Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua


 


Azken 25 urteotan, antzerkiak inoiz ez bezalako garapena izan du Euskal Herrian alor guztietan. Prozesu horretan kontraesanak sortu dira, esparru gehienetan sortu ere, estrategia jakinik gabeko politiken ondorioz, kontuan hartu behar baita ekimen sakabanatuak, gure inguruan gauzatutako esku-hartzeak kopiatzeko joera eta boluntarismoa izan direla nagusi.

Lurraldeetan disfuntzioak egon dira, eta sormenaren sarean egiturazko arazoak azaleratu dira: talentuek kanpora alde egin dute, ez da finkatu ikuskizun-politika publikorik, ez da landu ezaugarri bereizgarridun antzerkirik, etab. Arazoak arazo, ordea, aurrerapauso handiak eman dira, eta euskal antzerkigintza estatuko gainerako lurraldeen pare dago alor guztietan.

Dena dela, azken urteotako hazkundeak ezaugarri izan dituen desberdintasunei eta nahaspilari aurre egiteko, nahitaezkoa da nolabaiteko antolamendua egituratzea, eta are gehiago honako hau kontuan hartuta: antzerkigintzan, bai kulturaren adierazpide guztietan bai aisialdiaz gozatzeko moduetan bezalaxe, azken industria-iraultzak eragindako zeharkako ondorioak ari direla jasaten. 

Horiek horrela, betiko arazoak bestelakoak dira orain, eta garrantzi handiko beste batzuk ere sortu dira. Eta konponbide bakarra etengabeko azterketa zorrotza dugu. Hona hemen euskal antzerkigintzaren lehen erronka handia: etorkizun hurbilean gauzatuko diren antzerki-politiken diseinuan etengabeko gogoeta zorrotzari sarbidea ematea.

Zenbait galdera egin behar dira, eta datozen urteotan nahitaezkoa izango da erantzunak ematea. Adibidez: Zertarako balio du antzerkiak? Nolako lanak antzeztu behar ditugu? Botere publikoek esku hartu behar al dute hurrengo hamarkadetan boto-eskubidea izango duten hiritar gehienentzat ziurrenik urruti egongo den kulturaren alor horretan? Eta hala bada, zenbateraino hartu behar dute esku?

Programazioaren esparruan arazoak bistakoak dira, baina konpontzeke daude. Aipatu ditzagun batzuk: alderdi publikoaren eta pribatuaren zereginak, denboraldietako eta lurraldeen arteko eskaintza-desberdintasunak, koordinazioa, konpetentzien eremu korapilatsua, helburu operatiboen zehaztasunik eza, etab. Horiek guztiak lehen aipatu ditudanei gehitzen bazaizkie, eta konponbiderik ematen ez bazaie, hil ala biziko auzia sortuko zaigu.