Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I Biltzarran - Egitaraua




 

  • ARTISAUTZAREN JARDUERA EKONOMIKOA GARRANTZITSUA DA BAI BEREZ BAI EKONOMIAREN BESTE JARDUERA ETA ALORREKIN DITUEN LOTURENGATIK
  • ORAINGO EGOERA ONGI AZTERTZEA ETA ETORKIZUNERAKO URRATSAK ELKARREN ARTEAN ANTOLATZEA DA EGUNGO ARTISAU EUSKALDUNEN ERRONKA

ARTISAUTZA ETA KULTURA
KULTURAREN ERAIKUNTZAN ERAGILE AKTIBOA IZATEKO JARRERA SUSTATU BEHAR DA ARTISAUENGAN
Artisau-lanean elementu pertsonalak uztartzen dira, lanak berak autonomia du beste produktu batzuekiko, artistak bere ezaugarri bereizgarriak ematen dizkio sortutako produktuari eta horrexegatik izaten da desberdina, eta gainera, sarritan, etnografiaren, folklorearen eta ohituren elementuekin ere izaten ditu loturak, batik bat "artisautza tradizionalak". Beraz, Herrien ondaretzat hartzen den "herri-kultura" delako horren osagaia dugu.

ARTISAUTZA, JARDUERA EKONOMIKOA
Ezin dugu ahaztu artisau-jarduerek, alderdi kultural hori ez ezik, badutela beste berezitasun bat ere: eragile ekonomikoak dira.

Bestalde, artisau-lanaren ezaugarri bereizgarri bat banakotasuna da, ekonomiaren eta teknikaren ikuspegitik. Artisauak bere produktuekin duen harreman bereziaren ondorioz, ekoizpen-prozesuari eskaintzen dizkio ahaleginik handienak eta lehentasunak, bere enpresak ongi funtzionatzeko garrantzitsuak diren beste funtzio batzuk bigarren mailan utzita.

Artisau-enpresetan modernizazioari eman behar zaio sarbidea, hau da, teknologia berrietara moldatu behar dira, betiere horrelako lanek berezkoak dituzten jatortasuna eta baloreak alde batera utzi gabe, jakina.

Bezeroek gure kulturaren elementu bereizgarriak eskatzen dituzte. Ildo horretan, kontuan hartzeko modukoa da artisautza gure herriko turismoaren garapenean sustatzea. Horretarako, ongi aztertutako eskaintza egin beharko litzateke eta artisau-tailer tradizionalak sustatu, kultura hedatzeko eragile aktiboak izan daitezen.

Gogoan izan behar dugu artisautza beste jarduera ekonomiko moderno batzuen osagai ere badela, eta era berean, artisau-jarduera tradizionalez bestelakoen eskariak izandako gorakadari erantzuna eman behar zaiola. Hau da, "artisautza berria" delakoa sustatu beharreko baliotzat hartu behar da, baina ongi egindako, kalitatezko eta nortasun bereziko produktuak eskaini behar dira, eta tailerretan bideragarritasunaren aldeko apustu irmoan oinarritu.

ARTISAUTZA ETA BERRIKUNTZA
Artisau-enpresak lekuan lekuko merkatuaren errealitatearen menpe daude. Edozein enpresatan bezala, artisautzan hainbat eratako zereginak egin behar dira: diseinatu edo diseinu jakin batera moldatu, lehengaiak erosi, objektua egin eta saldu.

Artisau-enpresek bi ezaugarri bereizgarri dituzte: oso txikiak dira eta harreman emozionala sortzen da artisauaren eta bere produktuaren artean.

Oso tailer txikiak izaten dira, gehienetan lagun batekoak edo bikoak, eta ondorioz, artisauak berak egin behar izaten du ia dena: ikertu, berritu, behar berrietara egokitu, hornitzaileekin eta bezeroekin harremanetan ibili... eta errentagarritasuna lortu.

Gestio orokorra egokia izateko, erremintak behar dira. Eta erreminta horiek kanpotik eman behar zaizkie, artisau-tailerrek ez dutelako zenbait alderdiri aurre egiteko beste baliabide. Hona hemen adibide batzuk: 

Kasuan kasuko artisau-enpresaren analisia eta diagnostikoa.
Merkatu-azterketa eguneratuak. 
Merkaturatze-sistema berriei buruzko azterketak.
Dituzten merkaturatze-baliabideak kalitatea eta etorkizuna kontuan hartuta egokitu eta orekatzea: Azokak, sareko dendak...

ARTISAUTZA ETA JARRAIKORTASUNA
Denok dakigu artisautzako ofizio batzuk desagertzeko zorian daudela, ez dagoelako horretan jarraitu nahi duen belaunaldi berririk.

Azterketa egin behar da egoera horretan zer ofizio dauden ikusteko, eta interesaren arabera, Jarduera Plana diseinatu beharko litzateke zonaldeka, artisau berriak alor horietan trebatzeko.

Beraz, ikaskuntza sustatu beharko da eta ikaskuntza hori zer egitura akademikotan sartu pentsatu.