Duela lau urte euskal ikus-entzunezkoen sektoreari buruz egindako azterketen arabera eta 2003an onartutako "Ikus-entzunezkoen Sektorearen Liburu Zuriak" egindako diagnosiak berretsi zuenez, sektorearen alde ahulen artean azpimarragarriena enpresen tamaina txikia da, eta horrekin batera enpresa horietako askok fakturazio-kontuan duten EITBrekiko mendekotasuna. EITBren nahia da Euskadiko ikus-entzunezkoen enpresak gero eta lehiakorragoak izatea, Euskadi barruan eta kanpoan merkatu berrietara zabaltzeko aukera izan dezatela eta euren enpresa-garapenaren eta egonkortasunaren aldetik gero eta mendekotasun gutxiago izan dezatela EITBrekiko. Horretarako, Euskadik izan beharko lukeen ikus-entzunezko sektorea eraiki behar da, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko gaitasun handiagoa izango duena. Eta era berean, jarduera-ildo berritzaileak garatu behar dira sorkuntzaren alorrean, produkzioan, sektoreko profesionalen prestakuntzan, etab. Helburu hori lortzeko, aukera ezin hobea eskaintzen dute aro digital berriak eta horrek ikus-entzunezkoen komunikabideetara ekarri duen iraultzak. Era berean, aipatu helburua lortzea epe luzera begirako apustua dela uste dugu, ekimen publikoak eta pribatuak egindako diagnositik eta helburu komunetatik abiatu behar dena. Ildo horretan, Eikenen parte hartzea EITBrentzat estrategikoa dela deritzogu. Ikus-entzunezkoen euskal sektorearen lehiakortasuna hobetzeko xedearekin sortu da Eiken. Hori lortzeko garatu beharko diren ekintzei buruzko diagnosia sektoreko enpresekin batera lantzen ari gara. Batzuon eta besteon artean urte askotako esperientzia dugu sektorean, 1982an EITBrekin batera abiatu zen sektorean, alegia. Esperientzia hori gure helburua lortzeko dugun alde sendoenetakoa da. Gainera, Eikenek EITBren eta sektoreko enpresen arteko bestelako harremana formalizatzea lortu du. Lehenago, bi aldeen artean bezero - hornitzaile harreman hutsa zen nagusi. Gaur egun harremana zabalagoa da. Sektore osoaren lehiakortasuna hobetzea guztion helburua da, eta horrek elkarlanerako eta arlo pribatuaren eta publikoaren arteko kooperaziorako bide berriak zabaldu ditu. Sortu ondorengo lehen hilabeteetan tresna egokia dela erakutsi du Eikenek. Lankidetza errazten ari da, diagnosi bateratua lortzen ari da, eta EITBk eta sektoreko enpresek planteatutako bidetik doan ekintza-plana landu du. Bide luzea daukagu aurretik, baina duela urte batzuk ez genituen oinarriak ezarri ditugu, eta eraginkorrak izaten ari dira; gainera, etorkizunera begira aukera handiak eskaintzen dituzte. |