiatzeko erraztasun baliokideak eskaini beharko ditu,
eta objektu-kodearen ondoan jarraibide argiak eman beharko dituzu, Dagokion
Iturburua non aurkitu adieraziz. Dagokion Iturburua edozein zerbitzaritan
egonda ere, eskuragarri dagoela segurtatu behar duzu, baldintza hauek
betetzeko behar den denbora guztian zehar.
e) Objektu-kodea helarazi parekoen arteko (peer-to-peer) transmisioaren
bidez, beste parekoei jakinaraziz publiko orokorrak non eskura ditzakeen
lanaren objektu-kodea eta Dagokion Iturburua, inolako kosturik gabe, 6d
azpiatalak ezartzen duen bezala.
Lanaren objektu-kodea helaraztean, ez dago zertan sartu objektu-kodearen zati
banangarririk, zati horren iturburu-kodea Dagokion Iturburutik kanpo geratzen
bada Sistema Liburutegi gisa.
«Erabiltzaile Produktu» bat da (1) «kontsumitzaile-produktu» bat, hau da,
edozein ondasun pertsonal ukigarri, normalean norberaren gauzetarako, edo
familiako edo etxeko kontuetarako erabiltzen dena, edo (2) etxebizitza batean
erabiltzeko diseinatzen edo saltzen den edozer. Produktu bat kontsumitzaile-
produktu bat den zehazteko, zalantza dagoen kasuetan babesaren alde egin behar
da. Erabiltzaile batek jasotzen duen produktu jakin bati buruz, «normalean
erabiltzen dela» aipatzen denean esan nahi da hori dela produktu mota horren
erabilera ohikoa edo arrunta, alde batera utzita erabiltzaile jakin baten
estatusa edo horrek ematen dion, edo ematea espero dion, erabilera. Produktu
bat kontsumitzaile-produktutzat joko da, funtsean erabilera komertzialak,
industrialak edo kontsumotik kanpokoak dituen kontuan hartu gabe, erabilera
horiek produktua erabiltzeko modu adierazgarri bakarra direnean izan ezik.
Erabiltzaile Produktu baten «Instalazio Informazio» gisa jotzen da edozein
metodo, prozedura, baimen-gako edo bestelako informazio, babestutako lan baten
bertsio aldatuak Erabiltzaile Produktu horretan instalatzeko eta exekutatzeko
beharrezko dena, Dagokion Iturburuaren bertsio aldatutik abiatuta. Informazioak
nahikoa izan behar du segurtatzeko aldatutako objektu-kodearen funtzionamendu
etengabea ez dela eragotziko edo oztopatuko aldaketa egin izanagatik bakarrik.
Atal honen arabera Lan baten objektu-kodea helarazten baduzu Erabiltzaile
Produktu batean, edo batekin batera, edo berariaz Produktu horretan
erabiltzeko, eta transakzio baten baitan helarazten baduzu, zeinaren bidez
produktuaren edukitza- eta erabilera-eskubideak hartzaileari transferitzen
baitzaizkio epe mugatu baterako edo betiko (transakzioaren ezaugarriak kontuan
hartu gabe), atal honen arabera helarazitako Dagokion Iturburua Instalazio
Informazioarekin batera helarazi beharko duzu. Hala ere, betekizun hori hau ez
da aplikatuko, baldin eta zuk edo hirugarren batek ez baduzue aldatutako
objektu-kodea Erabiltzaile Produktuan instalatzeko gaitasuna atxikitzen
(adibidez, lana ROM memorian instalatu bada).
Instalazio Informazioa eman beharrak ez du esan nahi laguntza-zerbitzua,
bermea edo eguneratzeak helarazten jarraitu behar denik lana hartzaileak aldatu
edo instalatu duen kasuetan edo lana instalatua edo aldatua izan den
Erabiltzaile Produktuaren kasuan. Sare baterako sarbidea uka daiteke aldaketak
berak sarearen funtzionamenduari eragiten dionean modu material eta
kaltegarrian edo sarearen bidezko komunikazio-arau edo -protokoloak hausten
dituenean.
Atal honen arabera helarazitako Dagokion Iturburua eta emandako Instalazio
Informazioa, publikoki dokumentatutako formatu batean eman beharko dira
(publikoarentzat iturburu-kodean eskuragarri dagoen inplementazio batekin),
inolako pasahitz edo gako berezirik eskatu gabe paketea irekitzeko, irakurtzeko
edo kopiatzeko.
7. Baldintza osagarriak.
«Baimen osagarriak» dira Lizentzia honen baldintzak osatzen dituzten
baldintzak, Lizentziako baldintza bat edo gehiago salbuetsiz. Programa osoari
aplikatzekoak diren baimen osagarriak Lizentzia honen zati balira bezala
tratatu beharko dira, baldin eta lege aplikagarrien arabera baliozkoak badira.
Baimen osagarriak Programaren zati bati soilik aplikatzen bazaizkio, zati hori
bereizirik erabili ahal izango da baimen horien arabera, baina Programak, bere
osotasunean, Lizentzia honen mende jarraituko du baimen osagarriak aintzat
hartu gabe.
Babestutako lan baten kopia helarazten duzunean, edozein baimen osagarri
ezabatu dezakezu, nahi izanez gero, kopia horretatik edo kopiaren edozein
zatitatik. (Zenbait kasutan, lana aldatzen duzunean, baimen osagarriak idatz
daitezke baimen horiek ezaba daitezen eskatzeko). Materialari baimen osagarriak
gehi diezazkiokezu, babestutako lan bati gehitu diozun materialaren kasuan,
baldin eta egile-eskubideen baimen egokia baldin baduzu edo eman baldin
badezakezu.
Lizentzia honen beste edozein xedapen alde batera utzita, babestutako lan
bati gehitzen diozun materialari dagokionez, Lizentzia honen baldintzak beste
baldintza hauekin osa ditzakezu (material horren egile-eskubideen jabeek hala
baimentzen badute):
a) Bermeak ukatzea edo erantzukizunak mugatzea Lizentzia honen 15. eta 16.
ataletako baldintzetatik harago, edo
b) Zentzuzko lege-ohar espezifikoak edo egiletasun-aitortzeak mantentzera
behartzea, aipatutako materialean edo material hori jasotzen duten lanetan
erakusten diren Lege-ohar Egokietan, edo
c) Materialaren jatorriaren desitxuratzea debekatzea, edo aldatutako
bertsioak jatorrizko bertsiotik desberdintzen direla zentzuz adierazi behar
izatea, edo
d) Materialaren lizentzia-emaileen edo egileen izenak publizitate asmoekin
erabiltzea mugatzea, edo
e) Izen komertzialak, markak edo zerbitzu-markak erabiltzeko marka-legearen
araberako eskubideak emateari uko egitea, edo
f) Material horren lizentzia-emaileen eta egileen kalte-ordaina exijitzea,
materiala (edo materialaren bertsio aldatua) hartzailearekiko erantzukizunak
kontratu bidez hartuta helarazten duen orori, kontratu bidez hartutako
erantzukizun horiek lizentzia-emaileei eta egileei zuzenean inposatzen dieten
erantzukizun orotarako.
Bestelako baldintza osagarri murriztaile guztiak «bestelako murrizketa» gisa
jasotzen dira 10. atalean. Programak, jaso bezala, edo programaren edozein
zatik, ohar bat baldin badu, Programari, Lizentzia honez gain, bestelako
murrizketa bat ezartzen dion baldintza batekin, baldintza hori ezaba dezakezu.
Lizentzia-dokumentu batek, bestelako murrizketa bat eduki arren, baimena ematen
badu birlizentziatzeko edo helarazteko Lizentzia honen baldintzapean,
babestutako lanari edozein material gehi diezaiokezu lizentzia-dokumentu horren
baldintzen arabera, baldin eta bestelako murrizketa ez bada mantentzen
birlizentziatu edo helarazi ondoren.
Babestutako lan bati atal honen arabera baldintzak gehitzen badizkiozu,
dagozkion iturburu-fitxategietan deklarazio bat gehitu beharko duzu fitxategi
horiei aplikatzen zaizkien baldintza osagarriekin, edo, bestela, baldintza
horiek non aurkitu adierazten duen ohar bat.
Baldintza osagarriak (permisiboak edo murriztaileak) idatzizko lizentzia
bereizi batean zehaztu daitezke, edo salbuespen modura; nolanahi ere, goian
aipatutako baldintzak aplikatuko dira.
8. Baliogabetzea.
Ezin da babestutako lan bat hedatu edo aldatu, Lizentzia honetan espresuki
adierazten den moduan izan ezik. Lana beste modu batera hedatzeko edo aldatzeko
edozein saiakera baliogabetzat joko da, eta Lizentzia honek aitortzen dizkizun
eskubideak automatikoki azkenduko dira (baita 11. ataleko hirugarren
paragrafoaren arabera emandako edozein patente-lizentzia ere).
Hala ere, Lizentzia-urraketak egiteari uzten badiozu, egile-eskubideen jabe
zehatz batek emandako zure lizentzia lehengoratu zaizu (a) behin-behinean,
baldin eta egile-eskubideen jabeak ez badu zure lizentzia bukatutzat jotzen
modu esplizituan eta behin betiko, edo hori egiten duen arte eta (b) behin
betiko, egile-eskubideen jabeak ez badizu lizentzia-urraketaren berri ematen
zentzuzko bitarteko baten bidez lizentzia eten eta 60 egun igaro baino lehen.
Era berean, egile-eskubideen jabe zehatz batek ematen dizun lizentzia behin
betiko itzuliko zaizu, baldin eta jabeak Lizentzia-urraketaren berri zentzuzko
bitarteko baten bidez ematen badizu, jabe horrek emandako (edozein lanen)
Lizentzia-urraketaren ondoriozko jakinarazpen bat jasotzen duzun lehen aldia
bada, eta zuk zeuk, jakinarazpena jaso eta 30 eguneko epean, urraketa zuzentzen
baduzu.
Atal honetan ezarritakoaren arabera zure eskubideak azkentzeak ez du esan
nahi zuregandik Lizentzia honen pean kopiak edo eskubideak jaso dituztenen
lizentziak azkentzen direnik. Zure eskubideak azkentzen baldin badira eta ez
bazaizkizu behin betiko lehengoratzen, ezin izango duzu material berdinerako
lizentzia berririk jaso, 10. atalean ezarritakoaren arabera.
9. Kopiak edukitzeko, onarpena ez da beharrezkoa.
Programaren kopia bat jasotzeko edo erabiltzeko ez duzu Lizentzia hau onartu
beharrik. Era berean, babestutako lan bat bigarren mailan hedatzen denean,
parekoen arteko (peer-to-peer) transmisioaren bidez kopia berdin bat jasotzeko
soilik, ez dago lizentzia hau onartu beharrik. Hala ere, Lizentzia honek baino
ez dizu ematen babestutako edozein lan hedatzeko edo aldatzeko baimena.
Lizentzia hau ez baduzu onartzen, aipatutako ekintzek egile-eskubideak urratuko
dituzte. Hori dela eta, babestutako lan bat aldatzen edo hedatzen duzunean,
Lizentzia hau onartzen duzula adierazten ari zara hori burutzeko.
10. Lizentzia-emate automatikoa ondorengo hartzaileei.
Babestutako lan bat hedatzen duzun bakoitzean, hartzaileak jatorrizko
lizentzia-emaileen lizentzia bat jasoko du automatikoki, lan hori erabiltzeko,
aldatzeko edo hedatzeko, Lizentzia honen arabera. Ez duzu inolako
erantzukizunik hirugarrenek Lizentzia hau betetzen dutela bermatzeko.
«Entitate-transakzio» bat da erakunde baten kontrola edo erakunde baten
aktibo guztien kontrola transferitzeko transakzioa, edo erakunde bat zatitzeko,
edo hainbat erakunde batzeko transakzioa. Babestutako lan baten hedapena
entitate-transakzio baten ondorioz gertatzen denean, transakzioko alderdi
bakoitzak, lanaren kopia bat jasotzeaz gain, alderdiaren aurrekoak dituen edo
eman ditzakeen lan-lizentzia guztiak jasoko ditu aurreko paragrafoaren arabera,
baita aurrekoaren lanaren Dagokion Iturburua edukitzeko eskubidea ere,
aurrekoak Dagokion Iturburua baldin badu edo zentzuzko ahalegin bat eginez
lortu baldin badezake.
Ezin duzu bestelako murrizketarik inposatu Lizentzia honetan aitortzen edo
bermatzen diren eskubideak baliatzeari dagokionez. Adibidez, ezin duzu
lizentzia-kuotarik, royalty-rik edo bestelako preziorik inposatu Lizentzia
honetan aitortzen diren eskubideak baliatzearen truke, eta ezin duzu auzirik
hasi (auzi baten demandak eta errekonbentzio-demandak barne), alegatuz edozein
patente-eskubide urratu egiten dela Programa edo horren zati bat sortzen,
erabiltzen, saltzen, salerosketarako eskaintzen edo inportatzen denean.
11. Patenteak.
«Kolaboratzaile» bat da egile-eskubideen jabe den pertsona bat, zeinak
Programaren edo Programan oinarritutako lan baten erabilera baimentzen baitu
Lizentzia honen arabera. Modu horretan lizentziatutako lana kolaboratzailearen
«kolaboratzaile-bertsioa» izenez ezagutzen da.
Kolaboratzaileen «funtsezko patente-eskubideak» dira kolaboratzaileak dituen
edo kontrolatzen dituen patente-eskubide guztiak, jada eskuratutakoak edo
hemendik aurrera eskuratuko dituenak, hainbat modutara urra daitezkeenak,
Lizentzia honek baimentzen duenari jarraikiz, kolaboratzaile-bertsioak eginez,
erabiliz edo salduz; baina ez dituzte barne hartzen kolaboratzaile-bertsioaren
ondorengo aldaketen ondorioz soilik urra daitezkeen eskubideak. Definizio honen
ondorioetarako, «kontrolak» barne hartzen du patenteen azpilizentziak emateko
eskubidea Lizentzia honetan zehazten diren eskakizunen arabera.
Kolaboratzaile bakoitzak mundu-mailako eta royalty-rik gabeko patente-
lizentzia ez esklusibo bat ematen dizu, kolaboratzailearen funtsezko patente-
eskubideen arabera, bere kolaboratzaile-bertsioaren edukiak sortzeko,
erabiltzeko, saltzeko, salerosketarako eskaintzeko, inportatzeko eta bestela
erabiltzeko, aldatzeko eta hedatzeko.
Hurrengo hiru paragrafoetan, «patente-lizentzia» izango da patente-eskubideak
betetzera ez behartzeko berariazko edozein hitzarmen edo konpromiso, horren
izena edozein delarik ere (adibidez, patente bat erabiltzeko berariazko baimen
bat, edo patente-eskubideak urratzeagatik auzi bat ez dela hasiko zehazten duen
hitzarmen bat). Alderdi bati horrelako patente-lizentzia bat «ematea»k esan
nahi du, patentea alderdi horren aurka ez dela erabiliko adostu edo hitzartu
dela.
Babestutako lan bat helarazten baldin baduzu, patente-lizentzia baten menpe
dagoela jakinda, eta lanaren Dagokion Iturburua ez baldin badago eskuragarri
kopiatzeko, doan eta Lizentzia honen baldintzapean, sarbide publikoa duen
sareko zerbitzari baten bidez edo sarbide zuzeneko beste bitarteko batzuen
bidez, zera egin beharko duzu: (1) Dagokion Iturburua modu horretan eskuragarri
jarri, edo (2) lan zehatz horretarako patente-lizentziaren onurari uko egin,
edo (3) behar diren neurriak hartu ondorengo hartzaileengana patente-lizentzia
hedatzeko, Lizentzia honetan zehazten diren eskakizunen arabera. «Patente-
lizentzia baten menpe dagoela jakinda» adierazten denean, zera esan nahi da:
badakizula, hain zuzen ere, patente-lizentziagatik izango ez balitz, zuk
babestutako lana herrialde batean helarazteak, edo hartzaileak lan hori
herrialde batean erabiltzeak, urratu egingo lituzkeela herrialde horretan
patente identifikagarri bat edo gehiago, hainbat arrazoi direla medio,
baliagarritzat jotzen dituzunak.
Transakzio edo kontratu bakar bati jarraituz edo horri lotuta, babestutako
lan bat helarazten baduzu, edo babestutako lan bat hedatzen baduzu hori
helarazteko, eta babestutako lana jasotzen duten zenbait alderdiri patente-
lizentzia bat ematen badiezu, babestutako lanaren kopia espezifiko bat
erabiltzeko, hedatzeko, aldatzeko edo helarazteko baimena emanez, eman duzun
patente-lizentzia automatikoki zabalduko da babestutako lanaren hartzaile
guztietara, eta lan horretan oinarritzen diren lanen hartzaileetara.
Patente-lizentzia bat «diskriminatzailea» da baldin eta bere estalduraren
barnean ez badira sartzen Lizentzia honen arabera berariaz aitortzen diren
eskubideetako bat edo gehiago, eskubide horien erabilera debekatzen badu, edo
eskubide horiek ez erabiltzearen truke ematen bada. Ez duzu babestutako lanik
helarazi behar baldin eta softwareak banatzeko negozioan aritzen den hirugarren
alderdi batekin adostu duzun kontratu baten alderdi bat bazara, eta horren
arabera, lana zuk helarazteagatik hirugarren alderdiari ordaindu behar badiozu,
eta zure bitartez babestutako lana jasotzen duten alderdiei hirugarren
alderdiak patente-lizentzia diskriminatzaile bat ematen badie (a) zuk
helarazitako babestutako lanaren kopiekin (edo kopia horietatik egindako
kopiekin) lotura duena edo (b) nagusiki, babestutako lanaz baliatzen diren
bilduma edo produktu espezifikoentzat dena edo horiekin lotura duena, salbu eta
kontratu hori 2007ko martxoaren 28a baino lehen onartu baduzu, edo patente-
lizentzia data horren aurretik eman bada.
Lizentzia honetako xedapenak ezin dira interpretatu lizentzia inplizituen
esklusio edo mugatze gisa edo, urraketen aurkako defentsak —bestela ere
patenteen lege aplikagarriaren arabera eskuragarri izango zenituzkeenak—
mugatzeko modu gisa.
12. Hirugarrenen askatasunaren babesa.
Lizentzia honen baldintzak ezeztatzen dituzten baldintzak inposatzen
bazaizkizu (agindu judizial edo kontratu bidez edo beste nolabait), ez zaituzte
Lizentzia honen baldintzetatik salbuetsiko. Babestutako lan bat helarazten
duzunean ezin badituzu, aldi berean, Lizentzia honek zehaztutako betekizunak
eta zuri dagozkizun bestelako betekizun batzuk bete, ezin izango duzu inolaz
ere helarazi. Adibidez, zure Programa jaso dutenei etorkizunean Programa
helarazteagatik royalty bat kobratzera behartzen zaituzten baldintzak onartzen
badituzu, Programa helarazteari uko egitea litzateke bai baldintza horiek bai
Lizentzia hau betetzeko modu bakarra.
13. GNU Affero Lizentzia Publiko Orokorrarekin erabiltzea.
Lizentzia honen beste edozein xedapen alde batera utzita, baimena daukazu
babestutako edozein lan estekatzeko edo konbinatzeko GNU Affero Lizentzia
Publiko Orokorraren 3. bertsioaren araberako lizentzia duen beste lan batekin,
lan konbinatu bakar bat osatzeko, eta amaierako lan hori helarazteko.
Babestutako lanari dagokion zatiari lizentzia honen baldintzak aplikatzen
jarraituko zaizkio; aldiz, GNU Affero Lizentzia Publiko Orokorraren 13. ataleko
eskakizun bereziak, sarearen bitartezko interakzioari buruzkoak, konbinazioari
aplikatuko zaizkio.
14. Lizentzia honen bertsio berrikusiak.
Software Librearen Fundazioak Lizentzia Publiko Orokorraren bertsio
berrikusiak edo berriak argitara ditzake noizean behin. Bertsio berri horiek
egungoaren antzekoak izango dira izaerari dagokionez, baina arazo edo kezka
berriei aurre egin beharko dietenez, xehetasunen bat alda daiteke.
Bertsio bakoitzari bere bertsio-zenbaki bereizgarria ematen zaio. Programak
zehazten badu GNU Lizentzia Publiko Orokorraren bertsio-zenbaki bat «edo
bertsio berriago bat» aplikatzen zaiola, aukera duzu bertsio-zenbaki horren
zein Software Librearen Fundazioak geroago argitaratutako beste bertsioren
baten baldintzak betetzeko. Programak ez badu zehazten GNU Lizentzia Publiko
Orokorraren bertsio-zenbakirik, Software Librearen Fundazioak argitaratutako
bertsioetako edozein aukera dezakezu.
Programak zehazten badu ahaldun batek erabaki dezakeela GNU Lizentzia Publiko
Orokorraren zer bertsio erabili ahal izango diren etorkizunean, ahaldun horrek
publikoki deklaratzen badu bertsio jakin bat onartzen duela, betiko baimena
emango dizu, Programarako bertsio hori aukeratzeko.
Lizentziaren bertsio berriagoek baimen osagarriak edo desberdinak eman
diezazkizukete. Hala ere, egileei edo egile-eskubideen jabeei ez zaie inolako
obligazio gehigarririk inposatuko ondorengo bertsio berriago bat jarraitzea
aukeratzen baduzu.
15. Bermea-ukatzea.
PROGRAMAK EZ DU BERMERIK, LEGE APLIKAGARRIAK ONARTZEN DUEN NEURRIAN. IDATZIZ
AURKAKORIK ADIERAZTEN EZ BADA, EGILE-ESKUBIDEEN JABEEK ETA/EDO BESTE ALDERDI
BATZUEK PROGRAMA «BERE HORRETAN» EMATEN DUTE INOLAKO BERMERIK GABE, EZ
ESPRESUKI ADIERAZITAKORIK EZ INPLIZITURIK, BARNE HARTUZ, BAINA HORRETARA MUGATU
GABE, KOMERTZIALIZAGARRITASUNAREN EDO XEDE JAKIN BATERAKO EGOKITASUNAREN
BERMEAK. PROGRAMAREN KALITATEARI ETA ERRENDIMENDUARI DAGOKIONEZ, ZURE GAIN DAGO
ARRISKU GUZTIA. PROGRAMAK AKATSIK IZANGO BALU, ZURE GAIN HARTU BEHARKO DUZU
BEHAR DIREN ZERBITZUEN, KONPONKETEN EDO ZUZENKETEN KOSTUA.
16. Erantzukizun-mugatzea.
EZ BADA LEGE APLIKAGARRIAK EDO IDATZIZKO KONTRATU BATEK HALA ESKATZEN
DUELAKO, EGILE-ESKUBIDEEN EDOZEIN JABERI EDO GOIAN BAIMENTZEN DEN BEZALA
PROGRAMA HELARAZTEN EDO BERTAN ALDAKETAK EGITEN DITUEN BESTE ALDERDI BATI,
EZINGO DIOZU ERANTZUKIZUNIK ESKATU KALTEENGATIK, EZTA PROGRAMA ERABILTZETIK EDO
ERABILI EZINETIK SOR LITEZKEEN EDOZEIN ERATAKO KALTE OROKORRAK, BEREZIAK,
EZUSTEKOAK EDO ONDORIOZKOAK IZANDA ERE (BESTEAK BESTE, INFORMAZIOA GALTZEA,
DATU OKERRAK EMATEA, EDO ZUK EDO HIRUGARRENEK JASANDAKO GALERAK, EDO PROGRAMA
GAI EZ IZATEA BESTE PROGRAMA BATZUEKIN LAN EGITEKO), NAHIZ ETA ESKUBIDEEN
JABEAK EDO BESTE ALDERDI BATEK HALAKO KALTEAK SORTZEKO AUKERAREN BERRI IZAN.
17. Aurreko 15. eta 16. atalen interpretazioa.
Goian zehaztutako berme-ukatzeari eta erantzukizun-mugatzeari, ezartzen
dituzten baldintzak direla-eta, ezin bazaie legezko baliorik eman
jurisdikzioren batean, kasua aztertzen duten auzitegiek tokiko legeak aplikatu
beharko dituzte, Programari lotutako edozein erantzukizun zibilen uko-egite
absolutuari ahalik eta gehien hurbiltzeko moduan, salbu eta Programaren kopia
batekin batera, kuota bat ordainduta, berme bat edo erantzukizun-hartze bat
eskaintzen bada.
BALDINTZEN AMAIERA
Nola aplikatu baldintza hauek zure programa berriei.
Programa berri bat garatu baduzu eta publikoari ahalik eta erabilerarik
handiena eskaini nahi badiozu, zure programa software libre egitea da hori
lortzeko modurik hoberena, edonork birbanatu eta aldatu ahal izan dezan
baldintza hauen arabera.
Horretarako, gehitu ondorengo oharrak programari. Seguruena da oharrak
iturburu-fitxategi bakoitzaren hasieran gehitzea, bermerik ez dagoela modu
eraginkorrean adierazteko; eta fitxategi bakoitzak eduki beharko luke gutxienez
«copyright» lerroa eta ohar osora joateko erakusle edo lotura bat.
Copyright (C)
Programa hau software librea da: birbanatu dezakezu, eta/edo aldatu,
Software Librearen Fundazioak argitaratutako GNU Lizentzia Publiko
Orokorraren baldintzen arabera, dela Lizentziaren 3. bertsioaren arabera
edo dela (nahi baduzu) bertsio berriagoren baten arabera.
Erabilgarria izango delakoan banatzen da programa hau, baina INOLAKO
BERMERIK GABE; ez du KOMERTZIALIZAGARRITASUNAREN EDO XEDE JAKIN BATERAKO
EGOKITASUNAREN berme inpliziturik ere. Xehetasun gehiagorako ikusi GNU
Lizentzia Publiko Orokorra.
Programa honekin batera GNU Lizentzia Publiko Orokorraren kopia bat jaso
eharko zenuke. Ez baduzu halakorik jaso, ikusi
.
Horrez gain, gehitu informazioa posta elektroniko zein arruntaren bidez
zurekin harremanetan nola jarri jakiteko.
Programak terminaleko interakzioa badu, ziurtatu modu interaktiboan hasten
denean ohar labur bat erakusten duela, jarraian agertzen denaren antzekoa:
Copyright (C)
Programa honek ez du INOLAKO BERMERIK; informazio gehiagorako idatzi
`show w'. Hau software librea da, eta birbanatu dezakezu zenbait
baldintzarekin; idatzi `show c' xehetasunak ikusteko.
`show w' eta `show c' komando hipotetiko horiek Lizentzia Publiko Orokorraren
atal egokiak erakutsi beharko lituzkete. Noski, zure programaren komandoak
desberdinak izan daitezke; GUI interfazeetan, «honi buruz» elkarrizketa-koadroa
erabiliko zenuke.
Programatzaile gisa lan egiten baduzu enplegatzaile batentzako edo ikastetxe
batean, ziurtatu horiek «egile-eskubideei uko-egitea» sinatzen dutela, behar
izanez gero. Horren inguruko informazio gehiagorako, eta GNU GPL nola aplikatu
eta bete jakiteko, ikusi .
GNU Lizentzia Publiko Orokorrak ez du baimenik ematen zure programa programa
jabedunen barruan sartzeko. Zure programa azpirrutina-liburutegi bat baldin
bada, beharbada erabilgarriagoa izango zaizu aplikazio jabedunak
liburutegiarekin lotzeko baimena ematea. Hori bada egin nahi duzuna, erabili
GNU Lizentzia Publiko Orokor Murriztua (Lesser General Public License)
Lizentzia honen ordez. Baina lehenbizi, irakurri
.