Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua


 

ZERGA ARLOA KULTURAREN ZERBITZURA EAE-N

Gizartearentzat garrantzitsuak izateagatik babes berezia behar duten arloei aparteko tratamendua eskaintzeko botere publikoek erabiltzen duten tresna egokietako bat da zerga-politika.

Ildo horretan, mendebaldeko Konstituzio gehienek "laugarren belaunaldiko" esaten zaien oinarrizko eskubideen artean sartzen dute kultura-eskubidea, eta beraz, botere publikoek eskubide hori bermatu behar dute eta eskuragarri egin. Gainera, herrien kultur ondarea gorde eta aberastu behar dute. Betebehar horiek jasotzen dituzten lege-arauen adibide dira Espainiako Konstituzioaren 44. eta 46. artikuluak. Ondorioz, lortu beharreko helburuen eta Kulturaren munduak dituen berezitasunen araberako legeak diseinatu ohi dituzte botere publikoek, bai funtsezko ikuspegitik eta baita zerga-arlotik begiratuta ere.

Zerga-arloan, 1978ko Konstituzioak diseinatutako eskumen-banaketaren eta Autonomia Estatutuaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoak badu berezitasun bat parekorik ez duena Espainiako Estatuan edota Europako Batasuneko gainontzeko estatuetan, Nafarroako Foru Komunitatean izan ezik: Autonomia Erkidegoa osatzen duten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoek, Kontzertu Ekonomikoaren erregimenari esker, bakoitzak bere zerga-sistema arautzeko eskumena dute, Estatuko gainontzeko lekuetan aplikatzen den zerga-erregimena alde batera utzita.   

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historikoek, egungo gizartearen interes orokorren  eta tartean kulturalen  aniztasuna kontuan hartuta, 1995etik aurrera zerga-neurri batzuk ezarri izan dituzte, interes orokorrekoak diren jardueretan partaidetza pribatua sustatzeko helburuarekin. Neurri-multzoa osatzeko, interes kulturaleko ondasunekin lotutako zerga-tratamendu bereziak onartu zituzten, hala nola, ondasun horiek zerga-zorrak ordaintzeko erabili ahal izatea edo kultur inbertsioak egiten dituzten enpresek (ondare kulturalaren babesa eta hedapena, zinema-produkzioetan egindako inbertsioak, liburuen argitalpena...) ordaindu beharreko zerga-kuotan kenketa izatea.

Aurreko hamarkadako esperientzia kontuan hartuta eta euren zerga-eskumena erabiliz, 2004ko ekitaldian Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiek berritu eta nabarmen hobetu dute Kulturaren aldeko zerga-pizgarrien lege-esparrua: irabazi-asmorik gabeko erakundeen zerga-erregimena eta mezenasgoari lotutako zerga-pizgarriak arautzen dituzten Foru Arau bana onartu dituzte. Dena den, "mezenasgo" terminoa ez dagokio bakarrik kultur arloari, botere publikoek interes orokorrekotzat jotzen duten jarduera orotan sektore pribatuak izan dezakeen partaidetza ere hartzen baitu kontuan.

Araudi berria etorkizunera begira aurrerapauso handia da, zerga-pizgarrien katalogoa, eta baita norbanakoek eta enpresek gizartearen interes orokorrak betetze aldera botere publikoei laguntzeko bidea ere, eraberritu eta hobetzen baititu. Interes orokor horien artean daude kultura-arlokoak ere, noski. Gainera, irabazi-asmorik gabeko erakundeak edo hirugarren sektorekoak helburuok lortzeko bidean egiten ari diren ekarpen garrantzitsuaren errekonozimendua berresten du: arauek erakunde horientzat zerga-erregimen berezia jasotzen dute, euren ekarpena nolabait ordaintzeko.

Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak zuzeneko zerga-ezarpenaren alorrean eskaintzen dituen aukerak bakarrik aztertuko ditugu, izan ere, Kontzertu Ekonomikoak zeharkakoaren kasuan eta bereziki BEZari dagokionez eskaintzen duen arau-eskumena mugatua baita.

Kultur mezenasgoa egiten duten zergadunen zerga-zorra murrizteko gaur egun dauden pizgarriak aztertuko ditugu batez ere, orokorrenetatik hasi eta zehatzenetaraino.

Gainera, Kulturaren aldeko zerga-pizgarrien artean izarra den lehentasunezko jardueren erregimena aztertu eta Lurralde Historiko bakoitzean egiten den jardueron konfigurazioa ikusiko dugu, batez ere museoen edo ikus-entzunezkoen arloei dagokienez.

Aurrekoa osatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga-sistemetan sakabanatuta dauden eta kulturarekin lotura duten zerga-tratamendu batzuk aipatuko ditugu. Amaitzeko, Kultura sustatzen lagunduko duten zerga-neurri berriak abian jartzeko aztertu daitezkeen bideen inguruko hausnarketa egingo dugu.